Garbiñe Biurrun Mancisidor.
Indarkeria matxista. IRITZIA

Feminismo juridikoa, genero-ikuspegia, behin betiko justizia

2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Nafarroako Probintzia Auzitegiak La Manada-ko bost zigortuen behin-behineko espetxealdia luzatu du, baina, oraingo honetan, askatasuna lor zezaketela 6.000 euroren bermea ordainduta eta beste betebehar batzuk ezarriz erabakita. Horrela gertatu da, eta dagoeneko kalean daude bostak.

Erabaki honek harridura eta haserrea sortu ditu gizartearen zati handi batengan, eta kaleetan justiziaren aldeko oihuak entzun dira berriro ere. Denetik entzun da, eta egoera honek azalpen batzuk merezi ditu.

Behin-behineko espetxealdia aparteko neurria da, salbuespenezkoa, baldintza batzuk badaude har daitekeena: ihes egiteko edota frogak ezkutatzeko arriskua, delitua errepikatzeko arriskua eta biktima babesteko beharra. Kasu horietan bakar-bakarrik onartzen da kautelazko neurri hori eta, espetxe zigorra ezartzen duen epaia baldin badago, irmoa ez den bitartean, zigorraren erdira arte luza daitekeelarik.

La Manada kasuan, ondo dakigunez, 9 urteko espetxe zigorra jarri zaie bost salatuei eta, beraz, legez, epaia irmoa izan arte —auskalo noiz—, Auzitegiak bi aukera zituen: behin-behineko espetxealdia luzatu 4 urte eta erdiz, edota aske utzi. Hartu duen erabakia, beraz, legeak aurreikusten du, baina, halere, oso erabaki bitxia izan da. Alde batetik, orain arte espetxean egon direlako eta ez delako inolaz ere ohikoa askatasuna erabakitzea 9 urteko zigorra jarriz gero; bestetik, zigortu den delituaren izaerarekin zerikusia daukala dirudielako.

Baina harridurarik handiena sortu duena egin den arrazoibidea izan da: ez dagoela ihes egiteko arriskurik; ezagunak direnez, pentsaezina dela delitua errepikatzea eta biktimaren babesa bermatzen dela bost zigortuak Madrilgo Autonomia Erkidegotik urrun mantenduz gero. Uler daiteke ihes egiteko arriskua murriztu dela argudiatzea ezarritako zigorra eskatutakoa baino askoz ere txikiagoa izan delako, nahiz eta oraindik hurrengo epaietan igo daitekeen. Uler daiteke, baita ere, biktima babestuta dagoela, nahiz eta helburu horretarako askoz ere eraginkorragoa zen berarengandik urruntze absolutua ezartzea. Baina erabat ulergaitza egiten zaidana da pentsatzea ezinezkoa dela delituak egitea anonimatua galdu dutelako, izan ere gertatutakoaz ez baitute ezertxo ere onartu eta, oraindik ere, beren biktima bere borondate libreaz aritu zela defendatzen dutelako, emakumeon askatasunaz eta duintasunaz ezer ulertu ez dutelako.

Zaila da, benetan, epaitzea; zaila oso besteon bizitzaz erabakitzea. Baina epaileon eginkizuna da, eta horretarako tresnak ditugu —gizarteak bere ordezkarien bitartez emandako arauak—. Egia da tresna ahulak eta inperfektuak direla horiek, eta trebetasun eta abilidadeak behar ditugula akats horiek gainditzeko, justiziak horrela eskatzen duelako. Horietako gaitasun bat —ezinbestekoa— genero-ikuspegia da, eta ez bakarrik askatasun sexualaren edota emakumezkoen aurkako indarkeria epaitzerakoan, baizik eta edozein motatako auziak ebazteko ere bai. Berdintasun formala ez baita nahikoa, benetako berdintasuna da lortu behar dena. Gure gizartean berdintasuna erdiesteko bi tresna dira nagusi: heziketa —balioak ere ikasi egiten direlako— eta justizia —berdintasuna babesteko eta bermatzeko—. Zuzenbideak, orain arte gizonezkoek egin dutenez, haien ikuspegia jaso du, emakumezkook araudiaren sorreratik, aplikaziotik eta interpretaziotik kanpo egon garelarik. Genero-ikuspegiak emakumeon berezitasunei erreparatu behar die eta, halaber, kontuan hartu behar du gure egoera zein den gizarte honetan, bereizkeria guztiak baztertzeko. Feminismoa berdintasunean oinarritutako diskurtso juridikoa da, eta, justiziaren muinean ez badago, ez dugu benetako justiziarik izango.

Hau eta beste aurrerapauso asko ezinbestekoak dira gizartearen eta justiziaren artean sortu den arrakala ixteko eta bien arteko elkarrizketa emankorra lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.