Diputazioak 19.965 euro ordaindu zituen SER Donostiatik ari zedin

U.U. -

2017ko urtarrilak 11
Gipuzkoako Foru Aldundiak 19.965 euro eman zizkion Angels Barceloren Hora 25 irratsaioari, iazko apirilaren 22an Donostiako Tabakaleratik aritzeagatik. Urrezko Danborra Barcelori emateko arrazoi ia bakartzat Gipuzkoako hiriburutik bi saio egin izana jo zuen herenegun Eneko Goia alkateak. Barceloren proposamena PSE-EEk egin du, eta alderdi horrek du aldundiko Kultura Departamentuaren ardura. Sail horren arabera, «ohiko kolaborazioak» dira Tabakalerako saioaren modukoak. «Horrelakoak egiten dira euskal hedabideekin, gardentasun osoz», gaineratu du foru aldundiak.

EH Bilduk, PPk eta Irabazik ez dute egokitzat jo Barcelori saria ematea. EH Bilduko Amaia Almirallek esan du «ulertezina» dela erabakia: «Ez dugu zalantzan jartzen Barceloren profesionaltasuna, baina herritarrek ez dute ulertzen zer zerikusi duen hark Urrezko Danborraren esanahiarekin. Ez dugu uste Donostian bi irratsaio egin izana nahikoa denik halako sari bat jasotzeko». Irabazik Alicia Amatriain dantzaria proposatu du, eta Alejandro Loic zinegotziak uste du saria ezin dela «proiekzio irizpideen» arabera eman. Ernesto Gasco alkateordearen (PSE-EE) iritziz, ordea, saria ez da aitortzarako, «hiriaren sustapenerako saria» baizik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna