Ane Pescador.
Arrauna. UR APARRETAN

Harro. Atzo, gaur eta beti

2018ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Arrauna ez da erraza, eta ez da nahi genukeen bezain polita beti. Sasoi amaieran jaitsiera eta igoera postuak jokatzen dira; ilusioz beteriko aukerak batzuentzat, nostalgiaz eta amorruz beteak besteentzat.

Urte luzeetan ikusi ditut Pasai Donibaneko mutilak egunero lanean, ilusioz, umorez, burugogorkeriaz... Hazten ikusi ditut, batzuk lehen aldiz traineru batean sartzen; besteak, urteetan euren buruei finkatutako marka pertsonalak lortzen. Taldekide izaten ikusi ditut, arraun elkartean aurpegi goibela zuen edozein arraunlariri eguna argitzen. Eta, tamalez, aurtengo urteak egun goibel asko ekarri ditu gurera. Eguneroko lan eta esfortzuak ez baitira behar bezala islatu euren emaitzetan.

Joan den asteburuan, KAE 1 ligako gure ontziak ezin izan zion mailari eutsi. TKE ligako gure ontziak, aldiz, zuzeneko jaitsiera saihestu zuen, eta kanporaketa jokatu beharko du.

Egoerak edozein direla ere, emaitzak edozein izanda ere, asko erakutsi diguzue. Lanerako gogorik ez duzue galdu inongo unetan eta aurretik zetozen zailtasunak ez dira sekula traba izan zuentzat. Emaitzak edozein izanda ere, badakigu nortzuk zareten, badakigu zenbat eskaini eta eman duzuen eta badakigu etorkizunean gorenean ikusiko zaituztegula. Gure indar guztiak zuekin izan dira, eta izango dira, arraun talde oso bat baituzue atzetik, herri oso bat.

Atzera emandako pauso bakoitzak hurrengo jauzia indar handiagoarekin egiteko balio dezala. Harro gaude zuetaz, eta gure indar guztiak zuekin dituzue. Atzo, gaur eta beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.