AEB-ak

AEB-EN GEROARI BEGIRA

2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Donald Trumpen jarraitzaileek Kapitolioa hartu eta Joe Bidenen garaipenaren egiaztatzea oztopatu nahi izateak eragin handia izango du AEBen etorkizun politikoan, batez ere Alderdi Errepublikanoan eta Trumpen aldekoen artean. Olatz Arrietaren, William A. Douglassen eta Joseba Gabilondoren iritziak bildu ditugu.

Ahuldu egingo dira

Olatz Arrieta Kazetaria

Iragan asteazkenean Kapitolioan gertaturikoa oso garrantzitsua izan da, baina kontestua ahaztu gabe: Estatu Batuetan aldika indarkeria politikoa gertatzen da —hainbat presidente hil dituzte, esaterako—. Donald Trumpen presidentetzaren gertakari nagusietako bat izan da Washingtonen gertatu dena; aurreikusita zegoen, bazetorrela ikusten zen, Michigango Kapitolioan ere sartu ziren, armekin, eta plan bat ere bazegoen estatu horretako gobernuaren kontra. Eskuin muturrari eta gobernuaren aurkako mugimenduei eman die babesa Trumpek, eta libre sentitu dira aurrera egin eta herrialdeko Kapitolioan sartzeko. Indartuta daude muturreko indar hauek; Trumpen irteerarekin ahuldu egingo dira, baina hor jarraituko dute. Gertatutakoak, aldiz, ez du politika goitik behera aldatuko.

Egungo giroa orain dela urte batzuk hasi zen, Trump presidentetzara iritsi aurretik hasi zen joeraren barruan. Joera horrek jarraitu egingo du, batzuetan eztanda egingo du liskarrekin, eta beste batzuetan, ez. Joe Bidenek ez badu lortzen joera lasaitzea, gora egingo du berriro, baina ez dago dena haren esku.

Gobernu berria faktore bat da joera horretan, beste batzuk badaudelako: pandemia, globalizazioaren aurkako erreakzioa, langile klasearen pobretzea, aldaketa demografikoak zurien beherakadarekin... Faktoreen konbinazioaren araberakoa izango da giroa gaiztotzea. Bidenek eta hurrengo gobernuek erabakiak hartu ditzakete faktore horiei aurre egiteko eta eztandak saihesteko, baina ez dut uste lau urtean egin daitekeenik. Politikoki eta ekonomiko oso garai nahasia da.

Aldi berean, Alderdi Errepublikanoa txikitzen joango da. Senatuko errepublikanoen buruak, Mitch McConnellek, bizkarra eman zion Trumpi istiluak hasi aurretik, eta hura izan da errepublikanoen artean Trumpek izan duen lagunik boteretsuena. Alderdia ez da monolitikoa, adar ezberdinak ditu, beti tirabiran daudenak alderdia kontrolatzeko. Trumpek burua jarri zion aurrez bururik gabe zegoen alderdiari, eta ia denek onartu zuten, askotan harekin ados egon gabe.

2024ko bozetan, Trump bera edo Trumpen jarraitzaile gisa aurkeztuko dira batzuk, baina bitartean ikusi beharko da alderdiak noraezean segituko duen. Konturatu da zaharkituta geratu dela hainbat arlotan, eta estatu kontserbadoreen errealitatetik urrun dagoela gai askotan. Trumpek jakin izan du errealitate hori irakurtzen, eta praktikan aplikatu ezin diren erantzun populistak ematen.

Oso goiz da luzera begira urteotako gertakariek bipartidismoan izango duten eragina aurreikusteko. Orain begiratuta, zail ikusten dut, bi alderdiak oso zaharrak dira, XIX. mendearen lehen erdialdean sortutakoak, eta aldaketa ekonomiko, demografiko eta kulturalekin batera aldatzen joan dira. Egitura oso sendoak dituzte administratiboki eta ekonomikoki, Gerra Zibila izan da Estatu Batuek izan duten erronka politikorik handiena, eta hor ere bipartidismoaren sustraia ez zen aldatu. Estatu Batuetako historian bipartidismoa izan da nagusi, eta munduarentzat erreferente nagusia dira oraindik Estatu Batuak, baina indarra galtzen ari dira. Demokrazia ahultzea ez da ona munduarentzat, eta, are gutxiago, Estatu Batuak bezalako potentzia batentzat.

Trump eta amerikar demokrazia

William A. DouglassIrakasle emeritua

Jendetzaren gobernuak iragan asteazkenean Washington hirian utzitako ikuskizunak amerikar guztien eta munduko herritarren arreta bereganatu zuen. Berez izugarria izan arren, eta analista gehienentzat esperientzia traumatikoa izan arren, nire ustez, mozorroturiko bedeinkapen ugari sorraraz ditzake. Auziari buruzko amerikarren harrokeria kenduta, Amerika egiazki badute munduko demokrazia eredu gisara, nonahi demokrata guztiek ospa dezakete Trumpek amerikar konstituzioarentzako suposatzen zuen mehatxu existentzialaren porrota. Goiz horretan beren jarraitzaileen aurrean egindako diskurtsoetan, presidenteak eta haren bi semeek berriz errepikatu zuten hauteskundeak iruzurrezkoak izan zirelako adierazpen gezurtatua, eta parean zituztenei Kongresura martxa egiteko eskatu zieten.

