Donostiako Klasikoa

Bolada onak ez du etenik

Julian Alaphilippek irabazi du Donostiako Klasikoa, esprintean Bauke Mollema menderatuta. Azken kilometroetako eroriko batek lausotu du ikuskizuna. Euskadi-Murias protagonista izan da
Julian Alaphilippe, Donostiako Klasikoa irabazi izana ospatzen Donostiako Bulebarrean. Alboan, Bauke Mollema ageri da, burumakur.
Julian Alaphilippe, Donostiako Klasikoa irabazi izana ospatzen Donostiako Bulebarrean. Alboan, Bauke Mollema ageri da, burumakur. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Iñaki Odriozola -

2018ko abuztuak 5
Begirada guztiak gainean izatearen presioak jan egiten ditu kirolari ugari; beste zenbait, aldiz, hazi egiten dira. Julian Alaphilippe (Quick Step), baina, desberdina da. Presioak ez dio eragiten, ez onerako, ez txarrerako: bere mailan jarraitzen du. Frantziako txirrindulariaren ametsetako denboraldiak ez du etenik. Atzokoan Donostiako Klasikoan gailendu zen, eta aurtengo sasoian zortzigarrenez altxatu zituen besoak. Tourrean bi etapa eta mendiko elastikoa irabazi berri ditu, eta atzo hobekien egiten dakiena egin zuen: aldapa labur eta tentean erasoa jo, maldan behera abilezia erakutsi, eta esprintean errematatu. Euskal errepideetan lehen ere, antzera ibilia zen; ez, ordea, Klasikoan. Aurten, Itzulian modu bertsuan irabazi zituen bi etapa. Dena den, Jaizkibelera egindako lehen igoeran zuen kokapen kaskarrak, benetan lehiatzera etorri ote zen ezbaian jarri zuen. Zalantza denak uxatu zituen Murgilen.

Bauke Mollema (Trek) menderatu zuen Bulebarreko esprintean. Aise menderatu ere. Murgil tontorrean gora biak izan ziren indartsuenak. Azken mendatean, ordea, hautagai nagusi batzuk falta ziren. Helmugatik hemeretzi kilometrora, Mirakruzen behera, eroriko larria egon zen tropelean. Benjamin Kingen (Dimension Data) hanka-sartze batek eragin zuen ezbeharra. Atzera begira zela, Lotto Jumboko txirrindulari batekin trabatu, eta lurrera erori zen. Ondorioz, hankaz gora joan ziren, besteak beste, Mikel Landa (Movistar), Gorka Izagirre (Bahrain), Primoz Roglic (Lotto Jumbo) eta Egan Bernal (Sky). Lauek utzi zuten lasterketa.

Erorikoak lasterketa baretu zuen une batez, baina laster hartu zuen Astanak erritmoa jartzeko ardura. Omar Fraileren (Astana) aukera erretzeko, Pello Bilbaok (Astana) tropela gidatuz egin zituen Murgil tontorreko lehen metroak. Frailek malda tentetu orduko egin zuen lehen saiakera, baina txirrindulari arinagoentzat aproposagoa zen igoera. Antwan Tolhoekek (Lotto Jumbo) eta Rudy Molardek (FDJ) zulo arriskutsua zabaldu zuten. Bazirudien tarte txukuna lortu zutela. Igoera luze egin zitzaien, ordea. Faborito nagusiek aise harrapatu eta pasa zituzten. Mollemak, nola edo hala, zaleen artean bidea ireki, eta aurrera egin zuen. Alaphilippe ere gertu zuen, eta batera pasatu zuten Murgil tontorreko gaina.

Ion Izagirre (Bahrain), Greg van Avermaetekin (BMC) batera, atzeko talde batean zen. Helmugarako hain kilometro gutxira, baina, akordioak asko zaildu ohi dira. Atzetik kide gehiago sartu ziren Izagirreren multzora. Azken kilometroan, Mollema Alaphilippe urduritzen ahalegindu bazen ere, frantziarrak ez zuen barkatu. Hirugarren Anthony Roux (FDJ) izan zen, hamasei segundora helmugaratutako taldetxoan esprinta irabazita. Alaphilippek Donostiako Klasikoan lortzen duen lehen garaipena da. Mollema, 2012az geroztik lehen hamarretan sailkatu da urtero; horietatik lautan, podiumean. Ion Izagirre, zazpigarren sailkatuta, izan zen lehen euskal txirrindularia.

Azken igoerara iritsi bitartean, Klasikoak espero zitekeen gidoia jarraitu zuen. Hautagai nagusien arteko lehen mugimenduak Jaizkibelera egindako bigarren igoeran hasi ziren. Sky taldeak hartu zuen ardura. Britainia Handiko taldeko txirrindulariak ezkutatu orduko, hasi zen eraso festa. Erritmo aldaketa esanguratsuenak Pierre Roger Latourrek (Ag2r), Pierter Serryk (Quick Step) eta Igor Antonek (Dimension Data) egin zituzten. Ez zuen inork tarterik zabaltzerik lortu.

Euskadi-Muriasen saiakera

Euskal Herriko taldeak ondo baliatu zuen Klasikorako aurreneko gonbidapena. Eguneko ihesaldian hiru lagun sartu zituen: Cyril Barthe, Sergio Rodriguez eta Aritz Bagues. Haiekin batera izan ziren, Loic Chetout baionarra (Cofidis). Lluis Mas (Caja Rural) eta Pablo Torres (Burgos-BH). Barthe izan zen gehien iraun zuena. Mendiko saria irabaztea lortu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna