'Sapiens'-aren aintzira

Gizaki modernoa Afrikan sortu zela aspaldi ondorioztatu zuten. Orain, genetista bat kontinenteko zer tokitan jaio zen esatera ausartu da. Lankide askok ausarkeria egotzi diote, eta eztabaida handia sortu da.

Edu Lartzanguren.
2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Afrikatik gatoz esamoldea klixe bihurtu da dagoeneko. Afrikatik? Bai, baina nondik zehazki? Sidneyko Unibertsitateko (Australia) Vanessa Hayes genetistak ikerketa genetiko handia egin du kontinentean, eta lekua aurkitu duela iradoki du: Makgadikgadi aintzira (gaurko Botswanan).

Hayesek Afrika hegoaldeko khoisan herri nomadetako 1.217 kideren mitokondriako DNA aztertu du. Amek bakarrik pasatzen dute DNAren puska hori, eta, denboran mutazio kopuru erregular bat izaten duenez, ikertzaileek erloju gisa erabiltzen dute, espeziearen historia egiteko.

Hayesek proposatu duenez, lehen Homo sapiens haiek inguru hartan bizi izan ziren 70.000 urtez, baina, hango klima aldatzen eta lehortzen hasi zenean, gune hezeagotara joan ziren, eta horrela zabaldu ziren Afrikatik eta mundutik, hiru migrazioalditan. Izan ere, Makgadikgadi aintzira Suitza baino handiagoa zen, baina gatzaga lehor multzo bat da orain, Kalahari basamortuak inguratutakoa.

Artikuluan aipatzen dute haiena «proposamen» bat dela, eta ezin dela baztertu gizaki modernoak hainbat lekutan sortuizanaren aukera. Lanak «eragozpenak» dituela uste du Mikel Iriondo Orensanz EHUko antropologia irakasleak. Bakarrik mitokondriako DNA aztertu izana da arazoetako bat. «Uste dut Y kromosoma aztertuta eta metodologia beraz baliaturik jatorria Afrikako erdialdean edo ekialdean kokatuko genuela, ez Afrikako hegoaldean, eta datazio desberdinarekin». Informazio osoa edukitzeko, genoma osoak aztertu beharko liratekeela uste du antropologoak.

Iritzi berekoa da Montserrat Hervella paleogenomikan aditua; hau da, antzinako genomen ikerketan. Bakarrik DNAren atal hori aztertzeari ongi deritzo adituak, «baina ez dezatela gero jatorri zehatz eta bakar hori bota». Izan ere, mitokondriako DNAk 16.600 base-bikote ditu, baina gizakien genoma osoak 3.000 milioi dauzka. Genetistaren arabera, Afrika osoko genetikak aztertu beharko lituzkete, aukera aurretik ez mugatzeko. «Guk hau esango bagenu bezalakoa da: euskaldunen jatorria hementxe dago, eta bakarrik hemengo laginak aztertuko ditugu. Horrela jokatuta, erantzuna bideratzen ari zara».

Urte luzez Homo sapiens-aren fosilik zaharrenak izan zirenak Etiopian topatu zituzten, duela 200.000 urtekoak. Baina, duela bi urte, Marokoko Adrar Ighuden duela 316.000 urteko kaskezur bat topatu zuten. «Gure espeziearen historia berriz idatzi behar zela esan zuten orduan, baina, eztabaida dagoenez oraindik, ontzat ematen dugu gizaki modernoa duela 200.000 urte sortu zela». Gaurko gizabanakoen DNA aztertu du Hayesek, eta horietatik kalkulatu du nola izango litzateken lehenago, eta noiz sortu ziren leinu horiek. Baina, duela 5.000 urteko Afrikako khoisanak aztertuz gero, jatorria, ziurrenera, beste lekuren batean markatuko litzatekeela uste du Iriondok. «Gauzak ongi egite aldera, garai hartako aztarnen DNA aztertu beharko lukete», esan du Hervellak. Arazoa da Afrikako klimak ez duela laguntzen DNA gordetzen. Iriondok argi du: «Gizakia ez dator Eva bakar batetik. Afrikako leku askotan dauden giza taldeek hartu zuten parte, maila handian ala txikian, gure espeziearen eraketan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.