Gemma Garcia Fabrega.
Kataluniako erreferenduma. ERREALITATEAREN ISPILUAK

Fruituak jaso

2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Erreferenduma ez dela egingo errepikatzeaz ez da aspertu Espainiako Gobernua. Eta hori geldiarazteko asteak daramatza gogotsu lanean, horretarako balio lezakeen edozein objekturen ehizan. Hain arduratuta zeuden objektuekin, ahaztu egin baitira subjektuen inteligentziarekin eta duintasunarekin. Erreferenduma egiteko 24 ordu baino gutxiago falta direla, nabarmena da estatuak gutxietsi egin duela gizarte katalanaren antolakuntzarako eta mobilizaziorako gaitasuna. Egoera hau lortu du: azken bi asteetan boto intentzioa izugarri igo da, %63raino.

Dena dago prest-prest demokraziarekin bat egiteko: 2.315 eskola, 6.299 hauteskunde mahai, 7.235 boluntario, bozkalekuak eta 5.343.358 lagunen hautesle errolda, zeina handiagoa izan zitekeen nazionalitate espainiarra ez duten bizilagunek bozkatzeko aukera balute.

Beldurraren estrategian itsututa, begirada altxatu duenean, estatuak ez ditu ikusi tanke famatuak Bartzelonako Diagonaletik sartzen, baizik eta ehunka traktore, erreferendumaren atzerako kontuaren bidean. 2.000 ibilgailu baino gehiago ilaran, elkar hartuta, Katalunia osoan zehar.

Gobernuaren ordezkaritzatik gertu, Pep Riera nekazaritzako ekintzaile historikoak botopaper bat altxatu du, eta beste kide batzuk traktoreen sabaietara igo eta esteladak erakutsi dituzte, baita igitai bat ere, lurrarekin lan egiten dutenen sinboloa. Irudi zirraragarri hori ikusita, gogoratu dut nola duela hilabete inguru Rierak esan zidan nekazariek gizarte guztiarentzat ekoizten dituztela elikagaiak —guztiok egunero jaten baitugu—, eta, beraz, «guztien artean» erabaki beharko genukeela «demokratikoki, elikagaien kalitateari, dibertsitateari eta segurtasunari buruz». Behin eta berriz entzuten den esamolde bat da «guztien artean erabaki».

Etenaldirik gabe, 60.000 lagunek baino gehiagok erreleboa hartu zieten traktoreei, eta atzo arratsaldetik zabal-zabalik dauzkate biharko bozkalekuak. Amak, aitak, bizilagunak zein haurrak udazkeneko festa ari dira ospatzen, eta lurra lantzen, fruituak jasotzeko, 24 ordu baino lehenago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.