Danele Sarriugarte.
HIRUDIA

Zertarako

2016ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Nire terapeutak sarritan esaten dit, gauzak zergatik egiten ditudan baino, zertarako egiten ote ditudan galdetu beharko niokeela nire buruari, egin ala ez erabakitzeko, nola egin jakiteko. (Ez, ez zabiltza oker, literaturari buruzko zutabe bat duzu hau oraindik ere, zaude). Bien arteko aldea ez da handiegia eta erantzun dakioke helburu batekin arrazoi-eskaera bati, izan daiteke erantzun bera bi galderen segida. Hala ere, kontua da zergatiak aiseago iratzartzen duela gure barneko handi-mandia, gure barneko harroxkoa, eta bizkor has gaitezkeela arrazoi kontundenteak haizatzen, zerrendan, norbaiti horiekin burua hausteko gai bagina bezala.

(Zergatia, gainera, erraz erantzutekoa da: begira nola dagoen mundua, begira nola dagoen herria, hamaika arrazoi badaude honezkero).

Eta demagun, adibidez, galdetzen dizutela zergatik idazten ote duzun, eta hortxe hasten zarela hitz eta pitz, zeure solasaren kadentzian hordituta, tar eta mar eta kar, harik eta haria apur bat galdu, zeure onera itzuli, eta galdera egin dizunari benetan begiratzen diozun arte berriro, bere so apur bat galduari: nola-demontre-transkribatu-eta-editatu-behar-dut-nik-hau-orain. Ezin ahaztu, bestalde, zergatiak gure barneko piztia defentsiboa esnatzen duela aurrena: eta zergatik ez? Zertarakoa, berriz, bada zerbait zehatzagoa, eskuan kabitzen zaizu seguru asko. Oteizaren sumin erromatarrari tiraka («Â¿dónde está el hombre?»), ondorioztatuko nuke, beraz, zergatiak baino, zertarakoak eman diezadakeela doiago neure andre eta, ondorioz, giza neurria.

Lehenago ere hausnartu dute hainbat autorek honen bueltan, neuri hemen interesatzen zaidan norabidean, gutxi gorabehera. Angelica Liddellek, adibidez, hauxe zioen antzerki-bakarrizketa batean: «Obra horiek guztiak gabe ere egin dezake munduak aurrera. Autore garrantzitsu baten lana irakur dezaket eta halere lagun hurkoa hil. Autore garrantzitsu baten lana irakur dezaket eta halere gose izan, nire nebaren besoari haginka egiteko bezain gose. Autore garrantzitsu baten lana irakur dezaket eta halere gizondu ez. Lan garrantzitsu bat idatz dezaket eta gizon bidegabea izan. Humanismoa zaborra da. Artea zaborra da. Pertsona baten ondorioak dira pertsona baten alderdirik garrantzitsuena. Zer ondorio dakarzkiote autore garrantzitsuek giza oinazeari?».

Hitzaldi batean, gero: «Munduak min egiten digu, ahultzen gaitu, eta pentsatzen dugu: zer da fikzioaren kaka hori?; dirurik ematen ez diodalako goizero iraintzen nauen gizon hori, gizon kirasdun hori, zikina, ia itsua, metroko gizon hori (…), hiltzen ari da eta neu nazkagarri sentitzen naiz dezentziaren espaloian aurrera noala: zergatik hautatu dut dezentziaren bidea? zertarako nahi dut ezer idatzi, gizon usain txarreko horrek ez badu sekula irakurriko?, zer arraio axola zaio zorigaiztoko horri hitza eta hitzaren azalpena eta hitza eta eszena eta eszenari buruzko eztabaida madarikatua?».

Eta Rafeef Ziadahk, Dublinen, iragan maiatzeko emanaldi batean: «Nire hitzak gai balira hau gelditzeko, Gazako haur guztien oinetan ipiniko nituzke». Gai balira. Ez baitira. Ez behintzat horrela, berehala, ondorioak igartzeko moduan. Ez behintzat erabaki politiko jakin batzuk adina.

Baina hau ez da lantu ezkor bat. Hau ez da azken batean hitza alferrikakoa dela esateko purrustada. Angelica Liddellen hitzaldia ez zen bi paragrafo gorago ipini dizuedan moduan ixten, aurrera jarraitzen zuen, eta autoreak aitortzen laster asko idazten zuela berriro, egunero idatzi ere, trakets aritu arren, erdipurdiko, eta hitzaren mina pairatu. Ziadah ere nekaezin dabil oholtzaz oholtza zabaltzen Gazako oinazearen berri.

Galdera (gakoa) ez litzateke, beraz, idatzi ala ez; ez behintzat niretzat. Nik nahi nuke topatu zertarako idatzi bat, izan daitekeena, era berean, nondik idatzi bat, eta, akaso, ez topatu erantzun firmerik, eta galderekin bueltaka ibili eta nahas-masa eta hauskortasuna onartu. Liddelli tiraka: «Ez daukat erantzun bakar bat ere. Sistema intelektualak berehalako erantzunak eskatzen ditu. Baina nik uste dut ez garela erantzunen esparruan jardun behar, baizik eta nahasmenduaren esparrua». Ez ote nauen bide deseroso, emankor eta ederragoetan barrena eramango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.