Emakunde bat etorri da greba feministaren aldarrikapenekin

Martxoaren 8ko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. Gazteei «berdintasuna irakasteko» kanpaina bat hasi du erakundeak
Emakunderen kanpainaren aurkezpena, atzo, Gasteizen.
Emakunderen kanpainaren aurkezpena, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Iosu Alberdi -

2018ko otsailak 27
Emakundek bat egin du Euskal Herriko mugimendu feministak martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, deitutako grebaren aldarrikapenekin. Egun horretara begira diseinatutako kanpaina aurkeztu zuen erakundeak, atzo, Gasteizen. Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna izango da kanpainaren leloa, eta belaunaldi berriek, besteak beste, etxeko lanen eta besteen zaintzaren ardura partekatuarekin lotutako mezuak jasotzea du helburu.

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidaren esanetan, martxoaren 8ko grebak «langile grebaren kontzeptu klasikoa» gainditzen du, ez baitute sindikatuek antolatu, mugimendu feministak baizik. Aldarrikapenak lan mundutik harago doazela ere esan du, besteak beste, zaintza lanak ere barneratzen dituelako, «ezkutatuak eta gutxietsiak», eta nagusiki emakumeek egiten dituztenak. «Euren egoeragatik» greba egin ezin duten emakumeak ere ahal duten neurrian mobilizazioetan parte hartzera animatu ditu.

Martxoaren 8ra begira, Emakundek sentsibilizazio kanpaina bat ere jarri du martxan, gaur hasi eta martxoaren 13a bitartean garatuko dena. Kanpainaren protagonistak gazteenak izango dira, eta horiei berdintasunean oinarritutako balioak irakastean jarriko du arreta Emakundek: «Balio horiek ez dira bakarrik sortzen». Erakundearen arabera, eragile guztiek «erantzukizun handia» dute eredu parekideak zabaltzeko orduan. Hala esan du Izaskun Landaidak: «Ezin dugu gizarte berdinzalea eraiki gizartea osatzen dugun pertsona guztiok ez baditugu erakusten errespetuan, pertsonen eskubideetan eta berdintasunean oinarritutako balioak».

Ereduen garrantzia

Neskek eta mutilek «helduen jarrerak» kopiatzen dituztela adierazi du Emakundek, eta berdintasuna irakasten ez bada «desberdintasuna» ikasten dela azpimarratu. Horregatik, kanpainan azpimarratu dute helduek etxean, eskolan, kalean, telebistan eta Interneten etxeko gazteei transmititzen dizkieten ereduak eta jarrerak duten garrantzia.