Urte berria. Prezio berriak

Prezioak gora, gurpil gainean

Trenez, autobusez nahiz autoz bidaiatzea garestiagoa izango da urtarrilaren 1etik; tren zerbitzua %3 igoko da HegoaldeanArgindarra kontsumitzeagatik ere gehiago pagatu beharko da; gutxienez, %3

Renfek %3 garestituko du zerbitzua batez beste. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
2012ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Urte berriak, prezio berriak. Eta normalean izan ohi den bezala, ez merkeagoak. Kasu batzuetan igoerak txikiak diren arren, aintzat hartzekoa da jada prezioek BEZaren igoeraren karga daramatela irailetik. Urte arteko inflazioa %2,8koa zen azaroan Hegoaldean, eta, soldatei dagokienez, bost langiletik batek mila eurotik behera du oraindik, ia krisia hasi zenean bezala.

1. Argindarra

Aurten bai. Iaz ez bezala, aurten argindarra igo egingo da urteko lehen egunean. Tarifa arautua duten hego euskal herritarrentzat %3 garestituko da, hau da, hamar familiatik zortzirentzat. Gainera, 2013an faktura are garestiagoa izateko bidea ireki du Espainiak: argindarra neurrigabe kontsumitzen duenari gehiago ordainaraziko dio.

Ipar Euskal Herriko erabiltzaileek ere gehiago pagatu beharko dute, %2,5 igoko baita prezioa urtarrilaren 1ean.

2. Gasa

Hego Euskal Herriko erabiltzaileentzat oraingoz ez dago iragarritako igoerarik; uztailean %2,26 igo zen prezioa. PGL petrolio-gas likidotuaren prezioa ere ez da igoko. Ipar Euskal Herrian gasaren tarifa %2,4 garestiagoa izango da urtarrilaren 1etik aurrera, hau da, hiruhileko bakoitzeko zazpi euro gehiago ordaindu beharko dituzte gas berogailua erabiltzen dutenek. Lau kideko familia baten faktura urtean batez beste 1.100 eurokoa da.

3. Butanoa

Butano bonbonaren salneurria ez da 2013arekin igoko Hego Euskal Herriko erabiltzaileentzat. Espainiako Gobernuak prezioa bere horretan uztea erabaki du, eta, beraz, uztailean izandako igoeraren ondotik geratu ziren prezioak mantenduko dira: 12,5 kilogramo pisatzen duen bonbona batek 16,45 euro balio du orain—uztaileko igoeraren aurretik 15,53 euro balio zuen—.

4. Garraio publikoa

Espero baino gutxiago igoko dira azkenean Renfe tren zerbitzuaren prezioak. %6ko igoera iragarri zuten arren, urtarrilean %3 igoko dituzte aldirietako eta eskualde arteko trenen salneurriak. Horrez gain, gehien bidaiatzen dutenei %20 inguruko deskontua egingo diete. Aldirietako txartel sinpleenak, eremu bakar bateko joaneko bidaiak, 1,55 zentimo balio du Gipuzkoan; 1,65 zentimo Bizkaian. Txartel horiek bost zentimo inguru garestituko dira. Renfek dagoeneko maiatzean aldirietako trenen txartelak hamabost zentimo igo zituen batez beste. Konpainiak galerekin jarraitzen du: 2011n, 330 milioi euro galdu zituen, eta, aurten, 17 milioi euroren galerak izango ditu.

Euskotren zerbitzua erabiltzeak prezio bakarra izango du Donostia aldean, txartel bakarraren ezarpenari esker. Lasarte-Oria eta Oiartzun arteko ibilbideetan 1,60 euro pagatuko da. Hori, baina, martxoan jarriko da erabat martxan.

Hego Euskal Herriko hiriburuetan ibiltzea garestiagoa izango da. Donostian, DBus autobusetan txartel arruntaren prezioa bost zentimo igoko da (1,55 eurora), eta, Lurraldebus txartelarekin pagatuz gero, bi zentimo garestiagoa izango da eguneko zerbitzuan (0,80 euro). Hileko bonua 38 eurotik 40 eurora igoko dute. Igeldo mendiko funikularrean igo edo jaisteak duela urtebete baino hamar zentimo gehiago balioko du (1,65 euro), eta joan-etorriak, hogei zentimo gehiago (3 euro).

Iruñean, Villavesa autobusa hartzea ere garestiagoa izango da urte berriarekin: %5,8, hain justu. Zerbitzu jakin batzuk erabiltzeagatik ordaindu beharko dute gehien: 2,40 euroko osagarria pagatuko dute aireportura joan edo bertatik itzultzen direnek. Gasteizen, Tuvisa garraio enpresak irailean zehaztu ziren salneurri berak mantenduko ditu printzipioz. Txartel arruntak 1,10 euro balioko du, eta hilabeteko txartelak, 29 euro.

