Elikadura. Errezeta

Tagliatelleak otarrainxka eta txirlekin

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Iker Markinez -

2014ko martxoak 22
OSAGAIAK

4 pertsonarentzako osagaiak:

400 gramo tagliatelle.

Zortzi otarrainxka.

Ziazerba sorta bat.

Bi dozena txirla.

Bi baratxuri ale.

Oliba olio birjina.

Kopa bat ardo zuri.

Esne gain basokada bat.

Gatza.

Lehenik, otarrainxkak zuritu, eta zartagin batean, oliba olio zorrotada bat gehitu eta otarrainxken azalak bota. Pare bat minutuz frijitu ondoren, ardo zuria gehitu, eta, ondoren, ur pitin bat.

Guztia bost minutuz su bizian irakin, eta irabiagailuaren laguntzaz irabiatu. Salda gerorako gordeko dugu.

Lapiko bat urez bete eta sutan jarri berotzen, gatz eta oliba olio pixka batekin. Irakitean, tagliatelleak gehitu eta bost bat minutuz irakiten eduki. Pasta al dente dagoenean, lapikoa sutik kendu, ur hotzean pasatu eta, ur soberakina ongi kendu ondoren, erretilu batean gorde.

Zartagin zabal batean oliba olio zorrotada bat jarri, eta, berotzen hastean, bi baratxuri aleak, aurrez zuritu eta txikituak, dantzan ipini. Kolore pixka bat hartzen dutenean, otarrainxkak gehitu —zati txikietan moztuak—. Jarraian, txirlak eta ziazerba ere gehitu.

Ondoren, gorderik daukagun salda guztia gehitu, eta, irakiten hastean, esne gain basokada ere bai. Bost minutuz irakiten eduki, eta tagliatelleak gehitu.

Ongi nahastu, eta, beroa dagoenean, jateko prest daukagunez, plateretara zerbitzatzea besterik ez da gelditzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna