Lehorteak

Azken hamarkadetan euri gutxien egin duen uztaila izan da aurtengoa

Araban, 2000. urtetik euri gutxien egin duen urtea izan da. Urte horretatik izan diren tenperaturarik altuenak ere erregistratu dituzte

Euri faltak mendiko larreak lehortu ditu Araban. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Uztaila «azken 50 urteetako beroena eta lehorrena» izan da, Euskalmetek azken astean aditzera eman duenez. Izan ere, ekainean, prezipitazio gutxi izan da, eta uztaileko bero boladek nabarmen igo dituzte batez beste hilabete horretan erregistratu ohi diren tenperaturak. Euskal Herrikoa ez da salbuespena; Europako Batasunean bertan, lurraldearen %42 lehorte arriskuan dago, Europako Batzordeak kaleratu duen txosten baten arabera. Europako eremuaren %46 abisu egoeran dago, eta %11 alerta egoeran.

Ikusi gehiago: «Gertatzen ari dena ez da batere normala»

Leku askotan ur mozketak eta bestelako neurriak ezartzen hasi dira, eta Euskal Herrira ere iritsi dira neurriok. Hain zuzen, asteazkenean Jaurlaritzak aurkeztu zuen Lehorteen Plan Berezia ez da orain arte sortu beharrik izan, horren mehatxua ez zelako hain larria, baina espero izatekoa da hurrengo urteetan geroz eta beharrezkoagoak izango direla halako protokoloak. Izan ere, Munduko Meteorologia Erakundeak uztailaren 19an nabarmendu zuen bero boladak ohikoak izango direla gutxienez datozen 40 urteetan, «klima krisiaren aurkako neurriek arrakasta izan ala ez».

Hego Euskal Herrian nabarmena da azken urteetan prezipitazioak jaitsi egin direla uda partean, eta, era berean, igo egin direla tenperaturak. Euriari dagokionez, esaterako, 2000. urtetik euri gutxien egun duen uda izan da aurtengoa, Gasteiz ondoan dagoen Forondako neurgailu meteorologikoak ekainean eta uztailean bildutako datuen arabera. Izan ere, orain arte 2005ekoak ziren daturik apalenak; orduko hartan 26,7 litro euri neurtu zituzten bi hilabeteak batuta, eta urte horretara arte, euri gutxi eginda ere, 40 litro baino gehiagoko neurketak egin ohi zituzten. Aurtengoak, berriz, 2005. urteko marka ere hautsi du: 18,2 litro baino ez ditu bota.

Bilbo inguruan, Loiuko aireportuko neurgailuan, lehorteak izan diren urteetan, 20 litro baino gehiago neurtu ohi zituzten uztailean. 2005. urtean, 26,4 litro bildu zituzten, eta aurten, berriz, 5,9. Donosti inguruan, aldiz, 28, 7 litro neurtu ditu Igeldoko neurgailuak hilabete horretan; orain arteko kopuru baxuena, ohiko kopurua 40 litro inguruan ibili baita urte lehorrenetan ere.

Iruñean, berriz, ekaina izan da azken bi hamarkadetako lehorrenetako bat, Noaingo neurgailuaren arabera; zazpi litro soilik neurtu dituzte. Uztailean ere euri gutxi egin du —16,8 litro— eta, beraz, bi hilabete horietan bota duen kopurua batuta, 24,8 litro bota ditu bi hilabeteetan, azken bi hamarkadetan neurtu den kopururik txikienetarikoa. Izan ere, euria zortzi egunetan bakarrik egin du bi hilabete horietan, 2000tik neurtu den daturik txikiena. Horrez gain, urtarriletik uztailerako datuak hartuta, Iruñean euri gutxien egin duen urtea izan da aurtengoa; urte osoan 51 egunetan egin du euria, 2005ean —azken bi hamarkadetan izan den urterik lehorrenetarikoa— baino egun bat gehiago bakarrik.

Ikusi gehiago:Beroaldiak Europaren zainak odolustu ditu

Tenperaturei dagokienez, Forondako neurgailuak aurtengo uztailean erregistratu du 2000. urtetik honako tenperatura maximoen batezbestekorik altuena: 29,3 gradu. 2013. urtean ere antzeko gehiegizko tenperatura atzeman zuten: 29,2 gradu. Azkeneko hamarkadan uztailetan tenperatura altuagoak neurtzen ari dira: 2013tik aurrera batez besteko altuenak erregistratu ditu Forondak. Noaingo neurgailuak ere maximoen batezbesteko altuenak atzeman ditu aurtengo uztailean—32,9 gradu— eta baita, oro har, tenperaturaren batezbesteko altuenak ere (4,2 gradu); Gasteizen bezala, azken urteetan goranzko joera ikusten da tenperaturetan.

Loiuko estazioan ere datuak antzekoak dira. Hor ere tenperaturarik altuena atzeman da uztail honetan: 28,6. Igeldon, berriz, 24,2 gradu izan da batez besteko gehienezko tenperatura; datu hori gainditu zuen termometroak 2006an: 24,6 gradu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.