Lewis Hamilton

Errematea bakarrik falta izan zaio

Lewis Hamilton Mercedes taldeko gidari ingelesak laugarrenez irabazi du Munduko 1 Formula Txapelketa, eta, hala, Alain Prosten eta Sebastian Vettelen marka berdindu du.

JOSE MENDEZ / EFE.
Laurentzi Garmendia
2017ko urriaren 31
00:00
Entzun
Alain Prosten eta Sebastian Vettelen marka berdindu du Lewis Hamiltonek aurten Munduko 1 Formula Txapelketa irabazita. Launa titulu dituzte hiru gidari horiek, baina ezin dira alderatu bata bestearekin. Prostek zortzi urteren buruan lortu zituen. Vettelek, ordea, lau urtez jarraian. Hamiltonek Prosten erara lortu ditu, baina bederatzi urteko tartean. Azken hirurak pistako autorik azkarrena izan denarekin lortu ditu Hamiltonek, eta badu orban bat, iaz Nico Rosbergek irabazi ziolako. Bost izango zituen bestela, Juan Manuel Fangio berdinduta.

Herenegungo Mexikoko Sari Nagusiak duela bederatzi urte Brasilen izandakoaren antza izan zuen. Titulua lortzeko modu grisa izan zen, garaipenetik eta podiumetik urrun. Orduko hartan, azken itzulian lortu zuen titulua, pneumatikorik gabe gelditzen ari zen Timo Glock aurreratuta. Puntu bakarragatik hartu zion aurrea Felipe Massari. Aurten, izenak beste batzuk izan dira, bere aurkari nagusia Vettel izan baita, baina titulua urteko lasterketarik traketsenean lortu du. Sekulako marka zeraman denboraldiaren bigarren zatian, Belgikan hasi eta sei lasterketatik bost irabazita. Hortxe eman du mailukada.

Hamiltonen gorakadak Vettelen eta Ferrariren txakalaldiarekin bat egin du. Esanguratsua da Hamiltonek urte osoan gora egin izana, iazko ahuldade nagusia atzean utzita. Rosbergen aurka faktore askok egin zuten bere kontra, baina bi azpimarratzekoak izan ziren. Bata bere kontroletik at zegoen: autoaren sendotasuna. Bestea, berriz, bere baitan zegoen: arreta 1 Formulatik at jarria zuen. Bata zein bestea bere aldera bihurtu ditu aurten ingelesak, igandera arte itzuli guzti-guztiak osatu zituen gidari bakarra baitzen. Autoan, gainera, oso seguru aritu da, eroso.

Benetan merezitakoak?

Mercedes autoek lortu dituzte turbo aroko lau tituluak. Zalantzarik gabe aro honetako autorik onena izan da, eta titulua taldeko bi gidarien artera mugatu da beti azken lasterketara iritsi aurretik. Horrek erraztasun itxura ematen badio ere, Hamiltonen azken tituluek badute esanahia berezia. Rosbergek ongi erakutsi zuen iaz titulua lortzea zer-nolako gogorra den. Behin helburua lortu eta berriro saiatzeko ez zuen behar bezainbeste indarrik. Majo sufrituta lortutako titulua izan zen, Hamiltonen aurka lehiatzea zer den erakutsi zuena.

Rosberg gabe bide erraza izango zuela zirudien aurten. Baina urteko lehen lasterketa Ferrarik irabazi zuen, eta Mercedes taldea amets gozotik esnatu zuen. Vettelek desafioa bota zion, eta alemaniarrarenak ez dira edonolakoak. Hungariakoa iritsi arte, tituluak faborito bat zuen, eta Vettel zen hori. Hamiltonek bere ohiturak aldatu zituen, batez ere elikadura aldaketan oinarrituta. Barazki jale bilakatu zen: «Inoiz ez naiz hain indartsu sentitu fisikoki eta mentalki». Haratago ere joan zen: «Inoiz hartu dudan erabakirik onena talde honetara etortzea izan zen. Eta, bigarren onena, nire elikadura aldatzea». Zenbaterainoko eragina izan zuen ikusteko dago, baina bere ausardiaren seinale da.

Ez dirudi Rosbergek hartutako bideari jarraituko dionik, hots, irabazi eta erretiroa hartuko duenik. Hamilton lehiakorra da, benetako lasterkaria, arriskatzea gustuko duena. Horregatik, datorren urteak dituen erronkak ez ditu alde batera utzi nahiko. Ferrarik bere mailari eutsiko dio, aurtengo hutsak berriro ez egiteko. Baina, batez ere, Max Verstappen izeneko mehatxuari aurre egiteko. Herbeheretarra ez da gidari azkarra bakarrik, publikoarentzat oso gidari erakargarria ere bada. Hamilton gidari osoa da, autoan eta autotik kanpo irabazi nahi duena, eta badaki pistatik kanpo bere irudia saltzeko auto barruan landu behar duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.