Bizkaibusek jakinarazi du urte hasierarekin ez dituela tarifak aldatuko; Bilbobusen, berriz, %2,4 garestituko da tarifa: txartel arrunt batek 1,25 euroko prezioa izango du —2012an, 1,22 euro—, eta Creditrans txartelarekin ordaintzeak, 62 zentimokoa— 2012an baino bi zentimo garestiago—. Bilboko Metroak oraindik ez du argitu urte berrian tarifak aldatuko ote dituen; irailean batez beste %1,85 garestitu zituen, BEZaren ondorioz.

Iparraldean abiadura handiko low cost tren zerbitzua izango dutela iragarri du SNCF konpainiak —25 euro—.

5. Taxia

Bilboko taxi gidariek %2,5 igoko dituzte tarifak. Iazko urtarriletik gutxieneko bidaia 3,85 eurotik 4 eurora pasako da astegunetan; asteburu eta jaiegunetan, berriz, 4,95 euro ordaindu beharko da bi kilometrora arteko bidaiak egiteagatik. Donostian ere garestitu egingo dira taxiak. %2,7 igo dute, eta, horri BEZaren igoera gehituta, igoera %4,6koa izatera iritsiko dela kalkulatu dute. Horrela, gutxieneko bidaia 5,09 eurotik 5,33 eurora pasako da astegunetan, 5,91 eurotik 6,18 eurora asteburu eta jaiegunetan, eta 5,92 eurotik 6,20ra ostiral gauetan eta jaiegun bezperetan. Gasteizen, gutxienez 4 euro ordaindu beharko da astegunetan, eta bost euro asteburu eta jaiegunetan. Iruindarrek %5,7 gehiago pagatuko dute.

6. TAO

Doako lehenengo hamabost minutuen formula erabiliko dute 2013an Bilbon —Gasteizen ere hala izaten da—. Hortik aurrerako TAO gunea %5,1 garestituko da: ordubetez aparkatzeagatik 1,20 euro pagatu beharko da. Bilbon, gainera, autoa erretiratzeko garabiaren prezioa nabarmen garestituko da (%10). Donostiarrentzat soilik 1 tarifa duten gune berezietan igoko da TAO (%2,7). Zirkulazio zerga ere %2,7 igoko da.

Gasteizen zehazteko daude oraindik hurrengo urteko tasa guztiak, udalak ezin izan baitu lortu proposamenak aurrera ateratzeko babesa. 2013a hastearekin zerga guztiak izoztuta geratuko dira —zirkulazioarena barne—, eta Javier Maroto alkatearen asmoa da oposizioarekin tasen eta 2013ko aurrekontuaren gainean negoziatzea. Iruñean aparkaleku publikoetan autoa uztea ere garestiagoa izango da 2013an. %3,5 igoko dira prezioak hiriko zortzi aparkalekutan.

7. Autobideak

Autobideetan egongo da aldaketarik. Bilbo eta Donostia arteko ibilbidea 26 zentimo garestituko da: 9,39 euro. Supersur errepidearen prezioa 1,13 eurora igoko da. A-68 errepidea erabiltzea ere %2,4 garestiagoa izango da. Ohiko erabiltzaileek sistema berri batekin hasiko dute urtea. Gehienez 25 euro ordaintzeko sistema martxan da A-8 eta AP-1 errepideetarako, T Bidea sistema erabiliz.

8. Zaborra

Zaborra biltzeko zerbitzua Iruñean %3 igoko da; bilbotarrek, berriz, %2,5 garestiago izango dute zerbitzua. Donostian, zerbitzuagatiko tasa izoztu egin dute, salbuespen batekin: enpresen artean zabor asko sortzen dutenei faktura %3,7 garestituko zaie. Bildu tasa %2,7 igotzearen alde agertu da guztientzat, baina oposizioak ez du babestu proposamena. Gasteizen berrikuntza bat ekarriko du urte berriak: hutsik dauden etxebizitzek ez dute 2013an tasa ordaindu beharko. Gainerakoei tasa KPIaren arabera igotzea da asmoa.

8. Ura

Bilbon ur horniduragatiko batez besteko faktura hileko 86 zentimo garestituko da, Ur Partzuergoak onartutakoaren arabera. Kontsumitzaileen %60entzat, ordea, hilean 48 zentimoko igoera ekarriko du. Iruñean %3 garestituko da; Donostian, berriz, %2,7.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.