Protestak Budapesten, 'Nepszabadsag' egunkariaren itxieraren aurka

urtzi urkizu
2016ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Joan den asteburuan milaka herritarrek parte hartu zuten Hungariako Nepzabadsag egunkariaren itxieraren aurkako mobilizazioetan. Mediaworks enpresa da egunkariaren jabea, eta larunbatean iragarri zuen kazetaren behin-behineko itxiera. Erredakzioko kazetariak ezin izan ziren egoitzara sartu, ezin zuten haien posta elektronikoa kontsultatu eta iritzi publikoarekin batera jakin zuten itxieraren berri. «Uste dugu hau kolpe bat dela», adierazi dute kazetariek Facebookeko orrialde batean.

Enpresak agiri batean jakinarazi zuen azkeneko urteetan egunkariak galera handiak izan dituela: 16 milioi euro inguru. Azkeneko hamar urteetan salmentak %74 gutxiagotu dira. Dena den, egunkariaren ildo editoriala Hungariako Gobernuaren kontrakoa zen, ezkerrerantz jotzen zuen eskuinera baino gehiago. Eta giza eskubideen aldeko hainbat taldek salatu dute itxierak lotura duela egunkariak Viktor Orban lehen ministroari egindako kritikekin.

Martin Schulz Europako Parlamentuko presidenteak «aurrekari kezkagarritzat» jo du itxiera. Europako Batasunak ere kezka azaldu du behin-behineko itxierarengatik, eta adierazpen askatasunaren eta pluralismoaren aldeko aldarria egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.