Mespretxuak ez dakar elkarlanik

Itziar Retolaza - Ezker abertzaleko kide eta kide ohien talde baten izenean

2018ko apirilak 4
Ezker abertzaleko militante eta militante ohiak gara, egungo egoerarekin suminduta gaudenak. Azken urteotan, pixkanaka, ezker abertzaleko herri-mugimendu gehienak indargabetu dira, ezker abertzale ofizialak hala erabakita. Are gehiago, herri-mugimenduak indargabetu aurretik ere, beste hainbat neurri hartu ziren: pankarta eta manifestazioetako leloak zentsuratu, edo hamarkadetan zehar antolatu izan diren ekitaldi politikoak bertan behera utzi (amnistiaren aldeko manifestazioak, ikurrinaren aldeko kontzentrazioak, Estatuko indar armatuen kontrako kontzentrazioak, eta abar).

Hortaz, jendeak bazter utzi zuen kaleko dinamika, eta protesta ekintzak eten ziren (are gehiago, protesta-ekintzaren irudi txarra sortu eta hedatu zen), eta ekimen guztiak zentralizatu egin ziren mugimendu jakin batzuetan, politikoki zuzenak omen ziren horietan (politikoki zuzenaren zentzurik kezkagarrienean). Deialdi handiak sustatzen dira gaur egun, bideraturikoak eta kontrolaturikoak, eta logika horretara lerratzen ez diren herri-deialdiak gutxiesten dira.

Gatazka kaleetatik atera eta bulegoetara eraman behar da leloari eutsi dio ezker abertzale ofizialak. Bien bitartean, bide egokitik ari ginela baieztatzen ziguten, eta estrategia berri horrekin preso politikoen egoera hobetuko zela, kaleratzeak azkartuko zirelakoan, eta proiektu independentista egikaritzeko baldintzak hobetuko zirelakoan.

Testuinguru horretan, uko egin zaie euskarari eta kulturari identitate-zeinu nagusi gisa, uko egin zaie amnistiari, borroka sozialei, lurraldetasunari, eta abarri. Antza denez, helburu bakarra EAJ mugimendu nazional eta independentistara erakartzea da, jakinik ere EAJ oso eroso dagoela esparru autonomikoan eta egun indarrean dagoen egitura sozial, ekonomiko eta kulturalean. EAJrekin aliantzak egiteko ahaleginetan, eta mugimendu edo keinu oro kontrolatzeko ahaleginetan, ezker abertzale ofizialak mespretxua hedatu du beste modu batera pentsatzen dugun militanteekiko eta militante ohiekiko, eta guri buruzko zurrumurru faltsuak hedatu dituzte.

Bestalde, EAJk eta Espainiako Estatuak behin eta berriro eskatzen diote ezker abertzaleari bere iraganari uko egin diezaiola, eta barkamena eska dezala. Baina inork ez dizkio Espainiako Estatuari ardurak eskatzen, ezta EAJri berari ere (kale borrokaren kriminalizazioa, Juan Maria Atutxaren eskutik, Y taldeak asmatzearekin batera; Ertzaintzaren torturak eta polizia-biolentzia; Estatuen konplize aritu izana alderdi politikoen eta herri-mugimenduen ilegalizazio-prozesuetan, eta baita militante politikoen atxilotzean zein kartzelaratzean ere; Egin irratia, Egin egunkaria eta Ardibeltza aldizkaria ixtean izandako pasibotasuna…).

Nola aritu daiteke elkarlanean solaskide beharrezkotzat hartzen ez zaituenarekin, gutxieneko errespeturik ere ez dizunarekin. Nola aritu elkarlanean bazter utzi nahi zaituenarekin, zure premiarik ere ez duelako. Ez diezaiogun geure buruari iruzurrik egin, historiak berretsi digu, behin eta berriro, EAJk dituen helburuak beste batzuk dira.