Bretainiako muskuiluak tomate zukuarekin

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Iker Markinez.
2013ko urriaren 19a
00:00
Entzun
OSAGAIAK

4 pertsonarentzako osagaiak:

Kilo bat muskuilu

Bi tomate heldu

Bi baratxuri ale

Tipula bat

Ardo zuri basokada bat

Piper gorri hautsa

Perrexila

Tomate zukua prestatuko dugu lehenengo. Horretarako, tipula zuritu, pusketa txikietan moztu eta zartagin batean jarri, gatz eta oliba olio zorrotada batekin. Su motelean egingo ditugu.

Jarraian, baratxuri aleak xaflatan moztu, eta bertara bota. Guztia 15 bat minutuz erregosi. Ondoren, tomatea pusketatan moztu, eta zartagin berera gehitu. Ardo zuri basokada bat, perrexil pixka bat eta piper gorri hautsaren koilarakada bat ere gehitu.

Sua bizitu, eta beste 10 bat minutuz mantendu, nahastuz. Ondoren, sutik kendu eta pure-egitekotik pasa, eta gorde.

Lapiko zabal bat sutan ipini, oliba olio zorrotada batekin. Beroa dagoenean bertara muskuiluak bota, tapakia jarri zartaginari eta hiru minutuz su bizian eduki. Denbora hori nahikoa izango da muskuiluak irekitzeko. Jarraian, guztia iragazkailutik pasa, eta ateratzen den salda beste lapiko batera bota. Gordea dugun tomate zukua bertara gehitu, eta irakiten jarri.

Azkenik, muskuiluak ahalik eta gehien eta kontu handiz zabaldu, eta platerean kokatu, bata bestearen aldamenean. Bukatzeko, lapikoan dugun saltsarekin ongi busti. Garrantzitsua da muskuiluak prestatu bezain laster jatea, muskuiluen haragiaren egiturak eta zaporeak asko galtzen baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.