Pastor
DARWIN ETA GU

Bizarzuriren ametsak

2017ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Etxegabeentzako aterpea da. Egunez joan, atseden hartu, zerbait jan, eta berriro kalera. Bertatik irten den gizonak kolpea jo du metalezko atean. Kargu hartu dio lagunak: «Zer egin dizu ate horrek, ba?». Ez du erantzun. 40-50 urte inguru izango ditu. Edo gehiago. Bazterkeriak eta deserrotze sozialak arrazoiaren begiak lausotu, eta errealitatearen mugak ezabatzen dituzte.

Izkinan auzoko kale nagusia dago. Eguberrietako giroa nagusi. Bezero batek bizarzuri bat erosi du bazar txinatarrean. Dendariak pilak jarri dizkio soin gorriko panpinari. Giltza ñimi-ñoari eragin, eta han hasi da trineoa zarataka. Bizarzuri ez da poztu. Kanpoan hogei gradu daude, baina hoztuta du irribarrea.

Eguberriak etortzear daudela askatzen da Trading Places filmaren korapiloa, Baionan Un fauteuil pour deux eta Bilbon Entre pillos anda el juego izenekin estreinatua. Eddy Murphy etxerik gabeko atorrante tunantea dugu 1983ko pelikulan. Engainuz eta amarruz bizi da. Zorte kolpe batek haren alde egingo du, baina. Oso gizon aberats baten lekuan bizi izateko esango diote. Fantasia eta ametsa. Halako istorioak ugaltzen dira Eguberrietan, kontsumo kulturalaren industria homogeneizatuan. Hollywoodek sortutako mundua, dream factory-aren txinpartak ortzi hitsean. Gabonak eta diruaren dirdira. Money, money, money. Opari garestiak, norberaren estatusaren seinale. «Emazteak ez du nirekin amodioa egin nahi izango, dirurik ez dudalako», dio negozio-gizon batek, Murphyren ahotik.

Etxegabeak ez du dirurik, ezta andrerik ere, Eguberrietan amodioa egingo dionik. Botila bat ardo merke du lagun. Zer egin du bizian? Noiz hasi zen aldapan behera? Harvard Unibertsitateko irakasle eta filosofo Sean D. Kellyk Blaise Pascalen ikusmoldea aipatu du bizitzeari buruz jarduteko: «Pascalen iritziz, bizitzaren helburua ez da zoriontasuna, bakea edo zerbait burutzea, bizitasunari eustea baizik». Kellyren arabera, bete-betean bizirik sentitzearen funtsa dago XVII. mendeko filosofo frantziarraren pentsaeraren muinean. Bizirik sentitzearen pertzepzio paregabea zen inportanteena, Pascalen aburuz. Noiz ihartu zitzaion bizitzeko gogoa etxerik gabeko gizonari? Hark, guk legez, ametsak izan zituen noizbait, baina amets horiek aterperik gabe geratu dira. Izarrek ez dituzte gehiago argitzen gauaren beltzean.

Neil Young gazteak Old man kanta kaleratu zuen 1972an, lau hamarkada geroago Beatles taldekidearen seme James McCartneyk bertsionatuko zuena: «Begira nire bizitzari, gizon zahar horrek / zu zinen modukoa naiz, oso / begira nire bizitzari, gizon zahar horrek / zure modukoa naiz oso / begira nire bizitzari, gizon zahar horrek / norbait behar dut / gau eta egun maitatuko nauena».

Etxegabea gu izan zen noizbait. Zu eta ni. Desberdinak izan arren, haren modukoak gara. Guk ere norbait nahi dugu, gau eta egun maitatuko gaituena. Tipi-tapa hasi genuen bidea, baina haren eguna kolpetik itzali zen, betiko eklipsean. Beste batzuen argiak, aldiz, ñirñirka segitzen du. Lagun horiek ez daude aterpeetan, kale gorrian. Dena omen dute. Hala ere, itxuraz asebeteta badaude ere, Pascalen idealetik urrun daude. Batzuetan, etxe berriaren mailegua sinatuta, ordenagailuaren aurrean eserita edo bikotekidearen aurrean biluztuta, horretaz konturatzen dira. Amets umezurtzak dira jadanik.

Aterpeko metalezko atearen aurrean gizon bat pausatu da. Haren ondotik pasatu zara. Elkarri begiratu diozue une batez. Ordu batzuk lehenago bertatik irten zen gizona baino askoz gazteagoa da, baina tristura iltzatuta du begietan. Bizkarra eman dizu, burua makurtuta. Lotsaria edo. «Begira nire bizitzari, gizon zahar horrek; zure modukoa naiz oso», esan zezakeen.

Aurrera segitu duzu. Kale kantoian beste eskale bat datza, manta baten azpian erretzen. Txano gorria du buruan, borla zuri bat puntan. Bizarzuri alkoholizatuta dago; ez du etxerik Eguberrietan. Irribarrea hoztuta du. Gaur gauean, zer zubiren azpian egingo dute lo haren ametsek?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.