Mende laurdeneko hauspoa euskarari

Mendiguren, Sadarren, 1998ko Bai Euskarari ekitaldian. OSKAR MONTERO.
Ion Orzaiz.
2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
«Euskalgintzaren ahotsa» izateko sortu zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, duela 25 urte. Elkargune izateaz gain, baina, eragile aktibo ere izan da denbora horretan: Euskal Herriko mobilizazio eta ekinbide arrakastatsu ugari antolatu ditu denbora horretan. Horra mugarri esanguratsuenetako batzuk:

1997

Lehen batzarra, Durangon. 1997ko abenduaren 6an, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortu zuten. «Euskalgintzaren ahotsa» izanen zela iragarri zuen Xabier Mendigurenek, Durangon eginiko batzarraren ostean. Euskararen esparruko 49 eragilek osatu zuten erakundea eta, lehen egunetik, helburutzat jo zituzten «gizarte eragileen zein administrazioaren aurrean eragitea, eta administrazio zein herritarren atxikimendua lortzea».

1998

'Bai euskarari'. Kontseilua sortu eta urtebetera, 1998ko abenduaren 22an, Bai euskarari konpromisoa sinatu zuten 22 erakundek, «euskarak garapen osoa lor dezan eta normalizazioan esku hartzeko».

Bost estadioak, beteta.Bai euskarari egitasmoaren erronkari segida emateko, Euskal Herriko bost estadio nagusiak betetzea lortu zuen Kontseiluak abenduaren 26an: 120.000 lagunetik gora elkartu ziren San Mamesen (Bilbo), Anoetan (Donostia), Mendizorrotzan (Gasteiz), Sadarren (Iruñea) eta Agileran (Miarritze), aldi berean, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko.

2000

Kanpaina herrietan.Bai euskarari akordioa sinatuta, hura aplikatzeko eta erakundeen eguneroko jardunean txertatzeko lanean hasi zen Kontseilua. Akordioaren jarraipen batzorde bat sortu eta hura herrietan aplikatzeko plan bat garatu zuten 2000. urtean. Dozenaka udalerri batu ziren horretara. Bai Euskarari ziurtagiria ere sortu zuten, akordioaren sinatzaileek helburuak betetzeko bidean zirela adierazten zuena.

2001

Behatokiaren sorrera. 2001eko ekainaren 26an, beste jauzi bat eman zuen Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokia sortuta. Iruñean egin zuten aurkezpena. Iruñean zabaldu zuten egoitza nagusia, «lurralde horretan gertatzen ari baita hizkuntza eskubideen aurkako urraketa nabarmenena». Paula Kasares izendatu zuten zuzendari, eta hiru lan ildo nagusi identifikatu zituzten: Euskararen Telefonoa, herritarren eta elkarteen kexuak jasotzeko bidea; hizkuntz eskubideei buruzko urteroko txostena; eta dibulgazio eta prebentzio lana.

2006

Neurketa udaletan. 2006. urtean egin zuen Kontseiluak udaletan aplikatzen diren hizkuntza politiken lehen azterketa, Euskal Herriko 66 herritan. 119 udalerritara iritsi ziren 2011n eta 2015ean eginiko neurketetan.

2008

Hezkuntzan eragiteko bidea. Hezkuntza esparruko hainbat eragilerekin batera, Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen proposamen integrala aurkeztu zuen Kontseiluak 2008an, «belaunaldi berriak euskaldun eleanitzak izan daitezen».

2010

Lekukoa Paul Bilbaori. Apirilaren 24an Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian, Kontseiluko idazkari nagusi izendatu zuten Paul Bilbao. Lekukoa hartu zuen Xabier Mendiguren Bereziarturen eskutik. Aurretik, Behatokiko zuzendari izana zen Bilbao.

'Euskaraz bizi nahi dut'. Maiatzaren 15ean, euskaraz bizitzearen aldeko eta Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren aurkako manifestazio erraldoia egin zuen Kontseiluak Iruñean. «Nafarroan euskararen alde inoiz egin den manifestaziorik jendetsuena izan da», esan zuten antolatzaileek, bukaeran. Protesta horren arrimura, Euskaraz bizi nahi dut dinamika Euskal Herri osora hedatu zen.

2011

Europa solaskide. Abenduaren 14an, Europako Kontseiluko Aholku Batzordeak lehen aldiz jaso zuen euskararen egoeraren berri Kontseiluko kideen ahotik. Salatu zuten Espainiak Europan sinatuak dituen itunetatik datozen konpromisoak ez dituela betetzen eta hizkuntzarekin jarrera «lotsagarria» duela. Geroztik, harreman joria landu du Kontseiluak Europako erakunde nagusiekin eta hizkuntza gutxiagotuak dituzten beste herrietako ordezkariekin, ELEN sarearen barruan.

2013

Lan mundua euskalduntzen. Ekainaren 13an, lan mundua euskalduntzeko konferentzia egin zuen Kontseiluak Arrasaten (Gipuzkoa), sindikatu, enpresa, kontsumitzaile, administrazio publiko eta aholkularitzen parte hartzearekin. «Konpromisoa» eskatu zien Kontseiluak. Lan mundua euskalduntzeko adierazpena ere aurkeztu zuten.

2015

Aldaketaren iragarle. Kontseiluak ekitaldi jendetsua egin zuen Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, hurrengo urteetako estrategia aurkeztu eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko. «Euskarak aldaketaren ardatz» izan behar zuela esan zuen Paul Bilbao idazkari nagusiak. Handik hilabetera, aldaketa heldu zen Nafarroako erakunde nagusietara, hauteskundeetan UPN agintetik egotzita.

2021

'Batuz aldatu'. Hizkuntza politiketan eragiteko xedez, Batuz aldatu egitasmoa aurkeztu zuen Kontseiluak, Donostian, agiriarekin bat egindako ehun bat eragile sozialekin batera. Egitasmoaren helburua da euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea, eta, horretarako, hizkuntza eskubideak eremu guztietan bermatzea, «hala nahi duen edonork ez dezan euskara erabiltzeko inolako eragopenik izan».

2022

Helduen euskalduntzea. Azaroaren 11n, Euskara ezagutzeko beharra helduengan sustatzeko proposamena aurkeztu zuten Gasteizen.

Lekuko aldaketa. Kontseiluak iragarri du Idurre Eskisabel Larrañaga izanen dela idazkari nagusi berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.