Euskaraldia

Txapa jartzetik konpromisora jauzi

Eusko Legebiltzarreko dozenaka langilek Euskaraldiari ekin diote, hamaika egunez ahalduntze prozesu bat egiteko. Legebiltzarkide gehienek jantzi dute txapa, baita gainontzeko langileek ere: itzultzaileek, giltzariek, idazkariek, tabernariek...

Euskaraldiaren hasiera ekitaldia, atzo, Eusko Legebiltzarreko atarian. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Eus-ka-ral-di-a!». Dozenaka pertsonaren oihuak bete zituen Eusko Legebiltzarreko atariko bazter guztiak argazkia egin zutenean. Alderdi politiko guztietako ordezkariak, idazkariak, giltzariak, itzultzaileak, Jaurlaritzako kideak... Ahalduntze ariketaren hasiera irudikatu zuten koloretako 11 puxika askatuz. Erronkak iraungo duen egunak beste puxika, Euskaraldia hitzaren letrak idatzita. Aurkezleak hitza jarri zion irudikatutako uneari. «Orain, txapa jarri, eta... aurrera Euskaraldia!».

Txapa jantzi, eta 11 eguneko konpromisoari lehen pausoa eman zioten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkari publikoek Eusko Legebiltzarrean. Ekitaldia amaitzean, lanpostura itzuli ziren batzuk. Bakarren batek bere itxaropenak idatzi zituen legebiltzarreko sinadura liburuan. Askok talde argazkiak ateratzeko parada ere izan zuten, belarriprest eta ahobizi kartelekin. Ilusioa agerikoa zen legebiltzarreko langile eta ordezkari askoren artean. Interes handirik gabe hartu zutenak ere egon ziren, baina. Ekitaldia amaitu zenean, atarian bi kartelak, sinadura liburua eta sabaiko puxikak baino geratzen ez zirela, orduan heldu ziren legebiltzarkide gutxi batzuk, pareko tabernan kafea hartu eta gero.

Ahaleginak eta ajeak

Txapa jarrita asmoa erakutsi ondoren, konpromisoa martxan jartzeko unea heldu zen. Hori egiteko lekua ez zen nolanahikoa: kontrolerako osoko bilkura. Dozena eta erdi bat legebiltzarkidek argibideak eskatuko zizkieten Iñigo Urkullu lehendakariari eta sailburu gehienei. Espero zitezkeen tirabirak tirabira, Euskaraldiak proposatutako ahalduntzerako giroa antzematen zen. Legebiltzarkideen gehiengo zabalak txapa zuen bularrean, baita gobernuko ordezkari gehienek ere.

Amaia Arregik EAJko legebiltzarkide eta Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak irudikatu zuen lehen urratsa. Arregik, ahobizi rola hartua zuela iragarri, eta euskaraz galdetu zuen. Artolazabalek «belarriprest nago» esanez berretsi zuen bere konpromisoa, eta gazteleraz erantzun zion. Hor amaitu ziren aurkezpen adeitsuak. Gainontzeko galderetan ez zen ez rolik eta ez konpromisorik aipatu, baina euskarak ohi baino presentzia handiagoa izan zuen. Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak Naval ontziolari buruz galdetu zion Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburuari. Biak ahobizi txapa zeramaten bularrean. Biak euskara hutsean mintzatu ziren.

Ez zen hala gertatu galdera guztietan. Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko kidea, ahobizi txapa jarrita, euskaraz mintzatu zitzaion Iñigo Urkullu lehendakariari, ahobizi hura ere. Erantzunean, ordea, lehendakaria euskaraz hasi zen, baina gaztelerara jo zuen amaieran. Are, atzoko osoko bilkuran egin zituen agerraldi gehienetan jauzika ibili zen euskaratik gaztelerara, aurrean zuen legebiltzarkidea zuela: ahobizi-ak, belarriprest-ak, edo, Alfonso Alonsoren kasuan bezala, ez bata eta ez bestea ere.

Lehendakaria ez zen izan txapak irudikatzen zuen konpromisoarekin lauso jokatu zuen bakarra. Ahobizi txapa zeukaten legebiltzarkide batzuek ere gaztelerara jo zuten uneren batean, tribunan zeuden bitartean. Halako jarrerak ez zitzaizkien oharkabean pasatu legebiltzarreko langile batzuei. «Euskaraldizain sentitzen naiz», esan zuen batek. «Aurretik Eusko Jaurlaritzako hiru ahobizi ikusi ditut elkarren artean gazteleraz egiten. Txapa bai, hartu zuten, eta espero dut konpromisoa ere azkar hartzea».

Gorabeherak gorabehera, konpromisoak betetzeko dozenaka keinu egin zituen Eusko Legebiltzarrak atzo. Osoko bilkuraren aretoan, eta bestelako egoitzetan ere bai. Kafetegiko bi langileek belarriprest txapa zuten bularrean. Norbaitek adierazi zuen atariko ertzainen batek txapa jarria zuela goizean goiz. Segurtasun Sailak eskatu zuen txaparik ez erabiltzeko uniforme gainean, eta, horren ordez, eskumuturrekoak banatu zituen polizien artean.

Egunak aurrera egin ahala, atarian, langile eta bisitarien joan-etorrien erdian, ahobizi eta belarriprest kartelek jarraitu zuten, 11 eguneko konpromisoaren hasiera gogoraraziz. Kartelen artean, sinadura liburua, zabalik, bistari eta legebiltzarreko langileen konpromiso hitzak hartzeko zain. Eta, horien gainean, Euskaraldia hitzaren koloretako letrek bertan jarraitzen zuten: soka zintzilik, sakondu nahi duten sustraien tankeran; puxika sabaiaren kontra, gorago egiteko egin nahi duen asmo baten moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.