Baionako bestak

Gaueko enarak, hegaldaka

Ostatu eta peña batetik bestera, festazale bakoitzak bere habia aurkitzen du jendetzaren artean.Baionako bestak gaur bukatuko dira, baina oraindik bada zerekin gozatu

Otorduez gozatzen. Bazkariak eta afariak nagusi besta denboran. BOB EDME / IPARLA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Non diren musikariak eta non bestazaleak; ezin bereizi, kasik. Sister Simone and The Holy Balls taldeko kideak izerdi patsetan daude, publikoaren erdian. Publikotik hordago egiten diote musikariari, kanta dezala eskatzen, hanka eta eskuak airean, joan-etorriak egiten, babesteko esku guztiak altxatuak dituztela, gaueko txoriek bezala. Kontzertua ona dela seinale.

Hori ere bada Baionako besta. Egun normaletan karrika huts bat den hori, hertsiegia, ilunegia, gune berezi bilaka daiteke besta denboran. Hala gertatzen da kontzertu horren kasuan, adibidez; Euskal Museoaren murru gotorraren itzalean, Bourgneuf karrikan, 24. zenbakian. Hor dago Ttipiko Kideak peña, lehengo Biltxoko zenaren lekuan. Eta aspaldi honetan erregularki kontzertuak antolatzen dituzte Baionako besten karietara. Eta horra nola Sister Simone and The Holy Balls taldea dagoen kontzertu bat ematen Baiona Ttipiko karrika hertsi batean: bi bozgorailu eta molde erdi punkean, harmonika, gitarra erotua eta blues doinuz busti ahotsarekin jolasean, berotasun baten babespean, besterik gabe. Besterik ez da behar.

Halako batean, bururatu da kontzertua, baina indarrak segitu du gorputzetan. Zuzenekoak emandako adrenalinak motorrak berotu ditu gau osorako. Ezin horretan gelditu. Eta gaueko enarak segitu du hegaka, babesle aurkituko dituen eskuen gainetik dantzan.

Egunak aitzinatu arau, orenak aitzinatu arau, eguna eta gauaren artean ezberdintasunik egin gabe dabiltzan begien automatismoak besapeko makila gisa funtzionatzen hasten dira, gaueko enara eguneko argian itsuturik dabilen bezala, gaua noiz iritsiko zain. Eta azkenean iritsi da ostirala, txosnen eguna. Patxa plazan jarriak dituzte txosnak asteazkenetik Baionako gazteek. Baina ostiralaren beha egon behar, horien ateak zabalik ikusteko. Txosnekin batera Patxa gune «herrikoia, parekidea eta euskalduna» dela abisatzen du banderolak, euskara hutsean; bisitaria, abisatua. Eta hor daude betiko euskal rockaren doinuak. Funtzionatzen duten balioak ez direlako inoiz aldatzen.

Bi euroko garagardoak fite konbentzitzen jakin du, hori bai. Gainerateko lekuetan 2,5 euroan da likido bera; batzuetan 2,6 eta 2,8 eurora ere igo daiteke tragoaren prezioa. Sakela zulatuek aurkitu dute beren paradisua, babesleku berria. Aspaldiko tradizio galdu bat berreskuratu du berriro ere plazak.

Txosnak duela aspaldi izan,izan ziren, baina hamar urte hauetan herri bazkaria besterik ez zuten antolatzen Baionako gazteek. Gaueko enaren habiak ugarituz doaz urtez urte. Plazako Patxokiak aurkitu du auzokidea. Patxokiak berak segitzen du funtsean, helbide segur izaten; hor ere, betiko kantuak, prezio merkeak... Dirurik gabe, baina inon baina alaiagoa da giroa han.

Hori bai: leku goxo bat aurkitu orduko, hobe ez askorik mugitzea. Hobe lagunekin finkatu hitzordua hurbil izatea. Dunba-dunba eta reggaeton itxurako doinuek dardarka jartzen duten bozgorailuek ito karriketan gaindi, jendez imokatuak daudela, aukera bakarra du ibiltariak: lasai hartu afera, eta dantzatu ahalaz eta irria ezpainetan bada, askozhobe.

Eta, halako batean, isilduko dira karrikak. Oihu bakartuak gero eta urrunago entzun dira; belarriak, erdi txistuka. Orduan, adrenalina aski duenak, agian, kantuarekin hartuko du lekukoa. Euskal kantuen zale amorratuek ez dutelako nehoiz amore ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.