Gerla Handiko euskal presoen kantuak, sarean

Hamar biografia, dozenaka hots

Hamar euskal presoetako bat Alemanian hil zen; besteak herrira itzuli ziren, 1919an. Lauren senideak atzeman ditu EKEk.
Wilhelm Doegenek <em>Herri arrotzen artean</em> izeneko liburu bilduma kaleratu zuen Gerla Handia bukatu eta ondoko urteetan. Liburukietako batean (<em>Herri latinoak</em>) idatzi zuen Herman Urtel erromanista eta euskararen ikertzaileak, eta liburuki horretan agertzen da goiko argazkia. Komisio Fonografikoak gerra garaian grabatu zuen euskal presoetako baten irudia da, baina ez dute identifikatu ahal izan nor den.
Wilhelm Doegenek Herri arrotzen artean izeneko liburu bilduma kaleratu zuen Gerla Handia bukatu eta ondoko urteetan. Liburukietako batean (Herri latinoak) idatzi zuen Herman Urtel erromanista eta euskararen ikertzaileak, eta liburuki horretan agertzen da goiko argazkia. Komisio Fonografikoak gerra garaian grabatu zuen euskal presoetako baten irudia da, baina ez dute identifikatu ahal izan nor den. ESPLIKATU ARGAZKI OINEAN JARTZEN DUENA / EZEZAGUNA

Mikel P. Ansa -

2018ko abenduak 23
99 euskarri: hiru ordu eta hogei minutu. Horra euskal presoei duela ehun urte grabatu zieten ahozko ondarea. Zazpi bat saiotan grabatu zituzten, argizarizko 36 zilindrotan —1:20:38 irauten dute; Berlingo Etnologia Museoaren esku daude— eta argizarizko 63 diskotan —2:00:22 irauten dute; Berlingo Lautarchivek dauzka—. 99 euskarri horietan, batzuetan bi eta hiru grabazio badira. Guztira, 87 euskal kantu dira, gehienak herri kantuak, baina lau erlijioso ere bai tartean. Bestalde, hamasei kantu errezitatu ere zituzten. Hamahiru narrazio ere badira, horietako bat bost aldiz erregistratua —Haur prodigoaren parabola bost presori grabatu zioten; hizkuntzen eta dialektoen konparaziorako erabiltzeko—. Testuetan, badira otoitz bat, erran zaharren bilduma bat, maskaraden eta pastoralen pasarteak, kontakizunak, elkarrizketa libre bat, eta preso baten gutun autobiografiko bat ere bai.

Lehen grabazioak fonografoarekin hartu zituzten, eta haien daturik eta dokumentaziorik ez da ia; ez da ezagutzen noiz grabatu zituzten ere. Etnologia Museoaren esku dauden 36 zilindroak dira, eta Mintzoak.eus atarian entzungai daude orain. Rottleberode, Chemnitz eta Mannheimgo preso eremuetan hartu zituzten.

Gainerako grabazioetarako, gramofonoa erabili zuten, eta dokumentazioa xeheagoa da. Lautarchiveren esku daude egun. Orain, Mintzoak.eus atarian kontsultatu daitezke grabazio horien fitxak, baina oraingoz ez da posible sarean entzutea. Lau alditan grabatu zituzten: Merseburgeko preso eremuko elizan, 1916ko martxoaren 19 eta 23 artean. Mannheimgo eremura berriro jo zuten, 1916ko urriaren 28an eta azaroaren 1ean eta 2an. Stolbergen, lan behartuetarako zerrategian, 1917ko abuztuaren 1ean egon ziren. Irailaren 30ean itzuli ziren Stolbergera, ostera.

Hauek dira batzordeak grabatu zituen hamar euskal presoak:

PIERRE AZKARATEIL Altzai (Zuberoa), 1895 — ?

Gerla hasi zenean Buenos Airesen zen, emigraturik. 1915eko martxoaren 29an itzuli zen handik, gerlara joateko. Eta handik hamalau hilabetera desagertu zen, 1916ko maiatzaren 20an, Mort-Homme deitzen zuten eremuan, Meusen. Eskuineko begia galdu zuen gudu hartan. Preso atxiki zuten Mannheimgo eremuan, handik hilabetera. Gurutze Gorriak Suitzara eraman zuen 1917ko urtarrilean, eta urte hartako uztailean Bordelera eraman zuten. Armadak erretiroa aitortu zion urtebete geroago. 1924ko abuztuan, berriz Buenos Airesera itzuli zen.

Grabaketak. Mannheimen. Grabatu zizkioten: Gure aita otoitza, erran zahar batzuk, Altzaiko herensugearen legenda eta Igaran merkhatian kantua.

JEAN BIDEGARAI Garindaine (Zuberoa), 1882 — Miarritze (Lapurdi), 1952

Zenbait lan izan zituen gerlara joan aitzin, espartingile izan zen Maulen, eta baita auto gidari ere. Bordelen eta Poissyn ere bizi izan zen, Frantzian. Gerla hasi eta laster, Belgikako mugan desagertu zen, 1914ko abuztuaren 29an. Alemanek lau urte eta erdiz atxiki zuten preso; 1919ko urtarrilean herriratu zen. 1921etik aitzina jendarme izan zen, eta ohorezko hiru medaila ere jaso zituen. Miarritzen hil zen, 1952an.

Grabaketak. Merseburgen. Maitia nun zira? kantua eman zuen, eta kantu bera eta Haur prodigoaren parabola errezitatu.

JEAN NOEL IRIGOIEN Ainhize-Monjolose (Baxenabarre), 1895 — 1983

Laboraria zen. Anaia gehiena gerlara joana zela eta, 19 urterekin engaiatu zen armadan. 97. erregimentuan sarrarazi zuten 1914ko abenduaren 17an, eta abantzu bi urte egin zituen gerlan. Barleuxen hartu zuten preso, 1916ko irailaren 4an. Anaia gehiena gerlan hil zutela 1916an, herriratu zenean —1919an— bere gain hartu zuen etxaldea, eta laborari segitu zuen. Pentsio bat jaso zuen, eskuineko begian ikusmena galdu zuelako. Sei seme-alaba izan zituen, eta Ainhize Monjoloseko auzapeza izan zen. EKEk lortua du haren senideekin harremanetan jartzea.

Grabaketak. Stolbergen, 1917ko abuztuaren 1ean. Lau grabazio egin zizkioten: Gereziondoa bizkarrean zuen erbia, Iruñeko ferietan kantua, Kukuruku eta Haur prodigoaren parabola.

LAURENT ISURIBEHERE Larresoro (Lapurdi), 1895 — 1976

Lau seme-alabetan gazteena zen. 1914ko abenduaren 17an gerlara igorri zuten, eta handik ia bi urtera atxilotu zuten alemanek, 1916ko irailaren 4an, Jean Noel Irigoien bezala. 1919an itzuli zen herrira, eta pentsio bat jaso zuen, buruko minekin eta zorabioekin ibiltzen zelako. 1955ean ezkondu zen. Sorterrian bertan hil zen, 1976an.

Grabaketak. Stolbergen, 1917ko abuztuaren 1ean. Bi kantu eman eta errezitatu zituen: Xarmagarria zira eta Iduzki denean.

JOSEPH JAUREGIBER Larraine (Zuberoa), 1884 — Gotaine (Zuberoa) 1956

Espartingilea zen ofizioz. Gerla baino urte eta erdi lehenago ezkondu zen, eta bikoteak zazpi haur izan zituen, horietako bat gerla aitzin sortua. Lau hilabete gerlan egin, eta gudu batean desagertu zen, 1914ko abenduaren 21ean. Meschedeko preso eremura eraman zuten alemanek. 1919ko martxoan etxeratu zen, eta Gotainen hil zen, 1956an. 2015ean, bere kasa bilaketan aritu zen Maider Bedaxagar zuberotarra, eta Jauregiberren bi semeak aurkitu zituen —Maitia nun zira? dokumentalean agertzen dira—.

Grabaketak. Merseburgen eta Stolbergen. Komisio Fonografikoak gehien grabatu zuen presoetako bat izan zen. 46 kantu eta hainbat narrazio hartu zizkioten. Besteak beste: Prima eijerra, Ahaide zahar huntan, Bortian Ahüzki, Adios ene maitia, Atharratze jauregian, Adios izar ederra, Ziburutik Sarara, Donostiako hiru damatxo, Partitzeko tenorea, Argizagi ederra...

PIERRE LABADIE Hazparne (Lapurdi), 1891 — Sprottau (Alemania), 1918

Laboraria zen. 1912ko urriaren 10ean sartu zuten Baionako 49. erregimentuan, eta 1914ko abuztuaren 2an bidali zuten frontera. Hilabete berean hartu zuten preso alemanek, abuztuaren 23an, Gozeeko guduan. 1918ko uztailaren 5ean hil zen, Sprottauko preso eremuko ospitalean, ia lau urtez preso egon eta gero, eta gerla bururatzeko lau hilabete baizik falta ez zirela. Sarrebourgen lurperatua dago, Frantziak gerlako presoentzat jarritako hilerrian, «Mourt pour la France le 5 juillet 1918» oharrarekin.

