Udal eta foru hauteskundeak. Araba

Trebiñu. Bozen bidegurutzean

Zazpi hautagaitza aurkeztuko dira Trebiñun, eta hiru besterik ez Argantzonen. 2015etik, Araban sartzearen aldeko indarrak gehiengoa dira konderrian.
Trebiñuko herrira sartzeko errepide seinalea.
Trebiñuko herrira sartzeko errepide seinalea. RAUL BOGAJO/ FOKU

Edurne Begiristain -

2019ko maiatzak 17
Blokeatuta dago aspaldi Trebiñuko auzia. Ez aurrera ez atzera. Irtenbiderik gabe. Alderdi politikoen agendetan egun batetik bestera agertu eta desagertzen da gai hori, baina trebiñarrek egunero sufritzen dituzte banaketa administratiboaren ondorioak. Etengabeko ziurgabetasunean bizitzera kondenatuta daude, eta irtenbideak eskatzen dituzte. Trebiñuko eta Argantzongo udaletara aurkeztuko diren alderdi politikoek ongi dakite hori. Gehiengoek bat egiten dute trebiñarren aldarrikapen historikoarekin, eta Araban integratzeko eskaera daramate euren programetan. Maiatzaren 26ko udal hauteskundeek bidegurutzean jarriko dute berriro konderria.

Arabako bihotzean dago Trebiñuko konderria, baina Burgosko administrazioaren menpe dago XVII. mendetik. Trebiñarrek hamaika aldiz adierazi dute Araban sartzearen aldekoak direla: horren lekuko dira 1940an, 1958an, 1980an eta 1988an egindako galdeketak. Haatik, sekula ez zaie errespetatu libre eta demokratikoki adierazitako borondate hori. Artean, eskaera horri eutsi diote PPk ez gainerako alderdiek.

Duela lau urteko udal hauteskundeek hauspoa eman zieten trebiñarren aldarrikapen historikoei: Trebiñu Araban sartzearen alde zeuden indarrek botoen %85 lortu zituzten Trebiñuko eta Argantzongo udalerrietan. Trebiñuko konderriak duen anabasa administratiboa amaitu, eta Arabara batzeko eskatzen duten bi hautagaitzek eskuratu zuten aginte makila: Trebiñun CDC herri hautagaitzako Ernesto Argotek, eta Argantzonen AINP Nueva Puebla hautagaitza independenteko Roberto Ortizek.

Legealdia, baina, ez da batere samurra izan bi udalerrietan. Eskualdearen gatazka politikoaren konponbiderik ezak gogaituta, planto egin zuen Trebiñuko alkateak. Argotek 2016ko abenduaren 16an eman zuen dimisioa, erakundeak Trebiñuko auziari «bizkarra» ematen ari zaizkiola salatzeko. Haren salaketari batu zitzaion egun gutxira Ignacio Portilla talde independenteko (AEICT) zinegotzia ere, kargua utzita. Argoteren dimisioaren ondotik, Elena Ramirez zerrendako bigarrenak hartu zuen udaleko aginte makila.

Orekarik ez Trebiñun

Udalerriak duen gatazka politikoaren erakusgarri izango dira berriro maiatzaren 26ko hauteskundeak. Izan ere, biztanleriaren eta hautagai zerrenden kopuruaren artean izan ohi den oreka hautsiko da atzera, eta zazpi zerrenden artean aukeratzeko tenorean izango dira herrian. Udalerriak 1.400 biztanle baino gutxiago ditu, eta, bederatzi eserleku aukeratzeko, honakoak lehiatuko dira: hiru talde independente —Ciudadanos del Condado CDC, Condado para Todos CPT, eta Agrupación Independiente Condado de Treviño AICT—, EH Bildu, EAJ —lehen aldiz aurkeztuko da herrian—, PP eta Ciudadanos.

Argantzongo egoera oso bestelakoa da. Soilik EAJ,EH Bildu eta PP lehiatuko dira udalerrian. Izan ere, Roberto Ortiz egungo alkateak politika lagatzea erabaki du karguan hamabi urtez egon ondotik. Bere hautagaitzak, baina, ez du lortu zerrendarik osatzea, eta ez da aurkeztuko udal hauteskundeetara. Duela lau urte, AINPk bost zinegotzi eskuratu zituen (botoen %64,69), eta EAJk (%13,53) eta EH Bilduk (%12,54), bana. PP ordezkaririk gabe geratu zen, botoen %7,92 lortuta. Hartara, ezohiko egoera izango dute herrian, EAJren edo EH Bilduren esku geratuko baita alkatetza, historian lehen aldiz.

Egoera berriak irekiko dituen aukerekin «itxaropentsu» daude EH Bildu eta EAJ. Biek ala biek ikusten dute euren burua irabazle. «EAJren eta EH Bilduren artean egongo da lehia, eta guk baikor egoteko arrazoiak ditugu», adierazi du Pablo Ortiz de la Tierro EH Bilduko zerrendaburuak. Hark azaldu duenez, Trebiñuko lurralde auzia lehenbailehen konpontzearen alde daude herrian, eta Araban sartzea defendatzen duten hautagaitzek dute babesik handiena. PPk, ordea, gero eta boto gutxiago ditu.

Trebiñun ere antzeko egoeran daude. Azken bozetan, hautesleek zigortu egin dute eskuineko alderdiak trebiñarren nahiari oztopoak jartzen ibiltzea. PPren gainbeheraren erakusle dira azken deialdietako udalerriko emaitzak: 2007an, 266 boto eta lau zinegotzi lortu zituen; 2011n, 216 boto eta hiru zinegotzi; eta 2015ean, 111 boto eta bi hautetsi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna