Albistea entzun

Irugurutzetako labeak

Garai batean, meatzaritzak sakon aldatu zituen Aiako Harriaren inguruak, ugariak izan baitziren hango burdin, berun, zilar eta kobre meatzeak.
Irugurutzetako labeak. Han kiskaltzen zuten inguruetan ateratako burdin karbonatoa.
Irugurutzetako labeak. Han kiskaltzen zuten inguruetan ateratako burdin karbonatoa. MIKEL ARRIZABALAGA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Arrizabalaga -

2017ko azaroak 14

Aldiro, gure mendietako batera igotzen naizen bakoitzean, nire begiradak beti talka egiten du Aiako Harriaren silueta bereziarekin. Mendebaldeko isurialdeak erakusten duen granitozko harresiak helezin itxura agertzen du, eta ekialdeko magalak, aldiz, leunagoa. Altuera txikiko mendiz inguraturik dago, kostaldetik gertu, eta begiratoki paregabea da Atturriren bokaletik Matxitxakoraino marrazten den kosta zatiak eskaintzen duen ikuspegiaz liluratzeko, baita Xoldokogainatik Belagoa eta Zurizako mendietaraino luzatzen den Pirinioetako mendilerroa gure begiez irudikatzeko ere. Gaur, gailurretatik Bidasoa aldera irristatzen diren lurretan ibiliko gara, eta, horrela, haranaren sakonean dauden Irugurutzetako labeak ezagutzeko parada izango dugu.

Irungo Meaka auzoan emango diogu hasiera ibilaldi zirkular interesgarri honi. Aitzondoko ur jauziraino doan bide tartea kenduta, ibilbidea marra zuri eta berdez balizaturik dago (SL-Gi 1006). Autoa aparkatu, eta errekaren beste aldean hedatzen den bidegorritik —bizikleta eta oinezkoentzat soilik— erraz helduko gara Ola sagardotegiaren ondora. Sagardotegi hori 1999. urtean inauguratu zuten, baina zaharragoa da. XIII. mendean eraikitako burdinola izan zen, Arantzeteko burdinola, hain zuzen ere. Gaur egun, ederki kontserbatzen ditu hiru metroko zabalerako kareharrizko hormak.

Ola aurretik, eskuinalderantz joko dugu porlanezko bide zabalean zehar. Hasieran, suabe hasiko gara igotzen, baina laster Belbio baserrien ondora iristeko aldapa gogortu egingo zaigu. Azken aldapa pikoaren goiko aldera iristean, porlanezko pista utzi, eta ezkerretik ateratzen den lurrezko beste pistan murgilduko gara. Altuera zertxobait galdu eta gero, bidea leundu egingo zaigu. Aitzondoko ur jauzira heldu aurretik, bide balizatuak jaistera gonbidatuko gaitu, baina, ur jauzia bisitatu nahi izanez gero, aurrera segituko dugu. Bide zabala amaitzean, eroritako etxe baten aurrien ondotik pasa, eta errekan sartuko gara. Ikusgaitz den xenda batek ur jauziaren ondora eramango gaitu. Garaiaren arabera, ur emaria oso desberdina da.

Igotako bidetik atzera egin, eta balizatutako bidera itzuliko gara. Kablez egindako eskubandek altuera galtzen lagunduko digute, eta berehala jaitsiko gara errekastoaren gainetik pasatzen den zubira. Hurrengo kilometroa oso erosoa gertatuko zaigu: orbelak estaltzen duen xenda erosoak Irugurutzetako labeen ondora eramango gaitu. Azken malda pikoa jaitsi, eta labeen goiko aldean izango gara.

Barietate, mineral aberastasun eta harrobiko produktuen ugaritasunaren aldetik, leku gutxi lehia daitezke Bidasoko arroarekin. Garai batean meatzaritzak sakon aldatu zituen Aiako Harriaren inguruak, ugariak izan baitziren bertako burdin, berun, zilar eta kobre meatzeak. Bertan behera utzi zituztenetik, izadia nagusitu egin da berriro. Paisaia ziragarriak, non oraindik ere posible baita garai bateko meatzaritzak utzitako hondar eta aztarnak aurkitzea. Horren guztiaren adibide nagusietako bat Irugurutzetako labeak dauden ingurunea da. Meazuri, Meagorri, Aitzondo eta Basakaitzeko inguruetan ateratzen zen burdin karbonatoa Aitzondoko mehargunean dagoen Irugurutzetako labeetan kiskaltzen zuten. Labeetaraino, bagonetaz edo kableen bidez garraiatzen zuten minerala.

Paraje bitxi horri bizkar eman, eta Ola sagardotegiraino doan bidetik ia kilometro bat beteko dugu. Abiapuntura itzultzeko, bidegorrian sartu, eta Irugurutzeko errekaren paraleloan ibiliko gara, aparkalekura heltzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Hamar garaipenekin, urteak ez ziren onak»

Iñaki Berastegi

Hermansek bere biografia aurkeztu du Euskal Herrian. Orbearekin hasi zen profesionaletan, eta talde hura «familia» bat izan zela dio.
Zumaiako arraunlariak eta kideak, atzoko banderarekin. ©BERRIA

Zumaia ere azaldu da

Aitor Manterola Garate

ETE ligako bigarren estropadan irabazi du sasoiko lehen bandera, Donibane Lohizunen

Eraso, atzo, helmugan. ©FEC
Tolosa taldeko Kadete mailako aurrelari Jokin Tolosa, pilota astintzen, Gazteleku taldearen aurka. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Derbi baten traza izango du finalak

Jon Eskudero

Tolosak eta Lazkaoko LAPKEk jokatuko dute XVII. Berria Txapelketako finala, bihar, Hernaniko pilotalekuan, 17:00etatik aurrera

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...