Alemaniako 650 soldadu Malira, Parisek arreta Sirian jar dezan

«Basakeriaren kontrako borrokan» Alemaniak konpromiso sendoa duela esan du Merkelek.Esku hartze handiagoa eskatu dio Hollandek

Angela Merkel eta François Hollande, atzo, Eliseoan. VALAT KAPPELER / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Alemania uzkur agertu izan da,II. Mundu Gerraz gero, bere lurretatik kanpoko gatazketan militarki esku hartzeko. Parisen azaroaren 13an izandako atentatuen ostean, baina, eta EI Estatu Islamikoak egindako beste eraso batzuk ere aipatuta, «basakeriari» aurre egiteko erabateko konpromisoa agertu du Angela Merkel kantzilerrak, atzo bertan François Hollande Frantziako presidentearekin bildu aurretik. Konpromiso horren erakusgarri, Malira 650 soldadu bidaltzea onartzeko proposatuko dio aurki legebiltzarrari. Frantziari laguntzeko hartu dute erabaki hori, Barkhane operazioan daukan pisua arindu eta EIren kontrako borrokan Parisek arreta osoa Sirian eta Iraken jar dezan. Alemaniak esku hartze militarra beste herrialde batzuetara zabaltzea ez du baztertzen Merkelek.

Parisko Errepublikaren plazan azaroaren 13ko erasoen biktimei omenaldia egin zieten atzo Merkelek eta Hollandek, eta Alemaniako kantzilerrari EIren kontrako borrokan Sirian eta Iraken «esku hartzea handiagoa» izateko eta «urrunago joateko» eskatu zion Frantziako presidenteak, agerraldi bateratuan.

Malin 200 militar dauzka gaur egun Alemaniak, herrialdearen hegoaldean —gatazka txikieneko eremuan— tokiko soldaduak prestatzeko. Baina Nazio Batuen Minusma misioan presentzia handiagoa izango du, Ursula von der Leyen Defentsa ministroak atzo aurreratu zuenez. Alemaniako 2016ko aurrekontuak eztabaidatzeko Bundestagen eginiko osoko bilkuraren aurretik egin zituen adierazpenak Von der Leyenek. Legebiltzarrean, Merkelek erantsi zuen aztertzen ari direla, Maliko konpromisoa sendotzeaz gain, Afganistango misioa «luzatzea» eta pexmerga indar kurduen instrukzioa «indartzea». 100 militarretik 150era igoko lukete kopurua Kurdistango Eskualde Autonomoan.

Alemaniaren esku hartze militarra Maliz gaindikoa izan daitekeela nabarmendu du Merkelek: «Gehiago sartu behar badugu, ez dugu baztertzen. Frantziaren ondoan gaude elkartasunez».

Berlinen jarrera, Espainiaren oso bestelakoa izan da. Frantziari laguntzeko, Malira militar gehiago bidaltzeko aukera haizatu zuen Mariano Rajoyren gobernuak Parisko atentatuen ostean, iragan ostiralean Bamako hiriburuan hotel bati eraso egin eta ekintzaile jihadistek ehundik gora bahitu hartu zituzten arte; 19 hil zituzten. Orduz gero, abenduaren 20ko hauteskundeak igaro arte laguntza militarra handitzea baztertu egin du Madrilek.

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak gaur eskatuko dio parlamentura EIren kontrako bonbardaketak Iraketik Siriara hedatzea. Esku hartze militarra «orain» behar dela esan zuen atzo, Sirian akordio politiko baten zain egon beharrean.

Tunisian, Estatu Islamikoa

Presidentetza Guardiaren autobus baten aurka herenegun Tunis hirian egindako atentatua EIren Tunisiako sailak hartu du bere gain. «Tunisiako fedegabeak zigortzeko» ekintza izan zela eta xaria ezarri arte segurtasunik ez dela izango adierazi du. Suizida batek hamabi pertsona hil zituen.

Tunisiako Gobernuak herrialde osoan larrialdi egoera eta hiriburuan etxeratze agindua ezarri zituen herenegun —ekainaren 26an Susan izandako erasoaren ostean bi hilabete eta erdiz eutsi zion larrialdi egoerari—, eta atzo Libiako muga hamabost egunerako ixtea erabaki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.