Itun nuklearra errespetatzeko exijitu die Iranek AEBei

Rohani presidenteak erran du Washingtonek akordioa baliogabetuz gero «ondorio larriak» izanen direla. Trump: «Ituna desastre bat da»

Hassan Rohani Irango presidentea, atzo, Tabriz hirian eman zuen hitzaldian. EFE.
mikel rodriguez
2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Donald Trump AEBetako presidentearen kanpainako promesetako bat zen Iranekin egindako akordio nuklearra baliogabetzea, eta, behin presidente kargua hartuta, itunaren sinatzaileei erran zien hitzartutakoaren edukia aldatzeko, bertzela AEBak erretiratu eginen dituela. Maiatzaren 12ra arteko epea emana du, eta azken egunotan areagotu egin dira irtenbide bat lortzeko hartu-emanak. «Norbaitek akordioari traizio egiten badio, jakin beharko luke ondorio larriei aurre egin beharko diela», ohartarazi zuen atzo Hassan Rohani Irango presidenteak. «Iran prest dago egoera guztietarako».

Ez zuen zehaztu zein izan litezkeen ondorio horiek, baina duela egun batzuk Mohammad Javad Zarif Atzerri ministroak erran zuen izan litekeela berriz ere uranioa aberasten hastea. Hain zuzen, Mendebaldeko estatuek hori eragotzi nahi izan zuten akordioa egiterakoan, bertzela Iranek arma nuklearrak egiteko behar zituen baliabideak lortuko zituelakoan. «Ez dira ausartuko berriz hasten», erran zuen atzo Trumpek. Emmanuel Macron Frantziako presidentea hartu zuen Etxe Zurian. Bertzeak bertze, Macronek Trump konbentzitu nahi du Barack Obamak sinatutako konpromisoari eusteko. Angela Merkel Alemaniako kantzilerra etzi joatekoa da Etxe Zurira, eta hark ere itun nuklearra du agendan. Ez dute lan erraza, Trumpek atzo berriz ere esan baitzuen akordioa «desastre bat» dela.

Txina eta Errusia, bat eginda

Itun nuklearra 2015ean sinatu zuten Iranek, AEBek, Alemaniak, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak. Horren arabera, Iranek onartu zuen programa nuklearra helburu zibilekin eta nazioarteak gainbegiratuta egitea, eta bertze herrialdeek zigorrak kendu zizkioten. Trumpek erran du prest dagoela maiatzaren 12tik aitzinera zigor ekonomikoak berrezartzeko. Errusiak eta Txinak adierazi dute elkarrekin lan eginen dutela AEBen asmoei aurre egiteko, eta Nazio Batuen Erakundean proposamen bat aurkeztuko dute bertze herrialdeek ere «erabateko babesa» eman diezaioten itunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.