Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Amona itsustua

Mikel Zumeta.
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
'La abuela'

Zuzendaria: Paco Plaza.Herrialdea: Espainia-Frantzia.Iraupena: 100 minutu.

Paco Plazaren azken pelikularekin % 100ean murgilduko gara beldurrezko generoan. Film honetan ez zaio keinu huts bat egingo generoari; beldurrezkoa da, eta kito! —barkaidazue, ondorengo lerroetan hitza jango dut eta—.

Oraingoan Carlos Vermut zuzendari eta gidoilariaren testuan oinarritutako istorioarekin heldu dio Plazak bere film berriari. Amona-biloba batzuen istorio iluna azalduko digu. Bertan, Rose Mary's Baby-ren (Roman Polanski), Nicolas Winding Refnen filmen eta Jordan Peelen lehenengo pelikularen ideiak, kontzeptuak eta hari argumentala nabariak dira. Zer atera liteke gaizki? Esango nuke Ari Aster (Hereditary) zuzendariaren keinuak ere badituela. Berriz galdetuko dut. Zer atera daiteke gaizki? Bada, guztia.

Plazak elementu guztiak bilduko ditu. Estetikoki ezin hobea da, aktore lan aparta du, argiztapena eta planoen enkoadraketa egokia da, kamera mugimendu neurtu eta esanguratsuak ditu... Badirudi prestatu egin nahi gaituela, zirrara tenkatuan mantendu nahi bagintu bezala, amaiera arranditsura arte. Ez du lortuko, baina.

Filmak ematen dituen argudioak segituan argitzeko gauza izango gara. Beldurrezko generoaren ikusle amorratua bazara, pelikulak ez du sekreturik gordeko, guztia bistakoa izango da. Eta ondoriozta daiteke egoera tenkatua lortzearekin eta amaiera bortitzarekin lortuko lukeela film interesgarria egitea. Baina ezta ere. Hariak ikusten zaizkio, asmoak, tranpak, maindireekin egindako mamuen saiakerak balira bezala. Amona gaiztoak biloba gazte lerdenari bizitza zapuztu nahi dio. Nolako berekoia amona zimurtua, itsustua, bere zahartasunean beldurgarria. Amona honek ez du beldurrik ematen; maitasuna eta konpainia behar ditu, besterik ez. Beste kontu bat da horrek askori beldurra sor diezaiokeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.