Nafarroako arartekoak %23 jarduera gehiago egin ditu 2017an

Hezkuntza alorrean jaso ditu kexa gehien. Babesgabe dauden adingabeen gorakadaz hausnartu beharra azpimarratu du Enerizek
Javier Eneriz, Nafarroako arartekoa.
Javier Eneriz, Nafarroako arartekoa. IÑIGO URIZ / FOKU

Iosu Alberdi -

2018ko ekainak 15
Nafarroako ararteko Javier Enerizek atzo aurkeztu zuen 2017an eginiko jardueren txostena, Nafarroako Parlamentuan. Guztira 2.412 izan ziren, 2016. urtean baino %22,7 gehiago. Enerizek adierazi zuen arreta handiena behar duten arloak hezkuntza, funtzio publikoa eta gizarte ongizatea direla. Lan horien ondorioz, 118 iradokizun, 232 gomendio eta 122 legezko eginbeharren gogorarazpen egin dizkie arartekoak Nafarroako erakunde publikoei.

Enerizek azaldu du 826 ikerketa egin dituztela; horietatik 787, herritarren kexen ondorioz. Kexa gehien jaso duen alorra hezkuntza izan da, 156rekin. Horien artean eskola jazarpenarekin lotura duten lau, baita zentro publiko eta itunpekoetako onarpen baremoen inguruko hainbat ere. Arartekoak gaineratu du hezkuntza «desadostasunen alor» bihurtu dela, eta «egonkortasuna» lortzeko elementuak bilatu beharra dagoela. Hezkuntzaren ondoren, funtzio publikoen alorrak jaso du kexa gehien: 96.

Gizarte ongizatean 86 kexa egon dira, horietatik hemeretzi haur eta gazteen babesari lotutakoak, gehienbat adingabeen babesgabetasunari eta guraso bananduen zaintzari lotuak. Alor horretan, arartekoak azpimarratu du hausnartu beharra dagoela «babesgabe dauden adingabe kopuruaren igoeraz». Indarkeria matxistarekin lotutako bederatzi salaketa ere jaso ditu: hiru, bikotekide ohiek eginiko erasoen ondorioz; eta sei, gizarte langileen arreta okerragatik. Errenta bermatuaren inguruko hemeretzi kexa ere jaso dituzte, laguntzak ukatzea eta kontzesioetan atzeratzea dira arazo nagusiak.

Ingurumenari lotutako kexa ugari ere jaso dituzte: 66. Nabarmenenak, kutsadura akustikoari lotutakoak: gazteen lokalak, fabrikak, ostalaritzako negozioak eta hondakin kamioiak. Halere, badira, besteak beste, ingurumen informazioaren berri ematea ukatzeagatik eta salaketak ez erantzuteagatik jarritakoak ere.

Enplegu publikora sarbidea lortzeko baldintzen inguruko kexak 56 izan dira, eta, besteak beste, behin-behineko kontratuak lortzeko zerrenden kudeaketa jarri da ezbaian.

Osasun alorrean, kexa gehienak erietxeetan jasotako arretarekin eta itxaron zerrendekin lotutakoak dira. Azken horiek, batez ere, traumatologia eta errehabilitazio arloetan eman dira. Nafarroako osasun sistemak guztira 55 kexa jaso ditu.

Ogasunak jasotako 48 kexen artean nabarmentzekoak dira PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotutakoak. Etxebizitza arloan, berriz, 35 kexa jaso dira, eta alokairua ordaintzeko laguntza publikoen jaitsiera eta babes ofizialeko etxeetara sartzeko zailtasunak nabarmendu dira.

Hirigintza alorrean, berriz, 35 kexa izan ziren 2017an. Gehienak udalen ekimen faltaren ondorio dira. Hirigintza araudiaren balizko arau-hausteen aurrean beharrezko neurriak ez hartzeagatik salatu dituzte.

%61,4ko onarpen maila

Kexen %53,9 Nafarroako Gobernuari eta hari lotutako erakundeei lotutakoak dira, guztira 496. Atzetik daude udal erakundeei eginikoak, 247 (%26,8), eta Espainiako Estatuko administrazioari lotutakoak, 87 (%11). Kexa horiek ikertuta, 398 ebazpen egin ditu arartekoak, 2016an baino 78 gehiago. Arartekoaren egitekoaren onarpena, berriz, %61,4koa da, 2016koaren antzekoa. Ordukoa inoizko txikiena izan zen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna