Hasier Arraiz auzipetzeko eskaera babestu du Kalparsorok

Abokatuen aurkako operazioa izan zenean Guardia Zibilari «xake-mate» egin behar zaiola esan izana delitua izan daitekeela argudiatu du

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 12an Guardia Zibilak hamabi abokatu eta Herrira-rekin lotutako beste lau lagun atxilotu zituenean Hasier Arraiz Sorturen presidenteak esandakoak delitu izan daitezkeela uste du Juan Kalparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak. Hitz hai-engatik auzitara eramatea ez duela gaizki ikusten esan dio Auzitegi Nagusiko Zigor Salari, eta Dignidad y Justicia elkarteak Arraizi jarritako kereila babestu du hala.

Mate izena eman zion operazio hari Eloy Velasco epaileak. Urtebete lehenago EPPKren bitartekarien aurka egindako operazioari Xake izena jarri zion. Halako erasoei aurre egiteko deia egin zuen Arraizek abokatuen aurkako operazioa izan zenean, epailearen hitz-joko bera erabilita: Guardia Zibilari «xake-mate» egitera deitu zuen Euskal Herria.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Carlos Urkijok, salaketa jarri zuen, eta fiskaltzak ikerketa hasi zuen. Espainiako Estatuari eta Guardia Zibilari «irainak eta mehatxuak» egin izana egotzita salatu zuten Arraiz.

Dignidad y Justiciak Sortuko presidentearen aurkako kereila aurkeztu zuen gero, auzibidea abiatzeko eskatuta. Fiskalburuak eman du bere iritzia: Arraizen hitzetan «estatuko instituzioen aurkako delitu bat» egon litekeela esan du; hori pentsatzeko zantzuak badaudela. Orain, Juan Luis Ibarra buru duen EAEko Auzitegi Nagusiko Zigor Salak erabaki beharko du Arraiz epaitu edo ez.

Arraiz babestu du Sortuk

Sortuk Arraizen hitzen kokapena egin du fiskalburuaren erabakia kritikatzeko. Ohartarazi du Espainiako Estatuarena dela euskal herritarrek pairatzen duten «indarkeria bakarra»; «eta, bereziki, Guardia Zibilarena». Areago: Espainiak «gatazka politikoa betikotzeko apustua» egin duela dio, eta Guardia Zibilak «funtsezko tokia» duela hor: «Guardia Zibila bera da gobernua estutzen duen botere faktiko nagusia, eta Euskal Herrian errepresioari eusten dio gatazkari aterabiderik ez emateko». Euskal Herritik joateko eskatu du hargatik.

«Hitza soilik erabiltzen dugunoi etengabe jazartzen zaigun estatu bat politikoki garaitua dagoen estatu bat da», esan du Sortuk, Espainiaren jarreraren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.