Grabaketak. Stolbergen, 1917ko abuztuaren 1ean. Haur prodigoaren parabola eta Ohoin baten aitortza errezitatu zituen, beste norbaitek belarrira xuxurlaturik, ez baitzekien irakurtzen.

JEAN BAPTISTE MENDIBURU Donibane Lohizune (Lapurdi), 1889 — Hazparne (Lapurdi), 1969

25 urterekin bidali zuten gerlara, eta berehala desagertu zen, 1914ko abuztuaren 23an, Gozeeko guduan —Labadie bezala, egun eta toki berean, gudu berean—. Irailaren 7an agertu zen Hautmont herrian, eta han preso atxiki zuten alemanek. Lau urte eta erdiz preso egon eta gero itzuli zen herrira, eta 1931n ezkondu zen. Hazparnen hil zen, 1969an.

Grabaketak. Stolbergen, 1917ko abuztuaren 1ean. Haur prodigoaren parabola errezitatu zuen, beste norbaitek xuxurlaturik, analfabetoa baitzen.

PIERRE MENDIBURU Armendaritze (Baxenabarre), 1885 — ?

Hargina zen. 1906 eta 1909 artean egin zuen soldadugoa, eta erreserban zegoela hasi zen Gerla Handia. 1914ko abuztuan armadara deitu zuten, beraz, eta abenduaren 28an desagertu zen, Minancourteko guduetan. 1919ko urtarrilean askatu zuten, eta apirilean Armendaritzera itzuli zen.

Grabaketak. Merseburgen. Urtxo xuri polit bat kantua.

ANTOINE SUHAS Arrangoitze (Lapurdi), 1885 — 1946

Bi haurren aita zen. 1914ko abuztuaren 1ean, frontera igorri zuten. 249. erregimentuan sartu zuten, eta 1914ko irailaren 20an hartu zuten preso alemanek, Craonnellen. Jean Baptiste Suhas anaia ere han hartu zuten preso. Zerbsteko preso eremura eraman zuten hasieran, eta Merseburgekora 1915eko azaroan. Etxera itzulirik 1919an, pentsio bat jaso zuen, eskuin hanka elbarritua baitzuen. 1946an hil zen, istripuz. Eiherazain izateaz gainera, postari ere aritzen zen, eta lan horretan ari zela zendu zen. EKEk berriki lortu du haren semebitxiarekin harremanetan sartzea.

Grabaketak. Rottleberoden, Chemnitzen, Merseburgen eta Stolbergen. Komisio Fonografikoak gehien grabatu zuen euskal presoetako bat izan zen: lau alditan erregistratu zuen haren boza, eta 31 kantu eta lau narrazio hartu zizkion. Azken horietan bada bat oso berezia, grabazio guztien artean bakarra delako: Eskualdun baten letra mila beratziehun eta hamazazpian gutun autobiografiko luzea. Zati txiki bat grabatu zuten, baina eskuizkribu osoa gorde da, eta EKEk transkripzioa egin du orain. Kantuen artean, besteak beste, hauek eman zituen: Maitia nun zira?, Lurraren pean, Xoriñua kaiolan, Haurrak ikas zazue, Infidelitatea, Lurreko ene bizia eta Argia dela diozu. Haur prodigoaren parabola, Xuriko eta Bi mandazainak narrazioak ere grabatu zituen, baita Gernikako arbola errezitatu ere.

JEAN BAPTISTE SUHAS Arrangoitze (Lapurdi), 1884 — Basusarri ( Lapurdi), 1964

Gerla sortu aitzinerako, ezkondua eta bi haurren aita zen. Antoine Suhas anaiarekin batera atzeman zuten alemanek, Craonnellen, 1914ko irailaren 20an. Lau urte eta erdiz preso egon, eta 1919ko martxoan itzuli zen Basusarrira. Hargin lanean jarraitu zuen han, eta hirugarren umea eduki zuen. 1964an hil zen. EKEk haren alabatxia atzeman du berriki.

Grabaketak. Rottleberoden eta Merseburgen. 11 kantu grabatu zizkioten. Horien artean: Ume eder bat, Ziburutik Sarara, Adios izar ederra, Huna bildots eztia, Iruten ari nuzu, Gernikako arbola eta Uso xuria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna