Ipar Irlanda. Hauteskundeen emaitzak

Sinn Fein indartuta, unionistek gehiengoa galdu dute Ipar Irlandan

1.168 botok eta diputatu batek baizik ez dute bereizi Sinn Fein DUPetik. Alderdi unionista nagusia ez da heldu 30 eserlekutara, eta, horren ondorioz, beto eskubidea galdu du gobernuan

SINN FEIN.
Samara Velte.
Belfast
2017ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Aspaldiko konposizio bereziena izango du aurrerantzean Ipar Irlandako Legebiltzarrak. Osteguneko hauteskundeen ondotik, DUP Alderdi Demokratiko Unionistak eutsi egin dio lehenbiziko postuari, baina ozta-ozta soilik. 1.168 botok baino ez dute alderdi unionista nagusia bereizi Sinn Fein errepublikanotik. Hark nabarmen profitatu du berak aurreratutako hauteskunde deialdia, eta inoizko emaitzarik onena lortu du: 27 eserleku 90 diputatuko ganberan, alderdi unionista nagusiak baino bat gutxiago. DUPek, iaz, 108 diputatuko ganberan, 38 lortu zituen; aurten 28 baino ez. Lehenbiziko aukerako botoetan %1eko aldea baino ez dio atera Sinn Feini.

Gobernuko bi alderdion arteko botere harremana orekatuagoa izango da, beraz, aurrerantzean. DUP, gainera, ez da iritsi 30 diputatuko langara, eta, beraz, galdu egin du gai gatazkatsuetan erabakigarri izateko balio zion beto eskubidea. Alderdi unionistentzat, oro har, emaitza txarra izan da: lehenbiziko aldiz, gehiengoa galdu dute parlamentuan, UUP Ulsterko Alderdi Unionistak hamar eserleku baino ez baititu lortu—iaztik hamasei zeuzkan—.

Errepublikanismoaren aukera moderatuagoa izan ohi den SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristak, Alliance neoliberalak eta Alderdi Berdeak lehengo diputatu kopuruei eutsi diete: hamabi, zortzi eta bi eserleku dituzte, hurrenez hurren. People Before Profitek lehengo bi ordezkarietatik bat galdu du, eta TUV Ahots Tradizional Unionistak bere diputatu bakarrari eutsi dio.

Orain, hiru asteko epea dute komunitate bakoitzeko alderdi nagusiek gobernua osatzeko. Michelle O'Neill Sinn Feineko buruak «lehenbailehen» hasteko gogoa du: «Boto emaileek indartutako mandatua erabiliko dugu berdintasuna, integrazioa eta errespetua bermatzeko. Tory-en [Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorearen] austeritate neurrien aurka egingo dugu, eta Europako Batasunean estatus berezi baten aldeko kanpaina Irlanda iparraldearentzat». Gerry Adams Sinn Feineko presidentearen hitzetan, «irlandarrek brexit-aren aurka bozkatu dute».

Sinn Feinen eta DUPen arteko harremana trabatuta zegoen bozen aurretik; besteak beste, Arlene Foster DUPeko lehen ministroa eskandalu batean nahastuta zegoelako. Kanpainan, Sinn Feinek gobernua osatzeko baldintza gisa ipini du Fosterren erretiroa, baina atzo alderdiak jakinarazi zuen bere horretan mantenduko duela lehen ministrogaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.