Frantziako Tourra

Saganek ez du inor behar

Alboan taldekiderik izan ez arren, nagusitasun handiz gailendu da esprintean, eta bere ibilbideko hamabigarren etapa garaipena lortu du Tourrean. Sailkapen nagusian ez da egon aldaketarik

Saganek ez du inor behar.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Tradizio bilakatu da dagoeneko. Frantziako Tourrik ez Peter Saganen (Bora) etapa garaipenik gabe. Itzuliko animatzaile ofizialetako bat da, lehen asteetako arreta gune nagusietako bat, eta fidel zaio bere ohiturari. Tropelean oso gutxik duten adinako harrapakari sena du, eta eslovakiarrak honezkero ondo daki Tourreko garaipenek klasiko handietakoek adinako sona dutela. Urteko helburu handietako bat dira, eta hamabi lortu ditu bere ibilbidean. Are gehiago, bat lortu du gutxienez sei ekitaldi ezberdinetan. 2012az geroztik, eta bi urtetan izan ezik, urtero lortu du etapa garaipenen bat. Eta besoak altxa ez zituen bi aldietan, 2014an eta 2015ean, hurrenez hurren, launa aldiz izan zen bigarren helmugan.

Dozena osatzen duen garaipena atzo lortu zuen, Colmarren (Frantzia). Esprint bizi-bizi baten erdian kokatu, eta bakarka irabazi zuen. Bora-Hansrohe taldeko bigarren sailkatua Patrick Konrad izan zen, 27., eta hura esprint bideratzailea izatetik urrun dago. Baina Sagan ohituta dago horrelakoetara; gitarra bakarlari handien antzekoa da, ez du taldekiderik behar distira egiteko. Bakarkako jardun hori, halaber, bat dator haren nortasunarekin. Jakitun dago tropeleko izarretako bat dela, eta rol hori betetzen du. Helmuga pasatu ondoren, besoak elkartu, eta Hulk komiki pertsonaia imitatu zuen. Sobran zegoen.

Etapak bigarren eta hirugarren mailako malda batzuk zituen, eta ehiztarientzako egokia izan zitekeen. Eguneko ihesaldiak, baina, ez zuen arrakastarik izan, eta helmugatik hamabost kilometrora ehizatu zuten Tom Skujins (Trek), eguneko azken igoeran. Letoniarra izan zen gehien iraun zuena. Sunweb taldea jarri zen orduan buruan. Diziplina eta erritmo bizia ezarri zituen. Michael Matthwsengan fedea izan, eta esprinta nahi zuen. Matthews, baina, gero ez zen ondo aritu, zazpigarren izan zen helmugan.

Sunweben lanari Jumbok eman zion segida. Horien apustua Wout van Aert zen. Ondo mugitu zen gaztea, baina Saganek gaina hartu zion azken ahaleginean. Eta nola gainera. Haren atzeko gurpila Van Aerten aurrekoa baino lehenago sartu zen helmugan. Bakarrik agertu zen argazkian. Julian Alaphilippe (Deceuninck -Quick Step) liderra 11. izan zen. Ez zen aldaketa handirik egon sailkapen nagusian.

Lehen mendiko etapa

Frantziako Tourra Vosgeetara iritsi da, eta gaur jokatuko da lehen mendiko etapa. Aldapa gora hain goiz hastea ez da ohikoa, baina, hain ibilbide menditsua izanda, etapa gogorrak egutegian barreiatu behar dira. 157 kilometro egingo dituzte Mulhouse eta La Planche des Belles Filleseko mendatearen artean. Etapak lehen mailako lau mendate, bigarren mailako bat eta hirugarren mailako bi ditu.

Amaiera da bereziki gogorra, lehen mailako bi igoera baititu azken 30 kilometroetan: Col des Chevreres motz eta pikoa (3,5 kilometro eta %9,5 ), eta, nola ez, La Planche des Belles Filles. Zazpi kilometroko mendatea da, %8,7ko batez besteko pendiza duena. Igotzaile handiek irabazi dute beti han: 2012an, Chris Froomek; 2014an, Fabio Aruk; eta 2017an, Vincenzo Nibalik. Hirurek, dena den, alde txikiak atera zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.