Gemma Garcia Fabrega.
Kataluniako erreferenduma. ERREALITATEAREN ISPILUAK

Boterearen kontra irudimena

2017ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Atzera kontua.Bost egun geratzen dira erreferenduma egiteko. 120 ordu hauteslekuak ireki, hautetsontziak ipini eta botoek hitz egin dezaten. Lehenengoen zerrenda ezagutarazi dute, bigarrenak ez dituzte atzeman, eta hirugarrenak egun argiz banatzen hasiak dira.

Espainiako Gobernuak 1978tik estatuaren historiako istiluen aurkako hedatze handiena martxan duen arren, erreferenduma prestatzeko oinarrizko lehengaiak oraindik ere mahai gainean daude. Argitu beharreko kontua da zenbat agente falta diren iristeko, eta noiz eta zenbateko indarkeriarekin aterako diren kaitik eta kuarteletatik hautetsontziak konfiskatu, kaleak okupatu eta hauteslekuak zigilatzeko.

Ezjakintasun horren aurrean umorea sortzen da. Warner Brosseko marrazkia belakiekin tapatu dute trufa etengabeen ostean, baina Piolin askatzeko —#FreePiolin#— sareko mezu-jausiaren ostean berriz jarri dute denen begi bistan.

Beldurraren aurrean jaiotzen da irudimena. Demokraziarako Inprimatzaileak milioi bat boto txartel banatu ditu Bartzelonan. Lanbideko profesionalek dei egin diete kopia dendei debekuei muzin egin eta inpresio handiko armak kalera ateratzeko.

Ahotapoiaren aurrean, inteligentzia zibernetikoa azpilanean ari da. Zelaiari ateak jartzeko ahaleginaren aurrean, erreferendumeko webguneak bikoizteagatik gazteak epailearen aurrera eramaten dituzten bitartean, hacker batek sistemaren zirrikituetan sartu eta beste erreplika bat lortu du.

Zentsuraren aurrean irudimena lehertzen da. Hiriburuan udaltzaingoak afixak paratzen ari den neska bat identifikatzen duen bitartean, hainbat udalerritan zebrabideetako ertzetan izar bat margotzen dute, esteladak pintatuz —#pasdestelada— baiezkoaren aldeko kanpaina eginez.

Guardia zibilak udaletxeetan sartu dira, Monica Terribas kazetariari salaketa jarri diote indar militarrek, eta Artur Masi 5,2 milioiko fidantza eskatu dio Kontu Auzitegiak. Hala ere, urriaren 1erako 120 ordu geratzen direnean, umoreak, irudimenak, inteligentziak eta sormenak erreferenduma posible egiten jarraitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.