IRAULTZAREN LIDERGOA

2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
1959. Iraultzak irabazi zuen Kuban. Manuel Urrutia aukeratu zuten presidente, eta Jose Miro lehen ministro. Fidel Castro indar armatuen komandanteburu izendatu zuten. Otsailaren 7an Oinarrizko Legea onartu zuten, eta lehen ministroari presidenteari baino botere gehiago eman zizkion. Otsailaren 16an, Castrok Miro ordezkatu zuen lehen ministro gisa. Urrutiak uztailean utzi zuen presidente kargua, eta Osvaldo Dorticos izendatu zuten estatuburu.

1961. Apirilaren 16an Castrok iraultzaren izaera sozialista aldarrikatu zuen, eta, horrekin, Kuba estatu sozialistatzat identifikatuko zen aurrerantzean. Deklarazioaren bezperan AEBek bonbardaketak egin zituzten uhartean, eta 17an Giron hondartzako inbasio ahalegina egin zuten.

1965. PCC Kubako Alderdi Komunista sortu zuten, eta alderdi eta fakzio iraultzaile guztiak batzeko prozesua bukatu zen. Castro aukeratu zuten idazkari nagusi.

1976. Konstituzio berria onartu zuten. PCC «gizartearen eta estatuaren indar goren» izendatu zuten. Estatu Kontseiluko Presidentetza kargua sortu zuten, eta horren presidenteak estatuburu eta gobernuburu funtzioak hartu zituen. Castro izendatu zuten presidente.

2006. Castrok aginte karguak utzi zituen gaixotasun baten ondorioz. Nominalki jarraitu zuen kargu guztiei eusten, baina Raul anaiak hartu zuen horien ardura.

2008. Fidel Castrok presidentetza eta indar armatuen buruzagitza utzi zituen ofizialki, 81 urterekin. Raul anaiak hartu zituen bi karguak.

2011. Fidel Castrok PCCko idazkaritza nagusia utzi zuen, eta Raulek hartu zuen kargua. Parlamentuko diputatu karguari eutsi zion heriotzara arte.

2013. Parlamentuak Raul Castro berriz aukeratu zuen presidente, eta azken agintaldia izango zuela esan zuen. Lehen presidenteorde hautatu zuten Miguel Diaz-Canel.

2016. Apirilean, Raul Castro berriz hautatu zuten PCCko idazkari nagusi, eta 2021era arte «trantsiziozko urteak» izango zirela esan zuen. Azaroaren 25ean, Fidel Castro hil zen, 90 urterekin.

2018. Apirilaren 18an eta 19an parlamentua elkartu zen Estatu Kontseilua eta Raul Castroren ondorengo presidentea aukeratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.