Mugen gainetik, zirrikitu bila

Motibazio politikoko biktimen lege proposamena aurkeztu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Baik eta Ezkerrak. «Konstituzionalak egia jakiteko eskubidea ukatu arren» aurrera egin dutela diote

Jose Luis Canoren, Gladys del Estalen, Mikel Zabalzaren eta German Rodriguezen senide eta lagunak, atzo, Iruñean, lanaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Lau urte geroago, bigarren saiakera egingo dute. Aurreko legealdi amaieran, 2015eko martxoan, motibazio politikoko biktimen legea onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, baina PPk helegitea jarri, eta iragan udan Auzitegi Konstituzionalak kamustu egin zuen, haren eduki nagusia baliogabe utziz. Epai horren itzalak baldintzatuta, segurtasun indarrek eta eskuin muturreko taldeek eragindako indarkeria kasuen egia osorik jakiteko eragozpen handiak daudela jakinik ere, atzo lege proposamen berria erregistratu zuten legebiltzarrean Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Baik eta Ezkerrak. Taldeok onartzen dute biktima horien errealitatea azaleratzeko eta aitortza lortzeko mugak «gero eta handiagoak» direla, baina, horien gainetik, zirrikituen bila, aurrera egitea «inoiz baino beharrezkoago» dela deritzote.

Urrats horrekin, alderdiok agerian utzi dute legealdia ez dagoela amortizatuta, eta, Konstituzionalaren epaiaren ondotik, ez dutela geldirik geratzeko asmorik. Gainera, Orain Baik Ahal Dugu-ko hiru parlamentari kaleratzeko bere asmoan aurrera jarraitu arren, bost indarrak ados jartzeko gai direla erakutsi nahi dute. Atzo, prentsa ohar bateratuan, gogorarazi zuten udatik hona «buru-belarri» negoziatzen aritu direla lege proposamenaren edukia.

Zailtasun ugari dituzte aurrean. Lehenik eta behin, Orain Bairen mugimenduak orain arte izandako gehiengoak aldaraziko ditu bai parlamentu mahaian, bai batzordeetan. Printzipioz, aurrera ateratzeko gehiengoa izan arren, egoera berriak tramitazioan nola eragin dezakeen ikusteko dago.

Alta, zailtasun nagusia bestelakoa da. Konstituzionalaren epaiaren itzala luzea da. Atzo indar politiko horiek arbuiatu zuten epai hark biktimak «babesgabe» uzten zituela. «Epaiak, teorian aitortza eta erreparaziorako eskubidea onartu arren, praktikan ezeztatu egiten zuen». Izan ere, 2015eko legeak aitortza eta erreparaziorako batzorde bat osatzea proposatu zuen, kasuak ikertzeko asmoz; Konstituzionalak, berriz, organo hori baliogabetu egin zuen botere judiziala ordezkatu nahi zuela eta fiskaltzaren eskumenak «inbaditu» egiten zituela argudiatuta.

Egitasmoak izen bereko batzorde bat sortzea proposatu du, baina, Konstituzionalak baliogabetutako horrekin alderatuta, hainbat diferentzia ditu. Batetik, Nafarroako Gobernuaren barruan egituratuta egongo da. Bestetik, prozedura administratibo bidez aitortuko dituzte biktimak, eta azken urratsa gobernuak berak egingo du, ez batzordeak; hau da, kasua aztertu ostean, batzordeak loteslea ez den proposamena egingo du, eta gobernuak hartuko du erabaki politikoa. Gainera, lege proposamenak argi bereizten du kasu bakoitzaren azterketa ez dela botere judizialaren eremuan sartzen, eta, batik bat, arduradunak eta delituak ezingo dituela adierazi.

Alderdiek nabarmendu dute «oinarrizko gabezia» horrekin sortu dela, doktrina konstituzionalak egia jakiteko eskubidea eta arduren onarpena eragozten duelako. Era berean, biktimek eurek argi utzi zuten aitortzarik ezin dela egon egiaren ezagutzarik gabe. Kasuetako askotan epaitegiek artxibatu egin dute ikerketa, eta bertsio ofizialek indarkeria egon dela ukatzen dute zenbaitetan. Nahi hori bete ez arren, biktimek proposamenaren berri izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.