Arrauna. Kontxako Bandera

Alde ala aurka, arraun egin behar

Kontxako Banderako lehen jardunaldia jokatuko da gaur, eta denboraldiak zer eman duen ikusita, talde batzuen brankak ageriago daude besteenak baino. Halere, gakoa izango da norberak bere lana ondo egitea.

Santurtzi, kanporanzko luzean, ostegunean, Donostiako Kontxako Banderako sailkatze estropadan. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Iraileko lehen igandea gerturatu ahala, arraunlari batek baino gehiagok kale erdian halabeharrez geratu behar izaten du herritar batengatik edo bestearengatik, animoak edota aholkuak jasotzeko; izan kuadrillako lagun, gazte zein heldu. Dena da jarduna, urtero bezala: lehen txanda hobea bigarrena bainoago; brankaz lehen kalea bazterreko errepunpen ondorioz narrasagoa gainerakoak bainoago; poparerako laugarrena azkarragoa; haizea mendebaldetik edo ekialdetik, itsaslasterrak; Portaleta aurreko apustuetan talde baten izena ozenagoa... Horixe du Donostiako Kontxako Banderak. Bazetorren, eta etorri da arraun munduaren historian prestigio handiena duen banderaren lehen jardunaldia. Gizonezkoen taldeek 11:00etan (ETB1) ekingo diote lanari, eta aurtengoak ere ez du gatzik eta piperrik faltako.

Irakurri gehiago: Batak amaitu, eta besteak hasi

Osteguneko sailkatze estropadatik gaurko eguna heldu arte arraunlariak zail izaten du arrauna burutik kentzea. Etenaldi labur hori «luze» joan zaie Alex Udabe (Usurbil, Gipuzkoa, 1983) Hondarribiko arraunlariari eta Santurtziko Mikel Azkarateri (Ondarroa, Bizkaia, 1988). Baina biak ala biak tostartean eskarmentua duten arraunlariak dira. «Badakigu Kontxa nolakoa den; final handi bat da, eta estropada berezi honek sortzen dituen urduritasuna eta tentsioa kudeatzea tokatzen zaigu». Guztien gainetik, ordea, nahia bera dute biek: «Gozatuz irabaztea».

Ohitura legez, kolore ezberdinetako hamaika ontzi ziren atzo goizean portuko altxerrian, estropada bezperako entrenamendua egiteko xedez; eta horien artean ziren Sotera eta Ama Guadalupekoa traineruak. Une horretatik aurrera hasten da bata bestearen arteko markaketa. Azkaratek «morbo» hitza erabili du errealitate hori deskribatzeko, «ea aurkariak zein eskifaiaren aldeko apustua egingo duen». Udabek, berriz, ez du uste «ezusteko handirik» egongo denik beste taldeen hamalaukoetan. «Santurtziren eta gure hamalaukoak, behintzat, nahiko finkatuak daude». Baina behin uretan daudela, lan saioak irauten duen bitartean, aurkariei begi zeharka so egiten die: «Batek olatu ona hartu duela, besteak halako norabidea hartu duela... betikoa».

Txandak, kaleak, haizea...

Udak eman duena ikusita, Santurtzi eta Hondarribia ageri dira faboritoen zerrendaren puntaren puntan, eta hori ez dute baztertu Azkaratek eta Udabek. Usurbildarrak «positibotzat» hartu du etiketa hori eramatea. «Faboritotzat jotzen bagaituzte, zerbaitegatik da; baina estatxa askatu orduko arraun egin beharra dago». Sotera-ko arraunlariak, ordea, faboritoaren etiketa baztertu egin du, haien mesederako. «Faboritoa izateak urduritasuna sor lezake; guk bandera irabazteko aukera handi gisa hartzen dugu».

Txanda zozketak Hondarribia lehendabiziko txandan eta Santurtzi bigarrengoan jarri ditu. Berdeak Zierbena, Donostiarra eta Urdaibairekin joango dira; moreak, Orio, Cabo eta Aresekin. Guztiek nahiago izaten dute aurrenekoan arraun egin; goizak aurrera egin ahala, haizeak zakartzeko joera izaten duelako. «Arduraz» mintzatu da Azkarate. «Nahiko genuke txandak ahalik eta parekatuenak izatea». Bi oilarrak alboan joango ez diren arren, Udabek argi du ondoan izango dituen aurkariak «gogorrak» izango direla. «Morea faltako zaigu, baina beste koloreak ere indartsuak dira».

Itsasoari dagokionez, olatuak hutsaren hurrengoak dira; haizea, berriz, ipar-ekialdetik sartuko zaie, eta horrek zer esana eman dezake. Dena den, biak bat datoz «alferrikakoa» dela kanpoko eragileetan indarrak xahutzea. «Naturaren baldintzak ezin ditugu manipulatu», esan du Azkaratek. «Lehendabizi gurea egin beharko dugu», biribildu du Udabek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.