Ordu batzuk geroago, Trump senideak lasaitasunerako deiak egiten ari ziren. Argi eta garbi, arrakastarako aukerak zapuztu zituzten beren jarrerarekiko konfiantza handiegia zutelako. Labur esanda, nire herrialdeko erakunde demokratikoak inposatu egin ziren askok matxinadatzat eta estatu-kolpe saiakeratzat deskribatu dutenaren aurrean. Munduko demokratentzako lezioa konplazentziaren arriskua da; honako hau ez da jakinarazpen berri bat, kontuan harturik planeta honetan gobernu demokratikoak askotan aldatzen direla, baita erorarazi ere. Halere, Estatu Batuetan gertatu dela ikustea da, agian, edozein lezio objektibo kezkagarriena.

Honen ostean, nora goaz amerikarrok, eta batez ere badatorren Bidenen administrazioa? Ezkerrean eta eskuinean, batzuk argudiatzen ari dira nire herrialdea are zatituagoa egongo dela. Etorkizuneko politikan, Trumpismoak indar sendoa izango da oraindik ere, agian orain baino sendoagoa. Ziurrenik. Inork ez daki, noski, baina uste dut hori gertagaitza izango dela. Bai, Trumpen estrategiak zatiketa handiagoa eragin du errepublikanoen artean errepublikanoen eta demokraten artean baino.

Badira senatari errepublikano batzuk eskatu dutenak Trump kargugabetzeko 25. zuzenketa erabilita, aurrez impeachment-aren aurka bozkatu zutenak. Mitch McConnell eta Alderdi Errepublikanoko beste hainbat goi kargudunek ere salatu dute iragan asteazkenekoa matxinada bat izan dela. Obamaren presidentetzaren oztopo handi bat izan ostean, McConnellek bipartidismorako deia egin du. Bere argitze berria zinikoa baino askoz ere gehiago da, kontuan harturik iragan asteazkeneko beste gertakari garrantzitsua, demokratek Senatuaren kontrola berreskuratu zutela.

Orain, Biden gai izango da Trumpen legatuaren gehiengoa desjosteko eta bere agenda abian jartzeko. Gobernurako eta epailetzarako bere hautagaiak onartuak izango dira, errepublikanoek eragozpenak izan arren. Klima larrialdiarekiko, ingurumenarekiko, aliantzak berreskuratzearekiko eta atzerri politikako beste iniziatibekiko bere konpromisoak ez dira limurtzeen menpe egongo.

Labur esanda, amerikar demokrazia bizirik dago, eta, ondo ez dagoen arren, gutxienez sendatzen ari da. Trumpismoa amerikar politikako indar bat izango da aurrerantzean ere, baina, ziurrenik, txikituriko bat. Donald Trumpek, agian, epaile batzuen aurretik pasatu beharko du, eta bere presidentetzaren aurretik egindako ustezko krimenengatik New Yorken espetxealdi aukerari egin beharko dio. Zortea izanez gero, elementu moderatuek eragina izango dute berriz Alderdi Errepublikanoan.

Azkenean errebelatu dira Trumpen egia eta estatu kolpea

Joseba GabilondoIrakaslea

Egia errebelatzailea da, Trumpen jarraitzaile saldo batzuek Kongresua inbaditu zuten egun berean, COVID-19aren heriotzek berriro ere marka bat ezarri zutela (4.000 hil) eta, ironia latz baten ondorioz, Kongresuaren inbasioa bera ebento super-spreader bat bihurtu zela; alegia, gertakari horrek oraindik ehunka heriotza eragingo ditu birusaren kutsaduraren ondorioz. Errebelatzailea diot, guztiaren arduradun (edo arduragabe) Trump baitugu, estatu kolpe baten itxura duen ekintza berak martxan jarri baitzuen: bera izan zen eskuin erradikalaren foro eta chat room ugaritan jada eztabaidatu zen ekintzaren metxari su eman ziona.

Errudun dugu era berean Trump, birusaren kudeaketa arduragabeak, amaitzen denerako, ziurrenik miloi erdi amerikar hilko dituelako; hots, Gerra Zibil amerikarraren hildako kopuru antzeratsua. Beraz, errebelatzailea da, egun berean estatu kolpe eta gerra zibil antza duten ekintzen arduradunak azkenean bere egiazko izatea azaldu zuela bere biluztasunean: jendaila zuri baten egonez eta kexa irrazional guztien lider nartzisista bihurtuak beste edozein botere instituzio eta subjektu (Kongresua) iraizteko prest zegoen boterean segitzeko helburu bakarraz.

Alabaina, egia biluzi honen beste aldea, bere mugak, ere azaldu dira aste honetan. Hain izan zen Kongresuko inbasioa traumatikoa negozio eta industria klaseko kide askorentzat, eta elite hau defendatzen duen alderdi errepublikanoko kide askorentzat (zeinen artean batzuek kongresu barruan zeuden inbasioaren egunean), non, klase honek berak Trump kentzea aldarrikatu zuen, 25. zuzenketa deritzon prozedura argudiatuz. Alegia, manufakturatzaileen ganberak berak publikoki eskatu zuen Trump presidentetzatik kentzeko.

Hain izan da presioa handia, ministro kabineteak eta presidenteorde Pencek Trump presidentetzatik erauzteko, non ostegunez Trumpek berak bideo batean onartu zuen lehenengo aldiz, zeharka bazen ere, hauteskundeak galdu zituela, Biden izango dela hurrengo presidentea, eta, are, berak Kongresuko matxinada eragin beharrean, geratu eta itzali zuela Guardia Nazionala eta Polizia Federala mobilizatuz (hots, Trumpek onartu zuen bere jarraitzaile sutsuenak kondenatzeko prest zegoela). Beraz, Trumpek berak errebelatu zuen bere egia: botere ororen aurka altxaturik, altxamendua galdu zuela.

Are, beldurturik ere egon behar du presidente amerikarrak, egiazki beldurturik, bere Justizia Departamentuko fiskal nagusiak argi utzi baitu Trump ere ikertuko duela.

Hemendik aurrera, geroaz egin dezakegun edozein gogoeta espekulazio hutsa da. Bilakaera gehienek itxura baikorra dute, hala ez bada ere. Mundua shockaren eta irribarrearen artean jarri zuen gertakaria amatatu ahala, Wall Streeteko burtsa indizeak gora egin zuen (eta Txinak eskerrak eman zizkion Trumpi ikuskari ezin umiliatzaileagoa doan emateagatik). Elite ekonomikoarentzat, 2021. urtea urtarrilaren 20an hasiko da, Biden presidenteak zin egiten duenean.

Hots, gertatutakoak 2020ren amaiera baino ez dute markatzen; era oso kezkagarrian, baina 2021 eraldatu gabe. Georgia estatuan Senatuko bi eserlekuak demokratek irabazi zituzten aste honetan, eta, ondorioz, AEBetako hegoalde ezin arrazistago eta kontserbatzaileagoan zulo demokrata edo liberal handi bat sortu da, AEBetako politikaren balantzea errotik aldatuz, hegoa orain demokrata bihur daitekeela gaztigatuz, batez ere boto beltzari esker. Alderdi Errepublikanoaren erdian zartadura ia ontologiko bat sortu da, Trump zaleen eta Trump atzean utzi nahi duten kide anbiziodunen artean. Trumpen bullying-a jasan izan behar duten errepublikano moderatuago eta erradikalagoek lehenengo aldiz ikusi dute aukera bullya salatu eta aurrera egiteko, negozio klasearen onespenarekin.

Kongresuak ere bigarren aldiz impeach dezake Trump; prozesua martxan dago jada. Bidenek bere gobernutik kanpo utzi ditu Sanders eta Warren zale ezkertiarragoak, eta, beraz 2021an, Obama 2.0 bat ikus dezakegu, «neoliberalismo normal baterako» itzulera «osasuntsua» izan daitekeen gero bati atea zabalduz.

Baina bilakaera horiek soilik baikorrak azalean direla esan dut arestian. Izan ere, badira oraindik oso errealitate kezkagarriak. Estatubatuarren %37ak sinesten du hauteskundeak demokratek ostu zizkiotela Trumpi. Black Lives Matterren manifestazio gehienik baketsuetan poliziak erabilitako bortizkeriarekin konparatuta, kongresuko inbasioan parte hartu zuen jendeteriarekiko azaldutako harrera ezin amultsuagoa, eskuinaren eta poliziaren arteko erlazio arrazistak bistan jarri ditu.

Zein puntutaraino Poliziaren liderrek inbasioa ahalbidetu zuten oraindik ez dago argi, baina matxinoek poliziarekin ateratako selfie batzuen argazkiak azaldu dira jada. Eta, oro har, langabezia indizeak gora doaz, pandemiaren hildakoak gora doaz eta txertoaren despliegeak erabat kaotikoa da oraindik ere. Bidenen gobernua ez da gai izango hori dena konpontzeko, eta, beraz AEBek polborin bat izaten segitzen dute. Are, hurrengoan ez da beharrezkoa izango Trumpek metxa piztea. Edozeinek edo ezerk eman diezaioke su; Kongresuaren inbasioa birusa bezain kutsagarria gerta daiteke. Kolpea geratu dute, oraingoz, baina «gerra zibilak» aurrera segitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.