Txirrindularitza

Paradisuan bada sufrimendurik

Euskaltel-Euskadi eta Laboral Kutxa taldeek denboraldiaurreko egonaldia egin berri dute Altean. Jorge Azanza eta Ion Lazkano —talde horietako zuzendariak, hurrenez hurren— «gustura» daude txirrindulariek egin duten lanarekin. Entrenatzen ari zirenei taldeko autoan jarraitu die BERRIAk.

Laboral Kutxa eta Euskatel-Euskadi taldeetako txirrindulariak, ahalegin betean, Altean egindako denboraldiaurreko egonaldian. ETXEONDO.
Iñaki Berastegi.
Altea
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun

Txirrindulariarentzat Altea (Herrialde Katalanak) eta inguruak paradisua dira. Eguraldi aproposa dute, entrenatzeko ibilbideak paregabeak dira, eta azpiegiturak euren beharretara erabat egokituta dauzkate. Horregatik ari dira horrenbeste ziklista denboraldi hasiera han prestatzen. Txirrindulariz eta talde profesionalez josita daude errepideak. Minutu eskas batzuk baino ez dira behar dozena erditik gora elastiko ezberdin ikusteko.

Koloreen pantone horretan Euskadi fundazioko laranja eta arrosa ere ageri dira. Alteako Cap Negret hotelean baitaude Euskaltel-Euskadi eta Laboral Kutxa taldeak, denboraldiaurreko egonaldia egiten. Astelehenean iritsi ziren Jorge Azanzaren txirrindulariak, eta ostegunetik igandera ostatu hartuko dute Ion Lazkanorenak. Ostiral arratsaldea da, eta nabari da exijentzia handiko egunak izan direla aurrekoak. Hoteleko egongelan eserita daude bi taldeetako hainbat txirrindulari, eta haien gorputz hizkuntzak ez du gezurrik esaten: nekea igartzen zaie aurpegian zein esertzeko moduan. Paradisuan daude, baina sufrimendurik ez da falta. Eta hala behar du, emaitzak lortu nahi badira.

Ikusi gehiago: Unai Iribar: «Sasoiko banago, lasterketaren batean lehiatzeko esperantza dut»

Hoteleko aparkalekuan eman dituzte bi taldeetako zuzendariek larunbat goizeko entrenamendu aurreko lehen aginduak. Hiru multzotan banatu dituzte bi taldeak: gizonezkoak, bi multzotan, eta emakumezkoak, bakarrean. Goizeko hamarretan puntuan abiatu dira ziklista guztiak, eta La Nuciarainoko tartea batera egin dute. Hemeretzi ziklista dauzka bere aginduetara Azanzak, eta hamar, berriz, Lazkanok. Txomin Juaristi, Yurani Blanco, Amaia Lartitegi eta Elena Cuenca falta dira.

David Etxabarri taldeko zuzendarietako baten eta Xabi Goikoetxea mekanikoaren autoan jarraitu die BERRIAk entrenatzen ari zirenei. La Nucian barrena, Etxabarrik lehenengo aldiz erabili du irratia: «Kontuz. Hurrengo bidegurutzean Mate, Aristi, Asier Etxeberria, Gotzon, Iturria, Canal, Isasa, Bou eta Lobato, ezkerretara».

Erritmo bizian

Finestraterako noranzkoan doa multzoa. Lehen aldapak agertzearekin batera, Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek erritmoa nabarmen bizitu dute. Irratitik ez du inork ezer esaten. Irratia ondo ote doa? Zalantza hori sortu zaio Etxabarriri. Egiaztatu du: «Entzuten nauzue?». «Bai, bai», erantzun dute txirrindulariek. «Ez duzuenez ezer esaten...», gehitu du zuzendariak. Abiada horretan ez dago hitz egiteko gogorik. Laboral-Kutxak bere bidea hartu du.

Tudons mendatea izango da entrenamenduko aurreneko zailtasuna. «Herria igarotakoan, mendate gaineraino erreleboka joan behar duzue. Eta intentsitatearekin», agindu die Etxabarrik. Mendate gainerako 11 kilometro falta direnean ekin diote erreleboei. Gainetik zazpi kilometrora Mikel Aristik ezin izan dio taldekideen erritmoari eutsi, baina autoaren atzetik beste hiru kilometro egin ditu. Juanjo Lobato ere larri da. «Azkar igotzen ari dira», ohartarazi du zuzendariak. Asier Etxeberria izan da atzean geratzen hurrena, gainerako bost kilometro falta direla. «Giharretatik asko sufritzen ari naiz», esan die nafarrak autoan doazenei. «Lasai, segi goraino», erantzun diote barrutik. «Lobatori ere gutxi falta zaio», erantsi dute.

Ikusi gehiago: Olatz Gabilondo: «UCI mailako lasterketa bat korritzea gustatuko litzaidake»

Igoerako azken kilometroan autoak taldetxoa aurreratu du, eta mendate gainean zain geratu da. Mendatea «luzea eta gogorra» dela jakinda, erritmo «bizian» igo dutela nabarmendu du Etxabarrik.

Iritsi dira lehenbiziko txirrindulariak. Zazpi graduko tenperatura dago, eta arropa jantzi nahi dute beheraka abiatu aurretik. «Zenbateko abiaduran igo zarete», galdetu du zuzendariak. «Motel igo garela iruditu zaizu? Berehala jarriko zaitugu bizikleta gainean David», erantzun dio, txantxetan, Mikel Iturriak. Garmin erlojuari begiratu dio urnietarrak. «Batez besteko abiadura, 26 kilometro orduko, eta gehienezko abiadura, 53 kilometro orduko». Aristi, Etxeberria eta Lobato ere heldu dira. «Gaur ez nago sasoi onean», jakitera eman du Lobatok. Peña Aguilara jaitsi da ondoren multzoa, eta Tudons mendatea beste aldetik igo dute, serieak eginez. Aristik koronabirusa izan berri du, eta ez dago nahiko lukeen sasoian. Halere, umorez mintzatu da. «Hotzik, behintzat, ez dut. Auto baten estalkia zabaldu, eta kea ateratzen denean bezala nago. COVID-19-a izango da, aurrez oso sasoi onean nengoelako».

Rates mendatera bidean da orain taldea. Bertan egingo dute entrenamenduko zatirik garrantzitsuena: neke eta laktato proba. Lobatok testa ez egitea erabaki du taldeak. «Buruko mina daukat. Agian, COVID-19 test bat egingo dut hotelean», esan du. La Nuciatik itzulitakoan hartu du hotelerako bidea. Kilometro batzuk aurrerago, giharretako minez, erabaki berbera hartu du Aristik. Beste multzoan aritu den Xabier Mikel Azparrenek ere ezin izan du lan saioa osatu.

Iritsi dira mendate hasierara. Banan-banan eta minutuko tartearekin igoko dira txirrindulariak. «Mate, Iturria eta Gotzon, zuek aurrenak», esan du Etxabarrik. Gotzon Martinek Spotifyn musika jarri du igoera egiteko. Ia berandu abiatu da horregatik, baina ez da batere urduritu. «Asier, Canal, Bou eta Isasa, zuek ondoren». Mendateko azken zatian Azanza eta Jesus Ezkurdia, taldeko managerra ari dira proba egiten. Jasotako emaitzekin pozik daude biak. «Oso test garrantzitsua da, lasterketa baten simulazio antzeko bat delako», esan du Ezkurdiak. Amaitutakoan, hotelerako bidea hartu dute.

Bost ordu eta hamabost minutuko entrenamenduan 143 kilometro egin dituzte. Lan saioaren batez besteko abiadura, berriz, 28 kilometro orduko izan da.

Kalitatezko egunak

Bazkalostean, hoteleko egongela nagusian berriketan ari dira zuzendariak. «Kalitatezko beste entrenamendu bat izan da. Hiru entrenamendu indartsu egiteko aukera izango dugu Altean. Hilabete barru denboraldia hasiko da, eta prest egon behar dugu», esan du Lazkanok. Maiatzean dituen proba garrantzitsuetara begira ari da taldea, uda ahaztu gabe. Talde gaztea du esku artean, eta ziklistak «ilusioz gainezka» daudela azpimarratu du. Talde erdia berria da. «UCI mailako lasterketetan esperientzia duten Ariana [Gilabert], Yurani [Blanco] eta Amaia [Lartitegi] ekarri ditugu, eta, beste hirurak gazteak diren arren, hasi dira gauza politak erakusten».

Lazkanoren alboan eseri da Azanza. «Gaur ikusi dugu egun hauetan sartutako lan kargak nola eragin dien txirrindulariei. Urtarrilean gaudela jakinda, neke probako emaitza onak dira. Gustura nago, hainbat txirrindulari dagoeneko lehiatzeko prest daudela ikusi baitut». Gazteen mailarekin «harritu» dago. «Gazte hauek etorkizun handia dute, eta gertutik zaindu behar ditugu», azpimarratu du.

Igande goizeko entrenamendua egin ondoren hartu dute etxerako bidea Euskadi fundazioko bi taldeek. Esperientzia polita izan da guztientzat, bereziki taldeko kide berri eta gazteenentzat. Baina sufritu ere sufritu dute, entrenamenduak kalitatezkoak eta gogorrak izan direlako. Emaitzak lortzeko lan handia egin behar baita. Sufrimendurik gabe ez dago paradisurik. Baina Dusko Ivanovic saskibaloi entrenatzaile ezagunak esan zuen bezala, sufrimenduarekin ere goza daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.