Akusaziorik gabe askatu dituzte asteartean atxilotu hirurak

Agirrebarrena eta Magis atzo eguerdian askatu zituzten.Teo Salamon, laugarren atxilotua, berriz, Parisera eraman zuten goizean

Atxilotuak askatzeko eskatuz egindako pintaketak. SYLVAIN SENCRISTO.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Astearte goizean atxilotu lau gazteetarik hiru aske daude, kargurik gabe. Haitz Agirrebarrena eta Jean François Magisatzo eguerditan askatu zituzten, eta Alex Feldmann, herenegun gauean. Laugarren atxilotua, berriz, Teo Salamon, Parisera eraman zuten atzo goizean, atxiloaldia araberan luzatu ziotela. Berez, larunbat goizera arte atxiki dezakete. Terrorismoaren Aurkako Ministerio Publikoko instrukzio epaile batek agindurik egin zituzten atxiloketak. Asteartean atxilotzerakoan, lau gazteen etxeak miatu zituzten jendarmeek, eta Paueko Jendarmeriara eraman zituzten ondotik, zuzenean.

Parisko atxiloaldia bururatu arteko denbora horretan, abokatuek ezin dute ezer komunikatu. Ez Salamon epailearen aitzinetik iragana denik, ez iragatekoa denik, ez eta abokatuek berek ikusi ahal izan duten ere.

Beste hiru askatuen kasuan ere, laugarrenaren atxiloaldiak segitzen dueno zehaztapenik ez ematea hobetsi dute abokatuek, Clara Rouget abokatuak zehaztu duenez. Halere, zerbait azpimarratzekotan, Rougetek azpimarratu zuen atxiloketa egin eta hiru egun berantago ez zuela oraindik ulertzen zergatik atxilotu dituzten, ez eta zergatik hiru egunez atxiki dituzten ere. «Ez dut elementurik ikusten ez haien atxiloketa eta ez haien atxiloaldia justifikatzen duenik». Atxilotzeko arrazoi zehatzak ez dira oraindik jakinak, hortaz.

Atxilotzeko mementoan, atxiloketek «zenbait atentaturekin» zerikusia zuketela jakin zen; artean, Itsasun etxe bati eman suarekin. Miarritzeko bikote baten bigarren etxebizitza kiskalia atzeman zuten 2013ko azaroaren 17an. Eraikinaren kalte materialak handiak izan ziren, baina su hartu zuenean etxearen jabeak ez ziren barnean. Euskal Herria ez da salgai! idatzia zuen su hartu etxearen murruetako batek. Ekintza ez zuen nehork bere gain hartu, eta Parisko Terrorismoaren Aurkako Ministerio Publikoak hartu zuen gertaturikoa ikertzeko ardura.

Atxiloketen salatzeko, atzo gauean elkarretaratzeak egin zituzten Baionan, Itsasun eta Arbonan. Larunbateko manifestaldia berretsi zuten. Euskal gazteria aitzina! Konponbidea orain! lelopean, Aitzina, EHBai eta Lurra eta Etxebizitza kolektiboak Baionako San Andres plazara deitu dute, 16:00etan. «Probokazio» hori gelditu eta konponbidearen aldeko urratsak egitera deitu dute Frantziako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.