Mundu bat begirada

Herritar guztientzat irekiko dute gaur San Telmo museoa, '6 mila milioi Beste' ikus-entzunezko erakusketarekin

Mundu osoko herritarrak elkarrizketatuta, gizadiaren erretratu «plurala» osatu dute
Denetariko herrialde, kultura, sexu, adin, arraza eta erlijiotako herritarren testigantzak bideoan jasota osatu dute erakusketa.
Denetariko herrialde, kultura, sexu, adin, arraza eta erlijiotako herritarren testigantzak bideoan jasota osatu dute erakusketa. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Sarasola -

2011ko apirilak 2
Zerk ematen dizu beldur handiena? Zoriontsua al zara? Zeri egin diozu uko? Zein da zure ametsik handiena? Zein da sekula izan duzun esperientziarik gogorrena? Libre zarela sentitzen duzu? Berrogei galderari erantzun diete mundu osoko ia sei mila biztanlek. Bakoitzaren kezkak, bizipenak, ametsak, itxaropenak eta beldurrak daude erantzunetan. Elkarrizketak grabatu, eta 6 mila milioi Beste ikus-entzunezko erakusketa osatu dute Yann Arthus-Bertrand argazkilari frantsesak eta GoogPlanet fundazioak. Donostiako San Telmo museoak bide berriari ekiteko aukeratu du lana. Gaur 10:00etan irekiko dute museo eraberritua, eta herritarrek doan bisitatu ahalko dute 20:00ak bitartean, baita bihar ere. Erakusketa abuztuaren 21era arte izango da ikusgai.

La Terre vue du ciel filma egiteko, mundua airetik zeharkatzen urteak eman zituen Arthus-Bertrandek. Behin, Malin, pilotuaren zain zegoela, bertako herritar batekin solasaldi luze bat izan zuen; hark bere egunerokoa, bizipenak eta kezkak kontatu zizkion argazkilariari. Ordutik, hegaldietan, maiz galdetu zion bere buruari munduan zehar ezagututako gizon-emakume haien guztiengan zer aurki zezakeen. «Hitz egiten entzun nahi nituen, horra nire ametsa; elkartzen gaituena sentitu nahi nuen. Zerutik begiratuta, guztiok partekatu behar dugun eremu erraldoia dirudi Lurrak», idatzi zuen argazkilariak.

Hor sortu zitzaion erakusketaren ideia, 2003an, eta Sibylle d'Orgevalek eta Baptiste Rouget-Luchairek eraman dute aurrera proiektua. 5.600 lagun elkarrizketatu dituzte mundu osoko 78 herrialdetan, denetariko kultura, adin, sexu, arraza eta erlijioetakoak. Sei erreportariz osatutako lantalde batek bost urte eman ditu grabaketa lanetan. Brasilgo arrantzale bati, Afganistango nekazari bati edo Alemaniako artista bati, guztiei, oinarrizko berrogei galdera berberak egin dizkiete. Nork bere hizkuntzan eman ditu erantzunak —50etik gora dira orotara—, eta erakusketan, euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin lagunduta agertzen dira. Sei mila milioi biztanlek osatzen duten gaur egungo gizadiaren erretratua egin dute modu horretan.

Ibilbideak, gaiaren arabera

Guztira, 11 ordutik gora hartzen dituzte erakusketako proiekzioek, eta, beraz, ezinezkoa da bisitaldi bakarrean bideo guztiak ikustea. Horregatik, elkarrizketatuek hizpide dituzten gaien arabera sailkatu dituzte ikus-entzunezko lanak, bisitariak intereseko dituen horien arabera antola dezan bere ibilbidea. Museoaren eraikin berriko areto nagusian, oihal zuriekin eginiko hainbat gelatxo paratu dituzte, barruan pantaila bat eta hainbat eserleku dituztela.

Gelatxo bakoitzean gai bakarra edo bi aurkezten dira. Gune berean daude, esaterako, Bizitzaren zentzua eta Zoriontasuna atalak, eta 25 eta 24 minutuko proiekzioak dira, hurrenez hurren. Aretoan aurrera egin ahala, Familia; Lehen oroitzapenak eta Haurtzaroko ametsak; Beldurrak eta Negarra; Etxean egon eta Zure herrialdea utzi; Maitasun-istorioak; Desberdintasunak; Emakumeak; edo Klimaren inguruko testigantzak izeneko gelatxoak topatuko ditu bisitariak, besteak beste. Ordu erdi inguruko proiekzioekin osatu dute atal bakoitza.

Behin gelatxo guztiak igarota, beste areto batean, herritar guztien aurpegiekin osatutako mosaiko bat ageri da pantaila handi batean. Hurrengo gelan, berriz, grabazio lanak nola egin zituzten erakusten du bideo batek. Aldamenean, bost pantaila daude, eta bakoitzean ikusleari bere mezua helaraziko dio herritar bakoitzak.

Entzuteko atsedenlekuak sortu nahi izan dituzte gelatxoen bidez, testigantzak aditzeko espazio intimoagoak. Izan ere, grabazioetan ere giro intimoa nahi izan dute erreportariek, eta elkarrizketatuek beren bizipenei eta barru-barruko sentipenei buruz hitz egitea lortu dute. Baita aurrez inori esan ez zizkioten gauzak kontatzea ere hainbat kasutan, Sibylle d'Orgevalek azaldu duenez. Ikusleak sentimendu horiekin bat egitea lortu nahi dute. Hala, hizlariak bisitariari zuzenean begietara begiratzen diola dirudi, zuzeneko harreman hori lortzeko elkarrizketa guztiak formatu berean grabatu baitituzte: aurpegi bakoitzaren plano labur eta bertikalak hartu dituzte.

Zailena, kantuan jartzea

Grabaketetan lortutako giro intimo horri esker, herritar gehienek maitasunari, barkamenari, erlijioari edo heriotzari buruzko galderei aparteko zailtasunik gabe erantzun zietela azaldu du d'Orgevalek. «Proiektu honetan askotan ikusi dugun zerbait izan da, gu ezertaz ezagutu gabe, elkarrizketatu batek gauza pila bat kontatzea, bere familiari esaten ez dizkionak. Batzuetan atzerritarrei kontatzen dizkiegu gauzak, urruti daudelako-edo, baina gertukoekin oso zaila egiten zaigu». «Batzuetan 'maite zaitut' esatea kostatzen zaigu gehien», Baptiste Rouget-Luchaireren arabera. Baina datu bitxi bat eman du jakitera. Haren esanetan, gogokoen zuten kanta abestea gertatu zitzaien zailena elkarrizketatuen ia %95i, azken aldiz negar noiz egin zuten esatea edo erraz barkatzen duten erantzutea baino gehiago.

Testigantzek egungo gizadiaren «aniztasuna» erakusten dute, eta, aldi berean, hainbat sentipen mundu osoko herritar guztiok ditugula, Denis Itxaso Donostiako Kultura zinegotziaren hitzetan. Batzen gaituena eta banatzen gaituena daude islatuta. San Telmo gizarte museo izatearen espirituarekin guztiz bat egiten duen erakusketa da, Susana Soto zuzendariaren ustez. 2009an Parisko Grand Palaisen ikusi ahal izan zen lehen aldiz, eta munduko hainbat hiritan erakutsi ostean iritsi da Donostiara. Horren osagarri, hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta bestelako ekitaldiak izango dira erakusketa zabalik egongo den hilabeteotan.

Bestalde, San Telmoren irekiera salatu du Parte Zaharreko ezker abertzaleak. Auzoan sei museo baina kultur etxerik ez izatea kritikatu du. Horregatik, elkarretaratzea egin zuten inaugurazio egunean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna