Pastor
DARWIN ETA GU

Messi eta independentzia

2018ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Kataluniak independentzia lortuz gero, Bartzelona futbol taldetik alde egingo lukeela jakinarazi du Lionel Messik, baldin eta Espainiatik bereizteak lehen mailako txapelketa batean jokatzeko aukerarik utziko ez balio. Futbolari argentinarrak Barça-rekin sinatu duen kontratuan jasota ei dago eskaera. Erabakia independentismoaren aurka erabili dute zenbait hedabidek. Futbolik gabe geratzeko prest omen daude independentistak. Irakurketa faltsua da, ordea: Messik bere ibilbide profesionalari buruzko kezka besterik ez du azaldu. Goi mailako txapelketetan jokatzen segitu nahi du. Independentzia lortuta, bere nahia betetzen bada, ez du arazorik izango Bartzelonan segitzeko.

Niri berdin dit Messik non jokatuko duen, baina kirolariaren jarrera ulertzen dut. Azken batean, bat dator independentzia pobreagoak izateko ez dela izango esaten dutenekin. Egun inork ez du pobreago bizi nahi —edo orain baino baliabide ekonomiko gutxiagorekin, pobrea izatea benetan zer den ez baitakigu askok—. Orduan, zergatik galdu beharko luke Messik dirua?

Luigi Comenciniren Pane, amore e fantasia filma (1953) Pane, calcio e fantasia izan liteke gaur. Edo Calcio, amore e fantasia. Aukera ogiaren eta maitasunaren artekoa izango litzateke; futbola beti egongo litzateke tartean. Futbola oraingo ogia eta amodioa baita lagun ugarirentzat. Futbolaren eragina zenbaterainokoa den badaki IUko koordinatzaile ohi Julio Anguitak. Espainiaren eta Kataluniaren arteko krisiarentzako irtenbidea erreferenduma zela adierazi zuen, duela bi urte: «Katalanei galdetu egin behar zaie, eta independentziaren alde egiten badute, hori sakratua da niretzat». Independentistei ondorioei erreparatu behar dietela esan zien jarraian: «Mugak egongo dira, aduanak. Eta Bartzelonak Manresaren kontra jokatuko du».

Anguitak badaki futbolak jendearen alde emozionala, sentimendu irrazionalak biltzen dituela, kontraesanak, esperantzak. Politika. Bartzelona Manresaren kontra jokatzen ikusteko prest daude (ustezko) independentistak? Ustezko parentesi artean, baldin eta gero futbolaren kontua utzi, eta benetan independentziaren alde egiten badute. Edo ustezko parentesirik gabe, itxurazko independentismoa izango bailitzateke independentzia baztertzea, Real Madrilen eta gainerakoen kontra jokatzen segitzeko. Katalunian edo Euskal Herrian.

Hala ere, zergatik izan ezkorra? Izan ere, Katalunia edo Euskal Herriko futbolzaleentzat ez ezik, Espainiakoentzat ere izan liteke zigorra oraingo txapelketa desagertuko balitz. Zer egingo lukete Real Madrilen zaleek Bartzelonaren kontra barrenak hustu gabe? Eta Ronaldok esango balu talde katalana gabe ligak kategoria galduko lukeela, eta Madrildik alde egingo lukeela, bi taldeek elkarren aurka jokatzeko modurik ez balego?

Euskal Herrian oraindik ez dugu arazo hori. Gure jokalari edo entrenatzaile batek Messirenaren moduko eskaera egingo balu, orduan bai kezka futbolzale batzuen baitan. Eta poza benetako —ez ustezko— independentisten artean, burujabetza hipotesi erreal gisa agertuko bailitzateke, lehen aldiz. Inoiz egoera horretara heldu, eta Espainiako Ligatik kanpo geratuz gero, lasai: Euskal Herriko Liga jokatuko lukete gure futbol taldeek. Edota Euskal Herria-Katalunia Liga, talde katalanekin batera. Eta, batek jakin, Galizian eta gainontzeko herrialde katalanetan inoiz independentismoa nagusituz gero, kontuak atera: Barça, Valentzia, Depor, Celta eta beste hainbaten kontra jardungo lukete Euskal Herriko taldeek.

Aukeran, hobe da goi mailako liga batean jokatzea. Baina halakorik ez badago, ez etsi. Independentzia kirol arloan ere lortu beharko genuke. Eta ondorioei eutsi. Bartzelona eta Real Madril San Mamesen edo Anoetan urtean behin ikustearen truke independentzia baztertuko luketen ustezko independentistekin ez dut ezertxo ere jakin nahi. Nik argi daukat kontua: lehena independentzia da. Eta gero, beste erremediorik ez badago, Athleticek Culturen kontra joka dezala Durangon. Eta Manresaren aurka, Bartzelonan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.