Polizia operazioa, frantsesezko bide seinaleak Parisera bidaltzeagatik

Aitzinako kide bat atxilotu dute jendarmeek, eta antolakundearen egoitza miatu.Aske da gaztea, eta agerraldira deitu du gaurko Aitzinak

Nora Arbelbide - Hodei Iruretagoiena
2014ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Aitzina gazte antolakundearen aurka egin du Frantziako Poliziak, frantses hutsezko bide seinaleak kendu eta Parisera bidaltzeagatik. Alex Felmann Aitzinako kidea atxilotu dute, eta gazte antolakundeak Baionan duen egoitza miatu. Marc Mariee Baionako prokuradoreak jakinarazi zuenez, «ebasketa eta gauza ebatsiak gordetzea» egozten diete, eta udalerri «andana batek» jarria zuten salaketa bide seinaleak kendu zituztelako. Besteak beste, EH Baik, LABek, Ernaik eta Gazte Abertzaleek salatu dute operazioa.

Arrosan hasi zuten operazioa jendarmeek (Nafarroa Beherea), atzo, 07:00ak aldera. Han atxilotu zuten Felmann, etxean. Segidan, Baionara eraman zuten gaztea, Aitzinaren egoitza miatzera, eta Marracq-eko jendarmeriara ondoren. 19:00ak aldean utzi zuten aske.

Uztailaren 14an —Frantziako Errepublikaren egunean— kendu zituzten frantses hutsean ziren ehun bide seinale inguru. Bideo bat zabaldu zuen ondoren Aitzinak, erakutsiz nola bidali zituzten seinaleak Parisera, tren batean sartuta. Atzo, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak azaldu zuen Jendarmeriari eman zietela gertatutakoaren berri, uztailean bertan.

'EhKz'-ren materiala

Aitzinaren egoitza arakatzeaz gain, material informatikoa ere eraman zuten jendarmeek. Aitzinarena, eta EhKz gazte agerkariaren ordenagailua eta disko gogorra. Irmo salatu zuen EhKz-k operazioa bera, baita hori komunikabide baten materiala konfiskatzeko erabili izana ere. Arratsaldean itzuli zieten materiala.

Beste hainbat eragilek ere salatu zuen gertaera, eta babesa agertu zieten Aitzinari eta Felmanni. Euskal Herria Bai koalizioak «onartezintzat» jo zuen operazioa. Ernai gazte antolakundeak adierazi zuen «Euskal Herriaren eraikuntzan eta gazteriaren arazoen inguruan lanean dabilen gazteriaren aurkako» erasoa dela: «Frantziako eta Espainiako estatuak eskutik helduta aritu dira beti gazteria aktibo eta antolatuaren aurka. Haien izaera faxistaren erakusle da gaurko atxiloketa ere». LAB sindikatuak, berriz, «euskal gazteria kriminalizatu» nahi dutela salatu zuen, eta ohartarazi zuen halakoak oztopo direla gatazka konpontzeko.

Arratsaldean, mobilizazioak egin zituzten Baionan, San Andres plazan eta Arrosako zubian, operazioa gaitzetsi eta gaztea aska zezatela eskatzeko. Baionan 50 bat lagun elkartu ziren, hainbat talde eragiletako ordezkariak tartean, Aitzina beti bidean lelopean. Euskararen ofizialtasunaren aldeko kartelak ere erakutsi zituzten: «Frantzia bidean galdu da. Gure norabidea, ofizialtasuna». Gaurko, berriz, agerraldi jendetsua iragarri du Aitzinak: Baionako San Andres plazan izango da, 13:00ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.