Gemma Garcia Fabrega.
Kataluniako erreferenduma. Analisia. ERREALITATEAREN ISPILUAK

Suak itzaltzea

2017ko irailaren 29a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeak ere eskatu dio Espainiako Estatuari errespeta ditzala oinarrizko eskubideak. Jokalekua gori-gori dago. Sutan. Erre egiten du. Eta orduan azaldu dira suhiltzaileak. Kataluniako Historia Museoaren teilatuan lerrokatu dira. Kasko horia dute buruan, uniforme gorria soinean, eta konpromisoa bozkatzeko eskubidearekin. Herrialde guztiko 400 suhiltzaile baino gehiago dira, desobedientzia baketsuaren alde. Pankarta erraldoi bat zabaldu dute: Love democracy irakur daiteke, alderik alde, airean geratu den oihaltzarrean.

Mobilizazioa DNA sekuentzia bat da egunotan: guztia txirikordatuta dago, eta partekatutako kodeak ditu. Zamaketariek, nekazariek, ikasleek eta suhiltzaileek bat egin dute unibertsitateek Errepublikaren alde antolatutako manifestazioarekin. Ikasleen olatuarekin bat egin dute, «suhiltzaileak beti izango dira zuenak» oihuka. Keinu eskuzabala da, eta herriarekin bat egoteko modua erakusten du.

Duela bi egun Bartzelonako suhiltzaileek beren burua eskaini zuten segurtasun lerroak diseinatzeko, erreferendumaren eguneko ekitaldiak baketsuak izan zitezen. Kolpeei aurre egiteko asmoz, zigorrak eta isunak aurreikusiz, erresistentzia kutxa bat ere zabaldu zuten.

Beti daude suak itzaltzeko prest. 2012an murrizketen kontrako pankartak zintzilikatu zituzten suhiltzaileen etxeetako aurrealdeetan, eta ibilgailuak ere margotu zituzten zerbitzu publikoen alde. Geroago, Galiziako suhiltzaileek egin zuten moduan, uko egin zioten etxe kaleratzeetan parte hartzeari. Euren buruari galdetu zioten nola suntsituko zituzten bizitzak, urteetan bizitzak salbatzen aritu eta gero. Pobrezia energetikoak eragindako kasuak antzemateko protokolo bat proposatu zuten, beranduegi izan baino lehen. Salatu zuten, mina zuten, suteetan pobreziaren biktimen gorpu gehiegi aurkitu zituztelako.

Beraz, suhiltzaileak ere egongo dira igandeko erreferendumean. Estatu piromano honek talde oso bat izango du aurrez aurre, haren suak itzaltzeko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.