BAKARRIZKETA

Carlos Ghosn, beste lau urte lehena izaten

EFE.
Irune Lasa.
2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Renaulteko administrazio kontseiluak aste honetan erabaki du Carlos Ghosnek beste lau urte jarraituko duela konpainiako buruzagi exekutiboaren lanetan.

1. Beste lau urte! Zenbat urte daramatza gizon honek Renaulteko nagusi gisa? Libanoar jatorriko brasildarra 2005ean iritsi zen kargu horretara. Nissan autogintza konpainia japoniarreko buruzagia ere bazen, baina joan den apirilean utzi zuen postu hori. Zenbait iturriren arabera, Ghosnek, 64 urte izanik,gauza bera egin behar zuen aurten Renaulten ere; bigarren planora pasatu behar zuen urtearen amaieran, baina ez da halakorik gertatuko. Beste lau urtez izango da lehen buruzagia, eta haren egiteko nagusia Renault-Nissan-Mitsubishi aliantza sendotzea izango da.

2. Baten batek izango zuen, bada, haren tokia hartzeko gogoa... Ghosnen postua hartzeko hautagai nagusiak 2013an alde egin zuen Renaultetik: Carlos Tavares, gaur egun, PSAren (Peugeot-Citroen) buruzagi exekutiboa da. Dena den, Ghosnek beste agintaldi bat egingo zuelako zurrumurruak zabaldu bezain pronto, Renaulteko bi goi kargudunek konpainia utziko dutela jakinarazi dute: Thierry Desmarest da horietako bat, eta Stefan Mueller bestea.

3. Halako postuetarako lehia ez da makala izaten. Bi horiek Ghosn noiz joango zen zain zeuden, beraz. Baina agian ez Ghosnen lehen postu hori zuzenean hartzeko asmorik. Ziurrenez, bigarren postua nahi zuten. Hain zuzen, Ghosnen ondorengo posiblea ere nolabait izendatu du administrazio kontseiluak. Aste honetan jakinarazi du Thierry Bollore frantziarrak postu berri bat beteko duela: Bollore operazioetarako buruzagi exekutiboa izango da.

4. Badaezpada, izan dezala pazientzia Bollorek, Ghosn gai da-eta lau urte ez baizik zortzi urte egoteko Renaulten buruzagitzan. Bai, ziurrenez horretarako gai da brasildarra. Gainera, zenbaiten ustez, Ghosnek Renault uzten badu, zailagoa izango da Frantziako konpainiak Nissanekin eta Mitsubishirekin duen aliantzari eustea.

5. Ordezkaezin bihurtu da, orduan? Hori leporatzen diote askok. Ez duela ondorengotza bat erraztu, eta buruzagi on batek hori ere egin beharko lukeela. Dena den, aurrera begira, badu beste ezaugarri bat bere kontra Ghosnek. Frantziak oraindik parte hartze handia du Renaulten, %15ekoa, eta gobernuak begikoago luke buruzagi frantziar bat konpainiarentzat.

6. Frantsesek frantsesa nahi? Harritzekoa. Zenbait analistaren arabera, beste lau urtez jarraitu ahal izateko, Frantziako Gobernuak eskatzen zion baldintza bat bete du Renaulteko buruzagi nagusiak: bere soldata murriztu du, esanezorain arte bere egitekoak ziren asko Bollorek beteko dituela hemendik aurrera. Ghosnek ika-mika izan zuen iaz Frantziako Gobernuarekin, gehiegi kobratzen zuela eta.

7. Soldata jaitsi diote orduan? Orain arte, Renaultetik urtean 7,25 milioi euro irabazten zituen, eta orain %30 gutxiago poltsikoratuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.