Eusko Label liga

Dona dona katona...

Santurtzik irabazi du Bermeon, eta puntu bat gehiago sartu dio Hondarribiari Eusko Label ligako gaurko azken estropadaren atarian. Hiru dauzka alde orain

Asier Zurinaga Santurtziko patroia, ikurriña astintzen, atzo, Bermeon M.R / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Sutondoan ez, mahai baten jiran. Eta amona izan ordez, epaileak. Parean, Santurtziko eta Hondarribiako ordezkariak, kezka betean. Begiak gaurko estropadako kale zozketan jarriak. Dona dona katona... Sutondoan erre daiteke bi talde horietako bat trainerua uretara bota aurretik. Edo ez. Edo bat kiskali eta bestea erre. Edo bat erre, eta besteak deabruaren irribarre maltzurra egin, zortea alde izan duelako. Portugaleteko zirkua goizean hasiko da, kale zozketarekin, eta baliteke estropada jokatu aurretik erabakita geratzea Santurtzik edo Hondarribiak irabaziko duten aurtengo Eusko Label liga.

Ur biziak, ura behera, eta hala ere, Traineruen Kluben Elkarteak klubei gaurko eguna jarri zien azkeneko estropada jokatzeko, baldintza txar horietan. Klubek onartu batzarrean. Eta, ondorioz, liga nagusia dona dona katona eginez erabaki daiteke... azkeneko estropada jokatu aurretik.

Gauzak beste modu batera egingo balira, Santurtzik lo lasai samar egiteko modua izango zuen gauean. Hiru puntura igo zuelako Hondarribiarekiko aldea, Bermeoko estropada irabazi eta gero. 0,26 ehunen baino ez zizkion atera aurkari zuzenari. Hiru puntu hutsaren hurrengo izan daitezke baina, kale zozketan zorte ona Hondarribiara gerturatzen bada.

Beste amaiera bat merezi zuen aurtengo ligak, beste aukera bat merezi zuten bezala atzeko postuetako traineruek abuztuaren 22an eta 23an, gaurko baldintza petraletan Santurtzin eta Portugaleten lehiatu zirenean. Atzoko ikuskizun ederra ikusita, zozketak zapuztu dezake lehia biziarekin berriz gozatzea.

Patroien jokoa

Sekulakoa izan zuten Santurtzik hirugarren kaletik, eta Hondarribiak hirugarrenetik, bigarren eta azkeneko txandan. Kanpora gipuzkoarrak hobeto, aurkariaren kalean sartuz. Bueltako azken metroetan, bizkaitarrak nagusi. Hondarribia preso utzi zuen Santurtzik azken metroetan, ez zion utzi erdira joaten; aldiz, bera pixka bat joan zen, eta komeni izan zitzaionean. Epaileak ere atseden hartu zuen, txandan zehar Hondarribiari hiruzpalau abisu eman eta gero. Ez zituzten, behintzat, arraunak elkar jo.

Azkeneko txanpan erabaki zen bien arteko lehia, eta hirugarren bandera irabazi zuen Sotera traineruak. Gehiago dauzka Hondarribiak: sei. Berdinketa balego, liga Hondarribiara. Atzo, Urdaibaik egin zuen hirugarren, eta Oriok laugarren. Lehen txandako hurrenkeran sailkatu ziren besteak: Zierbena, Cabo, Donostiarra eta Isuntza. Gaur? Zozketak daki. Erabat alda daiteke atzoko argazkia. Estropada 12:30 aldera. Kale zozketa, 09:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.