'Brexit'-a. Martxoaren 29ko data

Tusk prest dago irteera atzeratzeko, diputatuek ituna onartzen badute

Erresuma Batuko lehen ministroak Bruselari eskatu dio 'brexit'-a ekainaren 30era atzeratzeko, eta berretsi du akordioa hirugarrenez bozkarazi nahi duela. Europar Kontseiluak goi bilera du gaur

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa eta Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentea, iragan otsailean, Egipton izandako bilera batean. MARK DUFFY / EFE.
ander perez zala
2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Brexit-erako zortzi egun falta direla, ez dago batere argi zer gertatuko den, Erresuma Batua Europako Batasunetik (EB) noiz aterako den, nola aterako den, ezta aterako ote den ere. Badirudi, aldiz, egungo egoera azken unean bideratzea beste asmorik ez dutela bi aldeek. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak atzo helarazi zion Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteari data hiru hilabetez atzeratzeko eskaria, eta argi utzi zuen ez zuela ekainaren 30etik haratago doan eperik adostu nahi: «Ez dut uste bion interesen artean dagoenik Erresuma Batuak Europako hauteskundeetan parte hartzea». Boz horiek maiatzaren 26an dira egitekoak, eta aldagai hori kontuan hartuko dute estatu kideek, beste hainbatekin batera, atzerapenari buruzko erabakia hartzeko orduan, baina ikusteko dago zer iritzi gailenduko den, talde komunitarioan ez baitira denak erabaki beraren aldekoak.

EBren partetik, negoziazioetako hiru aurpegi ezagunek emana dute irteera data atzeratzeari buruzko iritzia. Tuskek atzo atea ireki zion atzerapen labur bati, Mayk proposaturiko epeari, soilik baldintza bat jarrita: Komunen Ganberak onar dezala Londresek eta Bruselak adosturiko akordioa. Diputatuek bitan eman diote ezezkoa: lehenik, urtarrilean, 230 botoren aldearekin; eta bigarrenik, hil honetan, 149ren aldearekin. Egoera hori dela badakien arren, Mayk ituna hirugarrenez bozkarazteko asmoa du, Tusken atzoko adierazpena oinarri hartuta; esplizituki esan ez zuen arren, Europar Kontseiluko presidenteak bi aukera utzi zituen mahai gainean diputatuek ez badute testua onartzen: akordiorik eza edo atzerapen luzea, gutxienez urte amaierara artekoa.

Aukera horiek presio egiteko erabiliko ditu Mayk, batez ere itun batekin irtetearen aldekoak estutzeko, baina ez dago argi estrategia horrek balioko ote dion, itunaren kontra bozkatu duten alderdikide euroeszeptiko batzuk eta Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionistaren (DUP) diputatu batzuk itunik ezaren alde baitaude; halere, saiatu saiatuko da, Tuski bidalitako eskutitzean adierazi zuenez: «Proposamen gehiago helarazteko asmoa dut, gure barne merkatua babesteko konpromisoa baieztatuko dutenak».

Diputatu horiez gain, lehen ministroak badu beste erronka bat: John Bercow Komunen Ganberako presidenteak astelehenean ohartarazi zion ezin duela «akordio bera» hirugarrenez aurkeztu ganberan, eta, beraz, zail du ituna berriz bozkaraztea. Eta horrek esan nahi du bi aldeek irteera data atzeratu beharko dutela akordiorik eza eragotzi nahi badute.

Testuinguru horri begira, Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrek maiatzeko bozak hartu ditu oinarritzat atzerapenari buruzko erabakia hartzeko. Atzo adierazi zuenez, ez dator bat Erresuma Batuko lehen ministroak proposaturiko datarekin, boz horien ondorengoa baita: «Irteera maiatzaren 23a baino lehen gauzatu beharko litzateke [herrialde batzuetan egun horretan hasiko dira bozkatzen]. Hori gertatuko ez balitz, zailtasun instituzionalak eta ziurgabetasun legala izateko arrisku larria izango genuke. Beraz, [Erresuma Batuan] Europako hauteskundeak egin beharko lirateke atzerapenaren data maiatzaren 23tik haratago badoa».

Boz horiek egitearekin batera, Michel Barnier EBren brexit-erako negoziatzaile buruak beste baldintza bat jarri zion atzerapen luze bati: Erresuma Batuan «ekitaldi politiko berri bat» egotea. Lerro artean irakurrita, Barnier hauteskunde orokorrez edo bigarren erreferendum batez ari zen.

Bi aukera horiek, baina, ez dira aukera Mayrentzat. Eta, atzo iradoki zuenez, «ez dago prestatuta» ekainaren 30etik haratago doan atzerapen baterako; beraz, Mayk Bercow konbentzitzea lortzen badu, Komunen Ganberako diputatuek dilema baten aurrean ikusiko dute euren burua: akordioa onartu edo akordiorik gabeko testuingurura arriskatu —diputatuek joan den astean bozkatu zuten irteera data atzeratzearen alde (413-202)—.

Ezezko horren testuinguruaren aurrean, Junckerrek eta Tuskek iradoki zuten datorren astean ezohiko goi bilera bat antolatu beharko dutela. Balizko bilera horretan, baina, ez dago hain ziur Europar Kontseiluko presidenteak atzokoa bezain jarrera gogorra izango duenik, talde komunitarioak eta Erresuma Batuko Gobernuak, biek ala biek eragotzi nahi dutelako itunik gabeko irteera; hori gertatzeko, beharrezkoa litzateke irteera data atzeratzea.

Baina, azken finean, erabaki hori estatu kideetako gobernuburu eta estatuburuen esku ere badago, eta, Erresuma Batuko Press Association albiste agentziaren arabera, Frantzia, Espainia, Belgika eta «agian Italia» irteera data atzeratzeko erabakiari betoa ezartzeko prest leudeke, gaur egitekoa den goi bileran; uste baitute ez dutela «bermerik» brexit-erako akordioa onartua izatearen inguruan. Arazoa zera da: erabakia aho batez hartu behar dutela.

Herritarren jarrera

Datozen egun erabakigarrien atarian, bigarren erreferendumaren aldeko People's Vote (Herritarren Botoa) taldeak britainiarren iritziari buruzko inkesta bat kaleratu zuen, eta haren aldarrikapenaren aldeko jarrerak dira nagusi.

YouGov enpresak egindako inkestaren arabera, EBn geratzearen eta brexit-aren akordioaren artean hautatu beharko balute, herritarren %60k lehen aukeraren alde egingo lukete; eta emaitza bera gertatuko litzateke akordiorik gabeko irteeraren inguruan, tarte gutxiagorekin (%56-%44). Baina, testuinguru horietako bati buruzko galdeketa egiteko, ezinbestekoa litzateke irteera data atzeratzea; azken horren alde leudeke herritarren %52, eta, aldiz, %35 zortzi egun barru EB «edozein kasutan» uztearen alde.

Informazio hori eskuan hartuta joango da taldea etzidamu Londresko kaleetara, bigarren galdeketaren aldeko erreferenduma eskatzera. Iazko urriko manifestazioan, 700.000 herritar atera ziren kalera, eta larunbatean kopuru hori handitzeko helburua du jarria taldeak, brexit-erako zortzi egun falta direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.