GALDEZKA. Antton Telleria. Kazetaria
Zer eskatuko zenioke lehendakariari?

«Eskatu nahi dizut guztion ongizatea erdigunera ekartzeko»
«Kaixo, lehendakari. Zutaz pentsatzen nintzen lehendik ari.
Errima jolas xalo honekin BERRIAlagunen baratze intelektual aurrez emankorra apur bat joritu ostean (eta joritzeak zer esan nahi duen Elhuyar hiztegian begiratu berritan), eskean natorkizu.
Datorren igandean herriak hitz egingo du. Herriaren borondateak (guramenak, hala nahiago baduzue, Berria Lagunok). Astelehenetik aurrera, beraz, zu izango zara gure muga administratiboen barruko agintari nagusia.
Ez dut sekula lehendakari batekin hitz egiteko aukerarik izan. Are gutxiago, berari eskean aritzekorik. Hitzok idazteko eman didaten aukera pribilegio bat da. Pribilegio horren mailako ardura sentitzen dut. Eta azalpenok ematearekin batera, jabetzen naiz ari naizela aldarrikapenerako eskaini zaidan karaktere kopurua pixkanaka-pixkanaka xahutzen, ahitzen, hondatzen.
Noan harira.
Aginteak, betebeharrak eta presioak erabat itsutu aurretik oinarri-oinarrizkoa den eginkizun zerrenda helarazi nahi dizut, hiritar guztion ongizatea erdigunera ekarri eta gu guztion hobe beharrez bete dezazun eskatzeko.
Lehendakari: zu zeu izan. Zarena zarelako. Sasi guztien gainetik eta lanbro guztien azpitik. Amets egin, begiak zabalik. Gogoan izan eroriz ikasten dela oinez, eta akatsik handiena oraina geroko uztea dela. Bizi momentua. Bizi bizi. Zabaldu besoak eta hegan egin. Zaila bada ez da ezinezkoa. Saiatu infinitoa konkistatu eta ilargia besarkatzen. Egizu nahi duzuna, nahi duzulako. Baina egizu.
Eta, batez ere, lehendakari, ez ahaztu sekula: izan zirelako gara eta zarelako izan gira Euskal Herri Rock & Rollin. Uhu».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.