DARWIN ETA GU

Hitler eta bozak

Jose Mari Pastor -

2018ko urtarrilak 13
Esaldia asteartean entzun nuen azkeneko aldiz, TVEn. Jordi Xuclà elkarrizketatzen ari ziren. Independentistek gehiengoa lortu dutela adierazi zuen diputatuak eta Puigdemont presidentea izateko legitimatuta dagoela. «Hitlerrek ere irabazi zituen bozak», bota zion kazetari eskuindarrak.

Maria San Gili ere entzun nion kontu hori, abertzaleen boto igoerari buruz ari zela. Hitlerrek bozak nola irabazi zituen ederki zekien, jakin, buruzagi naziari Hendaiako bagoi hartan eskua luzatu zionak. Diktadore espainiarraren ministro ohiek AP sortu zuten, hura ohean hil eta gero. Egungo PPren enbrioia dugu AP. Halakoak esango zituen San Gil andreak, Hitlerrek bozak nola irabazi zituen galdetu balie, lehenago, alderdikide filonazi zaharrei?

Zer baliabiderekin, zer testuingurutan irabazi zituzten naziek bozak? Hitler kantziler izendatu zuen Paul von Hindenburg presidenteak, 1933ko urtarrilean. Hitlerrek bozetara deitu zuen orduan. Naziek izu kanpaina hasi zuten: Alderdi Komunistaren eta sindikatuen egoitzei eraso zieten. Alkandora arreak Alderdi Sozialdemokrataren mitinak lehertzen hasi ziren eta alderdiko kideak jipoitzen; hainbat egunkari itxi zituzten gobernua kritikatzeagatik. Eta abar.

Bozak baino sei egun lehenago Legebiltzarrari su eman zion, ustez, Herbehereetako komunista batek. Aitzakia ezin hobea errepresioa areagotzeko: 4.000 komunista baino gehiago atxilotu zituen Hitlerrek. Praktikan, Alemaniako Alderdi Komunista kanpainatik desagertu zen, debekatuta egon ez arren. Sozialdemokratak ere atzitu zituzten naziek, baita parlamentariak ere. Izu eta desinformazio kanpainak beldurra hedatu zuen herritarren artean, batez ere Legebiltzarreko sutearen ondorioz. Hitlerrek botoen %43 lortu zituen 1933ko martxoaren 5eko hauteskundeetan. Sozialdemokraten eta komunisten aldeko botoa %30 izan zen guztira.

Nabarmentzekoa da kapitalak Hitler nola babestu zuen. Enpresa handi gehienek nazien kanpaina babestu zuten. Langileen erreboltak bukatuko zituela agindu zien Hitlerrek. Kodak, Bayer, BMW, Volkswagen eta hainbat taldek lagundu zioten. Hugo Boss markaren arropa erosten duten herritar kontsumitzaile gutxik jakingo dute Hugo Boss hura, enpresaren sortzailea, Alderdi Naziaren jarraitzaile sutsua zela. Preso poloniar eta frantsesek ia esklabo legez eginiko lanaz aprobetxatu zen aberasteko. Eta alkandora arreen eta armada naziaren uniformeak egiteko. Hugo Boss, 1924-1945 liburua argitaratu zuen Roman Köster historialari alemaniarrak, 2011. urtean. Hugo Boss enpresak barkamena eskatu zuen orduan.

Independentistek gehiengoa lortu dute Kataluniako Legebiltzarrean. Eta? Hitlerrek ere irabazi zituen bozak. Beste argudiorik ez zaie bururatzen tabernako aditu unionistei. Hitler eta Puigdemont antzekoak omen dira. Hitlerrek bezala irabazi dituzte bozak Kataluniako independentistek? Ez. Independentistak kartzelan edo erbestean daude; haien adierazpen askatasuna bahituta egon da kanpainan; Espainiako botereen mehatxua etengabekoa (izan) da. Kapitalaren laguntza? Baita zera ere! Ehunka eta ehunka enpresak alde egin dute Kataluniatik. Nolaz konpara daitezke nazien garaipena eta independentistena?

Lezio onak ematen ari zaizkigu: argudio hoberik ezean, Hitler aipatu, eta kito. Konponduta. Bozak irabazi dituzu? Hitlerrek ere irabazi zituen. Trenbideak, errepideak egin nahi dituzu? Hitlerrek bezalaxe, aizu. Langabezia desagertzea nahi duzu? Hitlerrek ere helburu hori zuen. Absurdoa, ezta? Arlo pertsonalago batera eraman dezakegu kontua, muturrera. Okelarik ez duela jaten esan digu lagun batek, eta guk: «Hitler ere barazki-jalea omen zen». Atsegin du musika klasikoa? Hitlerrek ere atsegin zuen. Alpeak gustatzen zaizkio? Hitlerri ere bai. Umeak maite ditu? Hitlerrek ere haurrak maite zituen, bereziki arioak. Eta zer? Berdin maite dituzu munduko ume guztiak, irakurle horrek? Hori bota eta gero, lasai asko alde egin dezakegu. BMW ederrean, Hugo Bossen traje dotorea jantzita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna