Arratzuko hariztia

Mendi gailurrak utzi eta basoan ibiltzeko garaia da udazkena. Arratzuko hariztiak Erdi Aroko basoak nolakoak ziren erakutsiko digu, tamaina eta altuera handiko zuhaitzekin, eta oihanpe desberdin eta ugarirekin. Bizkai osoan harizti gutxi topa daitezke halako kontserbazio egoera onean.
Golako errekaren gaineko zubi zaharra, XVI. mendekoa.
Golako errekaren gaineko zubi zaharra, XVI. mendekoa. ASIER ARANZABAL

Asier Aranzabal -

2015eko azaroak 10

Udazkena heldu da. Egunak hotzagoak eta laburragoak dira. Hosto erorkorra duten zuhaitzak negurako prestatzen hasi dira. Argi gutxiago jasotzen dute, eta izerdia motelago darabilte barrenean. Ondorioz, klorofila berdea degradatzen ari da, eta haren ordez beste pigmentu batzuk nagusitzen: karotinak (laranja, horia, gorria), taninoak (marroiak), antozianinak (ubelak, gorrimina, urdina)... Basoa kolorez jantzi da. Horregatik, askorentzat urtarorik magikoena da udazkena. Mendi gailurrak alde batera utzi eta baso artean ibiltzeko garaia da.

Bizkaiko lurraldearen erdia baino gehiago basoz estalita dagoen arren, udazkeneko edertasun hori apaldu egiten dute urte osoan beren berde ilunari eusten dioten pinuek eta bestelako koniferoek; hain baitira ugari. Hortaz, magia hori sentitzeko aukerak gutxi dira. Adibidez, Arratzuko hariztian. Urdaibai Biosfera Erreserbak leku xarmagarri asko dituen arren, bere izarrak hondartzak, hegaztien behaketa eta Mundakako surfa izanik, Arratzuko hariztia oso gutxik ezagutzen dute. Gernikatik sei kilometrora baino ez dago, Golako errekaren sakan estu, heze eta itzaltsuan kokatuta. Harizti berezia da, gizakiak eskurik hartu ez duen baso eremua delako. Antza, XIX. mende bukaerako baso ustiapenaren politikan du jatorria: ontzigintzarako eta etxegintzarako egurra ustiatzen zen bertan, eta, horregatik, zuhaitzak luze hazten ziren; ez ziren mozkintzen, eta selektiboki ebakitzen ziren. Ondoren bertan behera uzteak hariztiaren bilakaera naturala ahalbidetu du. Gaur egun, baso eremu txiki honek, Erdi Aroko basoek bezala, zuhaitz luzeak ditu, eta oihanpe desberdin eta ugariak. Bizkai osoan harizti gutxi topa daitezke halako kontserbazio egoera onean.

Arratzuko etxe eta baserriak hainbat auzotan sakabanatuta daude: Gorozika, Barrutia, Uarka, Barroeta, Belendiz, Zubiate, Loiola eta Elexalde. Loiola auzoa igaro ondoren, errepidea zuzen doa bihurgune itxi bateraino. Ezkerraldean hilerria dago, eta eskuinaldean aparkatzeko eremuan (Bizkaibus A3523) hasten da ibilaldia. Elexalde auzoko etxeak ikusten dira, eta aurrerago 1530ean jasotako San Tomas eliza dago. Elizara heldu baino lehenago, Artzubi eta Zarra adieratzen duen zurezko seinale bati (PR-BI-167) jarraituko diogu, ezkerretara, Golakoren ibaiertzera jaisteko. Hasiera honek benetako lorategi botaniko batera garamatza. Hainbat zuhaixka mota ikus daitezke: intsusa, ereinotza, basoko erramua, zuhandorra, eta baita zuhaitzen batzuk ere: lizarra eta aihen zuria. Eta, noski, gerizpeko goroldio eta huntza. Ibaiertzeraino hurbildu eta XVI. mendeko zubi zahar eta bitxi honi so geratzea eta inguruko bizia jasotzea merezi du: errekatxoaren borbor leuna, txorien txorrotxio bizia eta basoaren gerizpea. Zorte apur batekin ur-zozoa eta martin arrantzalea hegalaldi bizian ikus daitezke.

Zubia zeharkatu gabe, berori eskuinetara utzi eta Golako ibaiaren ertzetik joanez gero haltzadia ikus daiteke, eta ibaiaren ezkerraldeko magalean Quercus robur espeziearen harizti mesofitikoa. Aldiz, zubia zeharkatuz gero, Ziortzako Andre Mariren Kolegiata Gernikarekin lotzen zuen Donejakueren kontrako bidean ibiliko gara. Pinu batzuen azpitik igaro ondoren, eta altuera azkar irabazitakoan, sakanaren magaleko harizti azidofolioaren gainetik goaz. Gaztainondoa ere bada hemen, eta, gainera, garai honetan haren fruitua jasotzeko aukera izango dugu; eta lurrera begira gaztaina bila gabiltzala galtzada zahar baten arrastoak ere ikus ditzakegu.

Ia konturatu gabe lehen bidegurutzera helduko gara. Ezkerrekoari eutsiko diogu Montolan dorretxeraino igo eta inguruko ikuspegiaz gozatzeko. XVI. mendean eraikitako oinplano pentagonala duen dorre sendoa ikusi ondoren, Donejakueren bidera bueltatuko gara, Zarra auzoko baserrietara. Errepidera heldu aurretik gezi gurutze batek Artzubira itzultzeko bidea markatzen du. Hasieran asfaltoa da, baina bidezidor estu eta polit bihurtzen da gero. Donejakue bidearekin bat egin aurretik, antzinako galtzadaren ebaki elkarzutak agerian jartzen du beronen benetako egitura. Artzubira jaitsi, Golako zeharkatu eta Elexaldera itzuliko gara etorritako bidetik. Ibilaldia luzatu nahi bada, San Tomas elizaren aurrean PR-BI-167 ibilbideari jarraituz Olazarra burdinolara jaits gaitezke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Jokalarietara egokitu behar dugu entrenatzaileok»

Aitor Manterola

Eman zezakeen autokritika, Realean jokalarietara ez egokitzea leporatu zitzaiolako. Alavesen ere entzun zituen. Garitanok dio, ordea, beti moldatzen dela talde bakoitzaren ezaugarrietara.
Danel Elezkano erremate bat egiten, atzoko partidan. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Esperientziaren balioa

Ainara Arratibel Gascon

Artolak 22-15 irabazi dio Peñari lau eta erdiko final-zortzirenetako lehian; Elezkanok, berriz, 22-13 hartu du mendean Zubizarreta

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.