Theresa May

Ez da burdinazkoa izan

Erresuma Batuaren historiako lehen ministroetan bigarren andrazkoa izan da May. Margaret Thatcher izan zen lehena, 'tory'-a hura ere. Konparatu zituzten hasieran, baina arras garapen ezberdina izan dute.

mikel rodriguez
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Theresa May 2016ko uztailaren 11n izendatu zuten Alderdi Kontserbadoreko buruzagi, eta, horri jarraikiz, bi egun geroago izendatu zuten lehen ministro. Erresuma Batuko hedabide anitzetan Burdinazko dama berria izendatu zuten berehala, Margaret Thatcherrekin konparazioa eginez. Thatcherri Burdinazko dama erran zioten Irlandako gatazkan eta 1980ko hamarkadetako gatazka proletario eta sozialetan erabili zuen gogortasunagatik eta oro har buruzagitzan ezarri zuen ildo autoritarioagatik. Thatcherren ondoren Erresuma Batuak historian izan duen bigarren emakumezko lehen ministroa izan da May, eta tory-a da, Thatcher bezala. Konparazioak erraza zirudien, eta, May Barne ministro izan zenez sei urtez, are justifikatuagoa; alabaina, gobernuburu gisan egin dituen ia hiru urteetan antzekotasun gutxi erakutsi ditu Thatcherrekin. Burdinazko dama berria izendapena ez da etorkizunera pasatuko, eta brexit-a gauzatu ezin izan zuen lehen ministro gisa oroituko da May.

Ingalaterrako hegoaldeko kostako Eastbourne hirian jaio zen May, 1956an. Hubert Brasier Eliza anglikanoko apaizaren eta Zaidee Mary Barnesen seme-alaba bakarra zen Theresa Barnes; 1981ean hil zitzaion aita, auto istripu batean, eta hurrengo urtean, berriz, ama. Aita hil baino urtebete lehenago, berriz, Philip May Oxfordeko Unibertsitateko ikaskide ohiarekin ezkondu zen, eta harengandik jaso zuen abizena. Alderdi Kontserbadoreko kide egin ziren biak —tory-ek antolatutako ikasleen jai batean aurkeztu zituen bertze ikasle batek, Benazir Bhuttok, handik urte batzuetara Pakistango lehen ministro izanen zenak—. Karrera politikoari, ordea, Theresa Mayk bakarrik ekin zion.

1986an hasi zuen hori, Londres hiriburuko Borough barrutiko zinegotzi gisa, eta 1994ra arte iraun zuen postu horretan. Politika handira 1997an pasatu zen, Komunen Ganberarako diputatu hautatu zutenean —hirugarren ahalegina zuen—. Laboristek irabazi zituzten hauteskunde horiek, eta oposizioko jardunean May gero eta kargu garrantzitsuagoetarako aukeratu zuten Alderdi Kontserbadorean. Tory-ek boterea berreskuratu zutenerako (2010), politikari ezaguna zen, eta David Cameron lehen ministroak botere handiko kargu bat eman zion: Barne ministro.

Azken ehun urte inguruan kargu horretan gehien iraun duen politikaria izan da May. Alde batetik, kontserbadoreen artean ospe ona lortu zuen, jarrera gogorra hartzeagatik migrazioan eta halako auzietan, eta Cameronen konfiantzako politikari gisa nabarmendu zen. Bertzalde, kritika gogorrak jaso zituen oposiziotik eta erakunde zibilengandik. Karguan zela proposatu zuen azken Migrazio Legearen helburua «legez kanpoko etorkinen kontrako giro bat sortzea» zela erran zuen.

Cameronen jarrera babestu zuen brexit-aren auzian; hau da, erreferendumera deitzea, eta EB Europako Batasunean jarraitzearen aldeko botoa defendatzea. Baina 2016ko bozketaren kanpainan ia ez zen agertu ere egin, eta hori izan zuen arrazoietako bat Cameronen dimisioaren ondoren Alderdi Kontserbadorearen buruzagitza hartzeko lehia irabazteko. Alderdia banatuta zegoen brexit gogorraren, brexit leunaren eta brexit-aren aurkakoen artean, eta Barne ministroa hautagai aproposa iruditu zitzaien batasuna osatzeko. Urte hartako alderdiaren konferentzian bota zuen haren esaldi famatuenetako bat: «Brexit-ek brexit erran nahi du». Zutik txalo egin zioten denek. Burdinazko dama-rekin egindako konparazioak justifikatua irudi zuen oraindik.

2017ra aitzinatu zituen hauteskundeek bukatu zuten konparazio hori. Mayk ez zuen bozen legitimitaterik, eta, Cameronek bi urte lehenago lortu zuen gehiengo osoa berrituta, indar betean ekin nahi zion EBrekin egitekoa zuen negoziazioari; helburua ez zuen lortu, eta behin betiko galdu zuen sendotasun irudia.

Botereari eusteko gai

Baina bertze irudi bat eraiki du gaurdaino: pPolitikari gutxi egon dira, bai Erresuma Batuan, bai inguruko herrialdeetan, gai izan direnak karguari hainbertze denboran eusteko hain babes eskasarekin, hain ospe galera handiarekin eta hainbertze porrot politikorekin. Burdina bezala agian ez, baina likido bat bezala egokitu da inguruak paratu dizkion traba etengabeetara. Analista politiko batzuek abilezia eta makiavelismo gisa goraipatu izan dute; BBCren arabera, EBko diplomazialariek ezaugarri hori goraipatu zioten atzo. Alderdiko kritikoei, Jeremy Corbyn buruzagi laboristari eta Eskoziako independentistei, errate baterako, agonia luzatu eta botereari ezinbertzean eusteko seta baino ez zaie iruditu. Trebezia edo seta, oraingoan bai, Mayren buruzagitzak iraungitze data bat du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.