Tentsio giroa baretzeko saioa egingo dute gaur Golkoko herriek

Dohan bi eguneko bilera egingo du Golkoko Lankidetzarako Kontseiluak.

Enbaxadoreak Qatarrera itzultzea onartu berri dute monarkiek

Xabin Makazaga -

2014ko abenduak 9
Persiar golkoko herrialdeen arteko harremanak baretzen hasiak dira, duela hiru aste Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek eta Bahrainek nork bere enbaxadoreak berriro Qatarrera itzularaztea hitzartu baitzuten. Baina 2013an Mohamed Mursiren kontra Egipton izandako estatu kolpeak eta Anaia Musulmanei Dohak agertu zien babesak irekitako zauriak ez dira oraindik erabat itxi. Gaur eta bihar ikusiko da harremanek normaltze bidea hartu ote duten, GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluaren bi eguneko bilera egingo baitute Qatarko hiriburuan.

Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Kuwait, Bahrain, Oman eta Qatar biltzen dira GCCn, eta Dohako goi bilera arriskuan egon da duela aste gutxi arte, Qatarrek segurtasun mekanismoak urratu zituela eta beste estatuen barne auzitan sartu zela argudiatu baitzuten duela ia urtebete Persiar golkoko monarkiek. Eta Dohatik enbaxadoreak erretiratu ere egin zituzten Riadek, Abu Dhabik eta Manamak iazko martxoan.

Saudi Arabiaren eta Arabiar Emirerri Batuen etsai deklaratuak dira Anaia Musulmanak, eta Abdel Fatah al-Sisik Egipton estatu kolpea eman eta Anaiartea legez kanpo utzi ostean, Qatarren babestu ziren buruzagietako batzuk. Mursi agintean zela Egipto, Qatar eta Turkiaren artean Ekialde Hurbilean sortutako ardatz islamista hautsi egin zuen al-Sisik, baina ardatz hori bultzatu izanak erabat okertu zituen Qatarren eta Golkoko monarkien arteko harremanak.

Egipto erabat lerratu da Saudi Arabiarekin eta Arabiar Emirerri Batuekin, Al-Sisi agintera iritsi zenetik. Egoera ekonomiko larrian egonik, Riadetik 4.000 milioiren laguntzak eta dohaintzak jaso baititu Kairok, eta 2.400 milioirenak Abu Dhabitik. Eta ardatz islamista erori ostean Qatarrek berak ere Persiar golkoko herrialdeen artean tentsioa baretzeko saioak egin ditu.

Dohak ez ditu entregatu «terrorismoa» egotzita Kairon auzipetu dituzten Anaia Musulmanen buruzagiak, baina Qatarren eta Egiptoren arteko ezinikusia apaldu egin da, adierazpen publikoei dagokienez behintzat, eta horrek GCCko herrialdeen arteko harremana normaltzeko aukera erraztu du.

Qatarko Al-Jazeera telebista itxi eta hainbat kazetari zigortu egin zituzten Egipton, Al-Sisi agintera iritsi ostean. Berriki, haientzat indultua emateko prest dagoela jakinarazi du Egiptoko presidenteak: «Nigatik, hasieratik deportatuko nituzkeen». Eta Al-Jazeerak, Anaia Musulmanen kontrako estatu kolpeaz gero beti «presidente kolpista» gisa aurkeztu baitu Al-Sisi, «presidente hautatu» deitu zion duela egun gutxi, aurreneko aldiz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna