Katalunia. Inbestidurarako negozioazioak

ERC: «Gobernu planik gabe presidente bat edukitzeak ez du ezertarako balio»

Sergi Sabria errepublikanoen bozeramaileak «inteligentzia kolektiboa» erakusteko eskatu die bere alderdiari eta JxCri. Mendez de Vigok esan du «behar beste» luzatuko dutela 155.a
Raul Romeva ERCko diputatua eta Eduard Pujol eta Gemma Geis JxCkoak, pasa den urtarrilaren 25ean parlamentuan egindako bilera batean.
Raul Romeva ERCko diputatua eta Eduard Pujol eta Gemma Geis JxCkoak, pasa den urtarrilaren 25ean parlamentuan egindako bilera batean. ANDREU DALMAU / EFE

Igor Susaeta

2018ko otsailak 13
JxC Junts Per Catalunyako diputatuek pasa den astean iragarri zuten «berehala» emango zutela akordioaren berri. ERCkoek, ordea, pentsatzen dute negoziazioek luze joko dutela, eta «zorroztasuna» eskatu diete JxCkoei. Asteburuan ez zen bi aldeen arteko elkarrizketa formalik egon Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente inbestitzeko moduaz eta gobernu planaz, baina atzo negoziatzen hasi ziren atzera. Baikorrak dira bi indar subiranista nagusiak. Publikoki, behintzat, bat datoz Puigdemonten hautagaitza babestu eta legitimatzean, baina ERC inbestiduratik harago joatea eskatzen ari da. «Gobernu planik gabe presidente bat edukitzeak ez du ezertarako balio», nabarmendu zuen atzo Sergi Sabria ERCko bozeramaileak. Horrenbestez, «akordio bateratu bat» lortzeko ahaleginean «inteligentzia kolektiboa» erakusteko eskatu die bere alderdiari eta JxCri.

Espainiako Estatua nola jokatzen ari den ikusita, ERCk pentsatzen du Puigdemontek ezin duela modu eraginkorrean Kataluniako presidente izan, bestela Madrilek ez baitu baliogabetuko konstituzioaren 155. artikulua, Katalunian ezarritakoa. Eta presidentzarako hautagai bakarraren legitimitatea zalantzan jarri gabe, Oriol Junqueras ERCren diputatuak horren alde egin zuen atzo, Espainiako telebista kate bati Estremerako kartzelatik (Espainia) eskutitzez erantzundako elkarrizketan batean: «Agerikoa da estatuak inoiz ez duela eraginkorra izatea baimenduko». Puigdemontek Bruselatik gobernatzeaz ari zen Junqueras.

JxCk publikoki adierazten duena, aldiz, kontrakoa da, eta Josep Rull parlamentariak atzo azpimarratu zuen lanean ari direla Puigdemont presidente «eraginkor eta legitimo bat» izateko. «Uste dugu oreka bat lor daitekeela, hautetsontzien agindu demokratikoa eta behingoz 155a kentzea ahalbidetzeko». Gogoratu zuen, bide batez, baztertu egiten dutela presidentetza «sinbolikoa».

Eta Espainiako Gobernuak berean darrai, Puigdemont inbestitzeko molde oro oztopatzeko ahaleginean. Atzo, Iñigo Mendez de Vigo bozeramaileak esan zuen Madrilek ez duela «inondik ere» inbestidura sinboliko bat baimenduko. Pasa den astean filtratu zenaren arabera, AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak 2016aren amaieran sorturiko hautetsien batzarra baliatu nahiko lukete Puigdemont Bruselan inbestitzeko. Data bat ere argitaratu zuten: datorren igandea, hilaren 18a. Baina oraingoz ez dute halakorik baieztatu.

Dena den, presidenteak erbestetik ahalmen exekutiboa edukitzeko xedearekin, JxC beste bide batzuen bila ari da: esaterako, Kataluniako Parlamentuko Presidentetza Legea aldatzeko proposamen bat erregistratu zuen lehengo ostiralean, Puigdemonten inbestidura erbestetik bideratzeko. ERCk ez du proposamen horrekin bat egiten, eta, hortaz, ez du babestu, iruditzen baitzaio ekinbide horrek prozesu subiranistaren harira auzipetuta daudenen egoera okertuko lukeela, eta inputatu gehiago eragingo lituzkeela, Madrilek helegitea jarriko bailioke.

Atzo, ekinbide horri buruz galdetu zioten hain zuzen Sabriari, baina ez zuen iruzkinik egin nahi izan. Bestetik, Mendez de Vigok adierazi zuen «hutsegitea» litzatekeela Presidentetza Legea aldatzea, «ilegala delako». Ohartarazi zuen, beraz, «behar beste» luzatuko dutela 155.aren ezarpena.

Puigdemont presidente izan ala ez, ERCk 155.a bertan behera uzteko «akordio global bat» defendatzen du, eta, Sabriak atzo esan zuenez, bertan lau puntu «ezinbesteko» bildu behar dituzte: Puigdemonti legitimitatea aitortzea, Katalunian gobernu eraginkor bat edukitzea, legegintzaldirako plan bat osatzea eta gobernu akordio bat adostea.

Etenda dagoenez Generalitateko presidentearen inbestidurarako bi hilabeteko atzerako kontaketa, ERCk eta JxCk ez dute presa handirik akordioa lortzeko. Gainera, zenbait komunikabidek bi indarretako iturriak aipatuz kaleratuakoa aintzat hartuta, ikusi nahi dute zer gertatzen den Kataluniako prozesu subiranistaren harira irekitako prozesuan Pablo Llarena Espainiko Auzitegi Goreneko epailearen aurrean deklaratzekoak direnekin. Izan ere, bihartik hilaren 21a bitartean deklaratzekoak dira Mireia Boya eta Anna Gabriel CUPeko parlamentari ohiak, Marta Rovira ERCko idazkari nagusia, Marta Pascal PDeCATeko koordinatzailea eta Artus Mas PDeCATeko presidente ohia.

Euroagindua berriro

Bien bitartean, «erantzukizunez» jokatzeko eskatu die ANC Biltzar Nazional Katalanak JxCri eta ERCri. Idazkaritza nazionalaren batzarra egin zuten larunbatean, eta herenegun komunikatu bat kaleratu zuten. Besteak beste, ondokoa dio: «Guztiz kontra daukagun estatu demofobikoaren kontra, batzuk zein besteok erakutsi behar dugu prest gaudela erantzukizunak eta ondorio penalak onartzeko». Ekintzarik eza salatu du, eta iragarri «mobilizazioak» egingo dituztela «ekintza ausartak» babesteko. «Inbestidurarako akordiorik lortu ezean, mobilizazioetara deituko dugu, bozkatu dugun presidentearen inbestidura eskatu eta errepublikaren alde egiteko».

Catalunya en Comurentzat, bestetik, «premiazkoa» da gobernua osatzea, eta Elisenda Alamany bozeramaileak ERCri eta JxCri zera leporatu die: herrialdea «airean» daukan «anaien arteko gerra» bat izatea.

Bestalde, La Vanguardia Kataluniako egunkariak atzo kaleratu zuenez, Llarenak Puigdemonten kontrako euroagindua aktibatuko du berriro —Auzitegi Nazionalaren aginduz ia hilabetez indarrean egon eta gero, abenduaren 5ean utzi zuen bertan behera—. Martxoan amaituko da matxinada leporatuta auzipetuta daudenei buruzko ikerketa, eta horren ondoren aktibatuko luke neurria. Bitartean, Joaquim Fornek Llarenari eskatu dio Mossoen burua deklaratzera dei dezala, U-1eko operazioa azaltzeko.

Katalunian, parlamentuko abokatuek helegitea jarri zieten atzo Auzitegi Konstituzionalak Puigdemonten hautagaitzaren kontra hartutako kautelazko neurriei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna