Essebsi eta Marzuki, aurrez aurre bigarren itzulian

Nida Tuniseko hautagaia gailendu da Tunisiako bozen lehen itzulian (%39,5).

Lehia estua espero da bigarrenerako
Hauteskunde batzordea, emaitzen berri ematen, atzo.
Hauteskunde batzordea, emaitzen berri ematen, atzo. MOHAMED MESSARA / EFE

Adrian Garcia -

2014ko azaroak 26
Beji Caid Essebsi eta Moncef Marzuki. Islamismoaren aurkako zigorra bata, eta antzinako erregimenaren arbuioa bestea. Lehenengoa gailendu da igandean jokatutako lehen itzulian, Essebsi, baina ez du bigarrena saihesteko gehiengo osorik eskuratu. Botoen %39,5 jaso ditu. Marzuki egungo presidenteak, berriz, %33,5. Bien aldeko tartea eskasa da, 200.000 botoren ingurukoa, eta lehia estua espero da bigarren itzulirako. Abenduaren 14an, 21ean edo 28an egingo dute, erreklamazioen arabera. Helegiteak jartzeko 72 ordu igarotzean emango dute data zehatzaren berri. Izena emandako 5,2 milioi boto-emaileetatik %65ek bozkatu dute.

Essebsi zen faborito nagusia. Erraz gailenduko zela zioten inkestek —nahiz eta debekatuak egon, alderdien eta analisten esku bazeuden—. Urriaren 26ko legebiltzarreko bozetan, 217 eserlekuetatik 86 lortu zituen Nida Tunis haren koalizio sekularrak. Ennahda alderdi islamikoa bigarren tokian geratu zen, 69 legebiltzarkiderekin. Islamistek uko egitean presidentetzara aurkezteari —haien esanetan, herrialdearen polarizazioan ez sakontzearren—, uste zen Nida Tunisek oztopo gutxi izango zituela parlamentua kontrolatu, gobernua osatu eta presidente kargua hartzeko.

Marzukiren ezustekoa

Baina Marzukik eman du ezustekoa. Haren CPR Errepublikaren aldeko Biltzarrak lau legebiltzarkide lortu zituen aurreko bozetan, eta inkestek ez zioten botoen %10 baino gehiago ematen. Hainbat polemikak zipriztindu dute presidentea, eta, gainera, kalte egin dio azken urteetan islamistekin eginiko aliantzak.

Baina boto-emaileek beste aukera bat eman diote. Hauteskunde kanpainan Zine el-Abidine Ben Ali aurreko presidentearen mamuak erruz astindu ditu, eta Nidas Tunis eta erregimen horren arteko loturak egin. Izan ere, koalizio laikoko kide asko Ben Aliren eta Habib Burgibaren garaiko agintariak dira. Baita Essebsi bera ere, nahiz eta erregimenarekiko desadostasunengatik egin ezagun. Haatik, Marzukik aurkako ibilbidea egin du. Ben Aliren agintaldian Tangerrera erbesteratu behar izan zuen, Marokora, giza eskubideen alde eginiko kanpainagatik.

Bigarren itzulirako aliantzak lotzeko aukera handia du Marzukik. Ennahdak iragarritako neutraltasuna hautsi dezake, eta CPR-ren sortzailearen aldeko botoa eskatu. Hurrengo asteburuko batzordean hartuko dute erabakia.

Nolanahi ere, Fronte Popularra ezkerreko koalizioak izango du presidente izateko giltza. Botoen ia %8 jasota, hirugarren tokian geratu da Hama Hamami hautagaia. Alderdikide batzuek esan dute ez dutela Marzukiren aldeko botorik emango, baina ez dute jarrera ofizialik jakinarazi orain arte.

«Normaltasunera» itzultzeko Essebsiren promesa ez da nahikoa izan gehiengo osoa lortzeko, eta arerioa horren gertu ikusteak larritu egin ditu Nida Tuniseko arduradunak. Aurrez aurreko telebista eztabaida bati uko egin diote, eta, kanpainan egin gisan, «islamista atzerakoienen» alde egitea leporatu diote Marzukiri.

Tarek Txabuni Nida Tuniseko kanpainaren arduradunetako batek Efe agentziari azaldu dioenez, Marzukik salafista eta ultraortodoxo islamikoen babesa jaso du. «Ez gaude islam politikoaren aurka, baina bai muturreko jarrera ororen aurka».

Abendura arte behintzat, herrialdeak boz kanpaina etengabean jarraituko du. Enpresaburuek eskatu dute bigarren itzulia abenduaren 14an egiteko, bizitza ekonomiko eta politikoa lehenbailehen onera itzultzeko eta jada bi urtez atzeratu den trantsizioa behingoz amaitzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna